Organo komun iraunkorra: iraganeko itzal mehe bat

PSNk EA eta CDNrekin 1995ean osatutako gobernuan, saio bat egin zuten EAErekin elkarlanerako esparru bat osatzeko. Gobernu hark porrot egin zuen, eta, geroztik antzeko ahalegin batzuk egin arren, gaia ia tabu bihurtu da Nafarroako politikan.
Javier Otano eta Xabier Ardanza, 1995ean, EAEren eta Nafarroaren organo komun iraunkorra sortzea hitzartu zuten egunean.
Javier Otano eta Xabier Ardanza, 1995ean, EAEren eta Nafarroaren organo komun iraunkorra sortzea hitzartu zuten egunean. OLALDE / EGUNKARIA

Iñaki Petxarroman -

2019ko abuztuak 4
Ez da lehen aldia alderdi abertzale batek eta PSNk koalizio gobernu bat osatzen dutena Nafarroan. 1995eko uztailean, Javier Otano PSNko buruak hartu zuen gobernuko lehendakaritza, EArekin eta CDNrekin koalizioa eginda. Lehen aldia zen alderdi abertzale bat gobernuan sartzen zena. Gobernu programan, gainera, EAEren eta Nafarroaren organo komun iraunkor bat osatzea aurreikusi zuten. Egitasmo horrek eta beste zenbait mugimenduk —Iñaki Cabases gobernuko presidenteordeak bulegoan paratu zuen ikurrinak, adibidez— UPNren berehalako oldarraldia ekarri zuten.

Horregatik, besteak beste, laburra izan zen organo komunaren historia. 1995eko uztailean hasi zen mamitzen, PSNren, CDNren eta EAren arteko Nafarroako gobernu akordioarekin, bi erkidegoen arteko egitura politikoa sortzea jaso baitzen alderdi haien konpromisoen artean. Nafarroako Parlamentuan lehenengo indarra UPN zen arren, PSNk, CDNk eta EAk, IUren kanpoko babesarekin, bazuten aski indar egitasmoa aurrera ateratzeko. Eusko Legebiltzarrean are handiagoa zen egitura komunaren aldeko gehiengoa, Eusko Jaurlaritza osatzen zuten bi alderdiak ez ezik —EAJ eta PSE— organoaren aldekoak zirelako EA eta IU ere. UPN ez ezik, HB ere egituraren aurkakoa zen, uste zuelako «lurralde batasuna ahultzeko» asmoa zuela akordioak.

Lankidetza organoa sortzeko lehen urrats ofiziala 1995eko urriaren 25ean egin zuten bi gobernuek. Akordio hartan, «norbere eskumenen esparruaren barruan interes komuneko arloetan lankidetza iraunkorrerako harremanak» bideratzea hitzartu zuten, besteak beste kulturan, hizkuntza politikan, hedabideetan, hezkuntzan, ekonomian, ogasunean, industrian eta merkataritzan. Bi gobernuek onespena eman zioten testuari: maiatzaren 13an Nafarroako Gobernuak, eta hurrengo egunean EAEkoak. Ekainaren 11n eman zion oniritzia Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, eta handik hiru egunera Eusko Legebiltzarrak.

Alabaina, organo komuna ez zen indarrean sartu ere egin, Espainiako Gorteen oniritziaren zain zegoelarik Otano auzia piztu eta Nafarroako Gobernua hautsi egin zelako. Gasteizko parlamentuak hitzarmenari oniritzia eman eta astebetera, epaitegiak Javier Otano Nafarroako lehendakaria (PSN) ikertzen ari zirela argitaratu zuen Diario de Navarra egunkariak, Suitzan haren izenean diru kontu susmagarri bat atzeman zutelako. Otanok dimisioa eman zuen, eta han bukatu zen hiruko gobernua, baita organo komunaren bizi laburra ere.

Organoaren aurkako ehiza

Gobernua sortu eta berehala hasi zen EAEren eta Nafarroaren arteko egituraren aurkako ehizaldia Nafarroako eskuin espainolistaren aldetik. Otanok berak, handik hamar urtera, jakinarazi zuen UPNko buruzagiek «mehatxu egin» ziotela kontu horregatik. Hau da, adierazi zioten agintaldia amaitzen utziko ziotela elkarlan egitasmoa bertan behera utziz gero. Otano eta harekin batera inputatutako PSNko buruzagi guztiak kargutik kendu zituzten gero, 2004an.

Gero izan ziren ahalegin ahul batzuk elkarlan esparru hura berreskuratzeko. Esate baterako, Otanori gobernuan jarraitu zion Juan Cruz Alli CDNko presidenteak mozio bat aurkeztu zuen parlamentuan EAErekiko beste hitzarmen bat egiteko. 1996ko urrian izan zen hori, baina handik gutxira izandako foru hauteskundeetan Miguel Sanz irten zen garaile, eta hark osatu zuen gobernua. Geroztik, UPNk mamu baten gisa haizatu du EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetza ituna.

2005ean EAk mozio bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan lankidetza ituna eskatuz, baina PSNk eta UPNk baztertu egin zuten. Gero, Carlos Txibite PSNko idazkari nagusiak Nafarroa Bairekin gobernu akordio bat egiteko 2007an gidatu zuen prozesuan —porrotean amaitu zen, PSOEk eten egin zuelako abertzaleekiko ituna— baztertu egin zuen organo komunaren antzeko egitura bat sortzea.

Loiolako elkarrizketak

Baina parlamentutik kanpo ere mugimenduak izan dira gai horren harira. Adibidez, ETAk 2006an su-etena eman ondoren Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa) izandako elkarrizketetan, mahai gainean izan zuten gai hori EAJk, PSOEk eta ezker abertzaleak. Hain zuzen ere, akordio zirriborro bat sinatu zuten hiru aldeek 2006ko urriaren amaieran, eta hartan, Espainiako legeriaren prozedurei jarraituz, printzipio batzuk hitzartu zituzten euskal gizartearen erabakimena gauzatu ahal izateko. Horrekin batera adostu zituzten Euskal Herriko hiru eremu administratiboen arteko harremanetarako formula orokor batzuk, EAEren eta Nafarroaren arteko elkarlanerako organoa barne.

Azkenean, baina, hutsean geratu zen, zirriborroari aldaketa batzuk egitea proposatu zutelako Batasuneko ordezkariek. Funtsean, hiru alderdiek Hego Euskal Herriko autonomia erkidego bakarrerako egitasmoa bultzatzeko konpromisoa hartzea, bi urteko epean. PSOEk ez zituen onartu aldaketa haiek, eta azaroaren 15ean hautsi zituzten negoziazioak, adostasunik gabe.

Azken agintaldian ere, nahiz eta Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k gehiengoa izan parlamentuan, ez dute egitasmo hori edo antzekorik berreskuratu. Aitzitik, Akitania-Nafarroa eta EAEren arteko elkarlana berreskuratu du Nafarroak. Itun horren aterpean, hiru esparruetako erakundeak elkarlanean aritu dira arlo jakin batzuetan —hizkuntza politikan, esate baterako—.

Orain osatzen ari den gobernua babestu duten alderdien arteko akordioan ere ez dute aipatu Euskal Herriko gainerako herrialdeekiko balizko elkarlan hitzarmenik egiteko proiektu zehatzik. Aitzitik, euroeskualdeko elkarlanean sakontzeko asmoa adierazi dute. Aldi berean, mugakide diren «erkidego guztiekin» alde biko harremanak sustatzeko borondatea adierazi dute gobernukideek, EAE aipatu gabe, eta «indarrean den legediaren errespetua» nabarmenduta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna