Albistea entzun

Izpegiko pasabideari, mugarik ez

Nafarroaren zatiketa salatzeko, berrehun lagunetik goiti bildu da Izpegiko lepoan. Frantziaren okupazio militarra ere gaitzetsi dute
Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko.
Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko urtarrilak 24

Ikusmenak ikusten uzten duena osoki ikusi nahi ez delarik, bista mugatua da. Izpegiren (Baigorri, Nafarroa Beherea) magal batekoek eta bertzekoek ez dute beren burua elkarren bertze ikusten. Behe lainorik gabe, Hauzaren gaina gaitzak hortzak argi erakutsi ditu: lepoan 250 bat lagunek salatu baitute bidearen mozketa, «Herri bat gira, mugarik ez eta Indar okupatzaileak kanporat!» pankartek lagundurik.

Lorea Lapeyrade Brust baigorriarrak aitortu du biziki kexu dela. Egun guziez baliatzen du Nafarroa Garaia eta Beherea josten dituen bidea, Lekarozen (Baztan, Nafarroa) bizi baita, eta lanean sorterrian ari: «Jin naiz hona zeren eta ezartzen baitizkigute mugak ez diren tokian, eta, oraino, aldi honetan pasa naiteke. Lehen aldian hetsi zutelarik, enetzat lehen aldia izan zen muga bat bazela. Guretzat ez da mugarik hemen; haiek ezartzen dizkigute, baina guretzat ez da horrela».

Nafarroako eta presoen etxeratzearen aldeko banderen eta ikurrinen uhin haizetsuetatik ez urrun, Guardia Zibilaren autoa isilik da, berak ikusten duen marra ikusezinaren barrandan.

Intza Bidart baigorriarra okupazioa pairatzen duela salatzera igan da Izpegirat, bertzeak bertze, azkenaldian 60 bat militar baigorriratu baita: «Okupazioaz gain, muga hori hestea... Ez da mugarik guretzat. Ez dugu ez ulertzen, ez ere onartzen. Ez, ez da mugarik».

Mobilizazioaren hondarrean, «Militarrak aire hemendik!» zioten banderolak banatu dituzte.

Bidartek, Erratzun (Baztan, Nafarroa) bizi denez, eguneroko ibilbidearen parte du bidea: «Hemendik pasatzen gara izan lanerako, izan arrazoi sozialengatik, familia ikustera joateko... Ez da onargarria hemen hesi bat ezartzea, militarrak egotea hemen jendea kontrolatzen». Ikusiak ikusi, deliberatu du berdin segitzea: bidea erdizka moztu duten horren ez ikustea: «Horiek inposatu edo ez, hemendik pasatuko naiz, eta behar baldin bada muga hori eskuz hautsi ere bai; autoarekin pasatzen naiz nahi dudalarik. Ez da muga bat, bide bat da, mendi tontor bat; ez da muga bat: Euskal Herria bat da eta osoa, eta ez dugu independentzia lortu oraino, baina esperantza atxiki behar da. Berriz ere oztopo bat ezartzen digute oroitarazteko horiek dutela indarra eta boterea, eta gu hemen gara erakusteko herri bat garela».

Mugaz duda-muda guti

Jendea juntatu da. Osasun krisiak libertatea mugatzen badu ere, Gaineko benta inguratu dutenek hartu egin dute mobilizatzeko askatasun hori, aspalditik ezin ikusi dituzten lagunak agurtzeko. Horretara hurbildu da Xabi Torres Baztango Udaleko zinegotzia: «Etorri naiz etxean nagoelako eta badaudelako aspalditik ikusten ez ditugun lagunak, eta ospatzeko gogoak ere badira. Batez ere etorri naiz lotsaturik hartzen diren neurriekin, zeinen errazki jartzen dizkiguten guri mugak ezer ez bagina bezala, nahi duten momentuan». Haren iritziz, iduri du azkenaldian «inoiz baino errazkeria handiagoz» ari direla mugak jartzen, eta uste du egoera baliatzen ari direla: «Hori salatzeko, gure lagunekin bildu gara; Baigorriko lagunekin batera, Zugarramurdiko lagunak ere ikusi ditut. Aspaldi gogoz ikusteko jende horrekin bildu gara».

Urtarrilaren 14tik, ofizialki hetsiak behar dute zortzi pasabideek. Izpegin lerro bakarra hetsi dute oraingoz, ibilerari traba handirik egin gabe. Prefetaren erranetan, otsailaren hondarrera arte hala segituko dute. Iragan asteburuan hasi, eta atzoko mobilizazioak segida izanen du: otsailaren 6an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskal presoen eskubideen alde joan den urtarrilean Donostian egindako protesta. ©JON URBE / FOKU

Hiru preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ainhoa Barbarin Iurrebaso da Euskal Herrira ekarriko dutena: Zaballara ekarriko dute, Valentziatik. Xabier Makazaga Azurmendi eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi A Lamatik El Duesora mugituko dituzte, eta Ana Belen Egues Gurrutxaga, Kordobatik Asturiasera.

Fernando Grande-Marlaska eta Josu Erkoreka, gaur, Gasteizen. ©EUSKO JAURLARITZA

Espetxe eskumenaren transferentziaz aritu dira Grande-Marlaska eta Erkoreka

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain

Espainiako Barne ministroa Gasteizen izan da gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin bilduta. Aitor Estebanek esan du espetxe eskumena «Aste Santua baino lehen» eskualdatu beharko luketela.

Ezkerretik, Xabier Madariaga, Roberto Moreno eta Pilar Kaltzada, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Haur motxiladunen arazoari heltzeko ikuspuntua aldatzea beharrezkoa dela diote adituek

Gotzon Hermosilla

Adituek uste dute gurasoren bat edo biak espetxean dituzten umeen arazoari heltzeko beharrezkoa dela ikuspuntua aldatzea, umeen beharrak beste edozein irizpideren gainetik jarriz.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Gasteizen izanen da martxoaren 4ko ekitaldian. ©Emilio Naranjo / EFE

ETAren armak suntsitzeko ekitaldi sinboliko bat eginen du Espainiako Gobernuak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolatu du ekitaldia, martxoaren 4rako. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea han izanen da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.