Isiltasunetik lau haizeetara zabal dadin

45 urte bete dira Espainiako Poliziak Xose Ramon Reboiras hil zuenetik. UPGko militantea zen, eta Galiziako nazionalismoan arrastoa utzi zuen. Hari buruzko dokumentala ekoiztu du Alberte Merak, 'Reboiras: Acción e corazón'.

Xose Ramon Reboiras UPGko militantea eta sindikalista. MANUEL REBOIRAS.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Guztiz iltzatuta dauka memorian Ramon Reboirasek (Imo, Galizia, 1951) 1975eko abuztuaren 12 hura. «Etxera joateko esan zidan batek, Ferrolen (Galizia) zerbait larria jazo zelako. Anaia etorri zitzaidan segituan burura». Hain zuzen, Ferroletik kanpo zegoen hilerrira joan zen amarekin autoan, eta han topatu zuten Xose Ramon Reboiras Moncho-ren gorpua. «Guztiz biluzik zegoen, eta bizkarrean hiru zulo zeuzkan, balek eginak; kamiseta odol orbanez beteta zeukan». Joan den asteazkenean, 45 urte bete ziren Polizia frankistak Reboiras Union do Povo Galego UPG alderdi politikoko militantea erail zuenetik. 25 urte besterik ez zuen galiziarrak.

Lekukoek diotenez, Ferrolen, Reboiras, Elvira Souto eta Lois Rios argitalpen sindikalak prestatzen ari ziren Ponteseko langileentzat, hirurehun bat poliziak etxebizitza inguratu zutenean. Hirurek adostu zuten Souto eta Rios ondoko etxe batean gordeko zirela. Reboiras, berriz, ubide batetik eskalatu eta lasterkan hasi zen Polizia distraitzeko. Atzetik segitu zioten, ordea; tiroka hil zuten, hiru eman zizkioten, Terra kaleko 27. zenbakiko atariaren parean. Senideek 2010era arte itxaron behar izan zuten Espainiako Gobernuak Reboiras diktadura frankistako biktimatzat aitortzeko.

Urtero, Reboiras gogoratu eta hari omenaldia egiteko baliatzen dute abuztuaren 12a UPG alderdiak egun, BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren barruan dago eta Galiziako sindikatu nazionalak. «Baina, zoritxarrez, Galiziako gizartearen alde batek bakarrik omentzen du; izan ere, erakundeek haren historia isilarazi dute, menperatzaileek historiografia berridazten baitute», adierazi du Alberte Mera (Vigo, 1987) BNGko idazkari ohiak.

Politikagintzatik harago, ikus-entzunezkoen munduan ere lanean dihardu Merak. Hain justu, 45 urteren ondoren, «Reboirasen oroimena berreskuratzeko xedez», Reboiras: Acción e corazón dokumentala ekoiztu dueuskaraz azpidatzita dago. Hura gertutik ezagutzen zuten 29 testigantzarekin osatuta dago ikus-entzunezkoa: senideak eta militantzia politikoko kideak. Merarentzat, «bitxia» izan da horrelako pertsona baten historia isiltasunean gordeta edukitzea. «Omenaldi sinbolikotik kanpo ez da aitortzarik egin, eta beharrezkoa da Reboiras zein izan zen eta zer egin zuen kontatzea».

Dodro ondoko Imo herrixkan jaio ziren Reboiras anaiak. «Bizitza paraleloa izan genuen biok. Urtebeteko aldea genuen, eta asko babesten ninduen. Anaia bikaina nuen», dio Manuel Reboirasek. Alderdi guztietatik bizipen latzak igarotakoak izan ziren biak, hala jaioterrian nola militantzia politikoan. Aita arrantzalea zuten, eta bizitzarako baldintzak hobetzeko xedez, Vigoko Teis auzora emigratu zuten.

Moncho 15 urterekin eraikuntzan hasi zen lanean, eta berehala jabetu zen hizkuntza galegoa baztertuta zegoela, Galizia herrialde gisa «zapaldua» zegoela eta kapitalak eragiten zuela lan prekaritatea. Apurka-apurka, politika eta kultura arloan galiziar nazionalismoan kontzientziatuz joan zen. Anaiaren arabera, ez zen gaiak teorizatzekoaren aldekoa, baizik eta hausnarketak eta eztabaidak jartzen zituen erdigunean. «Pertsona konprometitua eta arduratsua zen», eta gaitasun horrek ekarri zion Galiziako langile mugimenduan bere arrastoa uztea.

1969an, UPG alderdi politiko nazionalista eta marxista galiziarrean militatu zen Reboiras. Diktadura frankistari aurre egiteko asmoz, UPGk estrategia bat planteatu, eta sindikalismoan eta arlo kulturalean fronte bat eratu zuen, «gizarte-sektore bakar bat ere ez zedin geratu alternatiba soziopolitikoetatik kanpo». Estrategia horretatik sortu ziren, besteak beste, Sindicato Obreiro Galegoeta laborari batzordeak. Reboirasek iraultza horretan parte hartu zuen. «Haren ekarpenak funtsezkoak izan ziren galiziar nazionalismoak eta sindikalismoak zutik iraun zezaten», zehaztu du Reboirasek.

Ingeniaritza industrialeko gradua egin, eta Barreiras ontziolan hasi zen lanean, non langileen lan baldintza zailak ezagutu zituen. 1972ko urrian, langileen greba egin zen Vigon, eta Moncho kapitalismoaren aurka zuzenean borrokan ari ziren entitate ezberdinekin batu zen. Meraren esanetan, Reboirasek «zeregin garrantzitsua» izan zuen bertan, «antolatzaile eta parte hartzaile gisa». «Zerbaitengatik dago heroi moduan hartuta».

Reboiras UPGko batzorde nagusiko eta batzorde exekutiboko kide izan zen. Horrez gain, 1973an eta 1974an, Galiziako talde sindikalen antolatzaileetako bat izan zen. Erregimen diktatoriala ezarrita zegoela eta, klandestinitatean egiten zituzten batzarrak. Estrategiak aurrera jarraitu zuen, Galizian zabalkunde bat izateraino. Hala eta guztiz ere, baliabideen faltan ziren egindako bideari jarraipena emateko. Merak dioenez, jarduera politikoak estatuaren kontrolik gabe jarraitu ahal izateko materiala konfiskatzea erabaki zuten. «Horretarako, dirua behar zuten, eta dirua lortzeko, berriz, armen beharra». Konfiskatze horiek gauzatzeko, UPGko sektore batzuk jarduera armatuen alde agertu ziren, eta Reboirasek horren ardura hartu zuen.

Dokumentalean aipatzen da zenbait mugimendu independentistarekin harremanak izan zituela Reboirasek materiala eskuratzeko, horien artean ETArekin. Besteak beste, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA politiko militarreko kide zenarekin batzartu zen, Madrilen. Handik gutxira erail zuen Poliziak Reboiras. «Galiziaren askatasunaren alde lan egiteagatik, estatu frankistak jazarria eta eraila izan zen anaia», atera zaio barru-barrutik anaietan gazteenari.

Ereindako haziaren fruitua

Erregimen diktatoriala desegiteko beldur, gobernuak errepresio «indartsua» ezarri zuen. Galiziako erakunde politikoentzat garai latza zen, nahiz eta Euskal Herriko eta Kataluniako alderdiekin dokumentu bateratuak ateratzen zituzten, diktadura frankistaren aurkako «alternatiba ez-erreformista» bat osatzeko xedez. «Anaiaren hilketa modu traumatiko batean gainditu genuen; gehienok estatuaren pertsekuzioa izan genuen, eta militante asko espetxeratu zituzten».

Biek ala biek diote ReboirasekGalizian estatu «aske eta justu» bat izateko bide orri bat idatzi zuela. «Haren nahia izan zen Galiziak politikarako baliabideak edukitzea hainbat sektoretan, hala nola sindikalismoan, ikasleen artean, kultura arloan eta subiranotasunean. Lorpen horien ondarea utzi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.