Ehun-ek Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu du hilaren 22rako

«Hondoratze jarraitua» eragozteko irtenbidea euskal errepublika dela esan du mugimenduak. 22ko eguerdian egingo dute mobilizazioa

Ehun mugimenduko kideak, atzo, hilaren 22ko mobilizaziora deitzeko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ehun-ek, euskal errepublikaren aldeko mugimenduak, egunak zeramatzan sareetan urriaren 22a gordetzeko eskatzen, eta atzo goizean jakinarazi zuten egun horretarako duten asmoa: Eusko Legebiltzarra inguratzera deitu dute, «krisiak gure bizitzatik erauzteko tresna Euskal Errepublika dela aldarrikatzeko». Eguerdian batuko dira, eta, hilaren 22a osteguna izanik, legebiltzarkideak osoko bilkuran egongo dira protesta garaian.

Ainhoa Gutierrezek eta Marta Machok xehetasun batzuk eman zituzten atzo egitasmoaren inguruan, Gasteizen egindako agerraldi batean. «Krisiez» mintzatu ziren, eta horien inguruan egituratu zuten mobilizazioaren beharra azaltzeko diskurtsoa: «Osasun krisia, hezkuntza krisia, zaintzen krisia, krisi ekonomikoa, krisi klimatikoa, errefuxiatuen krisia, kulturaren krisia eta krisiak besterik ez». Gutierrezen esanetan, duela hamarkada bat baino gehiago krisialdia «sortu eta sartu» zieten herritarrei, eta harrezkero «krisia erabiltzen dute herritarrok mehatxatzeko, beldurtzeko, diziplinatu eta domestikatzeko».

Horregatik, uste dute krisialdia dela «herritarrok gobernatu ahal izateko asmatu zuten gobernu forma berria», eta, haren «mehatxu etengabearen» bitartez, euskal herritarrei «sinetsarazi» nahi dietela «edozein apurrekin konformatu» behar dutela: «Edozein lan baldintzarekin konformatu, edozein osasungintzarekin konformatu, edozein hezkuntza, edozein pentsio, edozein agintari, edozein estatu, edozein monarkia, edozein bizitza, eta gure zaintzez emakume esplotatuak arduratu daitezela». Hortaz, egungo egituraketa ekonomikoa eta politikoa jarri dute jomugan: «Berdin dio nondik begiratu, berdin dio nondik aztertu: autonomismoak eta sistema ekonomiko honek etorkizun okerrago bat hitzematen digute beti, beti okerragoa den etorkizun hurbil bat zerumugan».

Egungo sistemaren «hondoratze jarraitua» eta euskal errepublika kontrajarri zituen Gutierrezek, lehena arbuiatu eta bigarrenaren alde egin: «Espainiako 1978ko erregimenak, bere monarkiak, bere marko autonomikoak, bere krisi eta agintariek, iruzurtiek, hitzontziek eta alfonbra saltzaileek alde guztietatik dakarten hondoratze jarraitua ikusirik, gure gorputzak eta lurraldeak askatzeko garaia iritsi da».

Ildo horretan, mugimenduak uste du «40 urtez bete gabe luzatu diren esperimentu autonomikoek» ez dutela balio «enpleguan, osasungintzan, hezkuntzan, hizkuntzan, zaintzetan, pentsioetan, elikaduran, energian» eta beste sektore batzuetan dauden erronkei aurre egiteko: «Herri gisa ditugun erronka horiei guztiei aurre egiteko, hemen eta orain, burujabetza behar dugu, benetako autogobernua, errepublika propio bat».

Urtebeteko jarduna

Iazko azaroan aurkeztu zuten publikoki Ehun mugimendu herritarra, euskal errepublikaren alde aritzeko asmoz. Aurtengo otsailaren 15ean egin zuten orain arteko mobilizazio nagusia: Euskal Errepublikaren Aldeko Eguna ospatu zuten hamabost udalerri eta auzotan.

Mugimenduaren helburua da euskal errepublikaren aldeko «gehi-engo zabala» sortzea, lehentasuna emanik «behetik egindako lanari eta konfrontazioari». Haren arabera, lan jarduera horrekin, «gehiengoari gustagarria zaion aurpegia» jartzen zaio aldarrikapenari. «Goitik ehundu nahi den independentismoak ez du independentistarik sortzen; behetik ehuntzen denak, bai». Ondorioz, «agenda eta erritmoa markatzeko gaitasuna duen euskal errepublikaren aldeko mugimendu herritarra»sortu behar dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.