Albistea entzun

Ikurrin bat bada zeruan

San Sebastian bezpera eta eguna ikurrina aldarrikatzeko plaza izan ziren Donostian, frankismoan. 1967an, lortu zuten jai hasieran jartzea bandera; 1968an ere saiatu ziren, baina Poliziak urtarrilaren 18an harrapatu zituen.
Ikurrina, zintzilik, orduko Uztailaren 18a plazan, 1967an.
Ikurrina, zintzilik, orduko Uztailaren 18a plazan, 1967an. ZINKUNEGI SENDIA FUNTSA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko urtarrilak 19 - Donostia

San Sebastian eguna ospatuko dute bihar Euskal Herriko hainbat lekutan. Festari hasiera emateko, ikurrina ohiko atrezzoa da gaur egun Donostiako Konstituzio plazan, baina San Sebastian bezpera eta eguna banderaren aldarrikapen plaza izan dira urte luzez. Klasiko bihurtu da 1977ko urtarrilaren 19ko irudia: ikurrina mastatik zintzilik, bandera legeztatu eta biharamunean. Baina Gipuzkoako hiriburuan bertan izan dira beste San Sebastian bezpera esanguratsu batzuk ere, ikurrina protagonista izan dutenak.

Horietako bat da 1967ko urtarrilaren 19a. Juantxo Amilibia, Iñaki Mujika Arregi, Elias Anton, Jose Cruz Orkolaga eta EGIko beste gazte batzuek kable bat jarri zuten orduan Uztailaren 18a izena zuen plazan, eta gauerdian, festa hastearekin batera, ikurrina eskegi zuten plazan, bertara joandako agintari frankisten aurrean. Iruñeko sanferminetako txupinazoaren unean 2013an ikurrin handi bat udaletxearen aurrean jarri zuten arrantzale bizardunen aurretiko gertakaria. «Festa betean, Gaztelubideko danborrada hastear zela, bandera separatista bat agertu zen. Erabat lekuz kanpo dagoen gertakari bat izan zen, festa denona eta denontzat delako (...) Aztalka baliabide erridikulu eta ondoriorik gabea», idatzi zuen Unidad egunkariak biharamunean. Kexu azaldu zen El Diario Vasco ere, «donostiartasun gau» betean «bandera separatista bat» zintzilikatzeagatik: «Horrek erakusten du jarri zutenen eta jartzeko agindu zutenen psikologia falta». Egile ezagunik ez duen argazki batean jaso zuten festa hasieran haizatutako ikurrinaren momentua.

Euzko Gaztedi ikurrinaren aldeko ekintzak egiten ari zen azken urteetan. Ez soilik bandera ardatz: 1965ean, munduko pistako txirrindularitza txapelketa egin zuten Anoetako belodromoan, eta, txapelketa hasi aurretik, pintaketa handi bat egin zuten pista sortu berrian, Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko.

Atotxan eta Txofren

1967koan ez, baina hurrengo San Sebastian ospakizunerako saioan parte hartu zuen Mikel Irazusta Oleak (Donostia, 1948). «1967an ikurrina jarri zutenean, talde batean sartu ginen [EGIn]: Santi Arrospide, Patxi Goiburu, Migel Laskurain eta beste batzuk. Eskalatzaileak ziren, eta elizen dorreetan jartzen zituzten ikurrinak». Urte horretan zehar, ikurrinak bota zituzten ekitaldi ugaritan, «su artifizialak bezala»: Txofreko zezen plazan, Atotxako futbol zelaian... «Porlanezko hodi bat egiten zen, pintura pote bat sartzen zen metxarekin. Soka hori bat jartzen genion, pospolo burua amaieran, eta hiru-lau minutu irauten zuen». «Oso zientifikoa dena», dio, barrez: «Gero, ikurrina paraxutaren gisako batekin erortzen zen». Jokalari batzuk ikurrinak hartzekotan egon ziren, baina atzera egin zuten, badaezpada.

Estropadetan Kontxako bandera jokatzen zen egunean ere saiatu ziren; Francisco Franco diktadorea bertara joana zen, eta asmoa zuten badian ikurrinak aireratzeko, baina ezin izan zuten prestatutakoa bururaino eraman.

Huts egin zuen San Sebastian eguneko saioak ere. 1968ko urtarrilaren 20an, gauerdian, gauza bera egin nahi zuten: Konstituzio plazara ikurrin mordoa botatzea, airetik erortzea. Baina urtarrilaren 18an harrapatu zituzten, hurrengo eguneko ekintzaren prestaketa betean. «Zentro karlista zegoen alde zaharrean, eta hortik igo ziren bi, tartean nire anaia Xotero, motroilo horrekin. Orduan, normala zen igeltsero bat erreminta guztiekin joatea. Igo ziren, eta, han zirela, eraikineko atezainak ikusi egin zituen; balkoi batetik bestera joan ziren, eta Otaegi gozo dendako etxean sartu ziren. Bertako bizilagun bat atera egin zen, eta nire anaia Xoterok bere burua identifikatu zuen. Bultzatu, eta ospa egin zuen, baina ordurako, norbaitek abisua eman zuen».

Irazustak orduko «babes sarea» du gogoan: «Taldean 1967an sartu ginen; ETA bazegoen ordurako, pintaketak egiten zituen... Harremana zegoen. Ondoren, batzuk ETAn sartu ziren. Goi mailan agian bazen ezinikusi bat, baina gure artean ez. Herrian azpiegitura handia zegoen; hau ezkutatu, eraman, beste aldera pasatu...».

Manzanasen torturak

Kalean atxilotu zuten Irazusta, 1968ko urtarrilaren 18 hartan: «Bidean, orduko Victor Pradera kaletik [gaur egun, Easo kalea] ninderamatela, pentsatu nuen: «eskerrak ez garamatzaten Antiguara [Guardia Zibilaren kartela zegoen bertan]». Baina Amarara [Gobernu Zibilaren eraikinera] eraman gintuzten, eta han Meliton Manzanas [poliziaburua] zegoen». Garai horretan, ez zuen torturatua izatearen sentipenik eduki, baina haren testigantza jaso zuen Aranzadi elkarteak 1968: Gipuzkoa salbuespen egoeran liburuan: «Niri ez zidaten bainuontziarena eta halakorik egin. Baina kolpeak, denak. Batez ere, pertsonaren anulazioa zen; ni elbarria naiz, eta deuseztatzen zintuzten: kaka bat zara. Txikitu ninduten. Egurtu, bai; ostikadak hanka herrenean... Hiru egun egon ginen. Hortik Martutenera». Sinetsarazi zioten anaiak bultzatutako gizon hura hil zuela: «Hori ez da ahazten».

Irazustak bere buruari galdetu izan dio ea zer zentzu zuen «egurtzeak eta umiliatzeak»: «Dena zekiten. A zer klandestinitatea gurea! Txapelarekin ibiltzen ginen, ni herrena naiz... Gaztea nintzen, 19 urte, baina haiek beti izan dira profesionalak; poliziak dira, azkarragoak edo motelagoak, baina horretan egiten dute lan eta dena zekiten. Eta bete-betean harrapatu gintuzten». Garbi dauka galderaren erantzuna: «Basakeria hutsagatik egiten zuten». Horregatik, «mingarriena» izan zitzaion 2001ean PPren gobernuak Manzanasi ematea Terrorismoaren Biktimen Aitorpen Zibilaren Ordena. Gogoan du iltzatu zion beldurra: «Atxilotu eta gero, auto batean ikusi nuen behin. Begira hasi zitzaidan, eta izututa egin nuen atzera».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea hitz egiten hasi aurretik, atzo. ©BERRIA

EAJk eta PSEk oposizioaren zenbait zuzenketa partzial onartuko dituzte

Xabier Martin

30 milioi euroren balioa dute aurrera aterako diren proposamenek. EH Bilduk dio «errealitateak aurrean eraman» duela gobernua. EP-IUk «EAJren eredu politikoari» egin dio osoko zuzenketa
 ©GUILLAUME FAUVEAU

Ezkerreko abertzaleen Bil Gaiten talde politikoa aurkeztu dute 27 hautetsik

Ekhi Erremundegi Beloki

EH Baiko hautetsiek bultzatu dute elkargoko taldea, baina guziak ez dira barne izango. Hautetsien lana «errazteko» beharra nabarmendu dute

Aingeru Zudairek begi bateko ikusmena galdu zuen pilotakada baten ondorioz, artxiboko irudia ©Jagoba Manterola / Foku

Aingeru Zudaireren kasua aztertu zuen epailea Gironara lekualdatu dute

Isabel Jaurena

Fermin Otamendi magistratuak Nafarroako zenbait kasu esanguratsuren ikerketan parte hartu du: garbitzaileen sektoreko protesten ondorioz egon ziren atxiloketak, 'Osasuna auzia', 'Cervera auzia', 'Davalor auzia' eta Aingeru Zudaireren kasua.

Peio Etxeleku, lehen planoan, Elkarrekin Herriarentzat taldearen aurkezpenean. ©BOB EDME

«Pisua izan nahi dugu erabakietan, zatitu gabe»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan ikusten dituzten «akatsak» konpontzeko «kontsentsuak» lortu nahi ditu Etxelekuk talde politikoa sortuta. Baina «gehiengoak mugitu» daitezkeela dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.