Pedagogia ardatz, indarrak batu

Hizkuntza gutxituetan ikasmateriala ekoizteko dituzten mugez eta erronkez eztabaidatzeko elkartu dira Korsikako, Okzitaniako, Bretainiako eta Ipar Euskal Herriko adituak, Baionan.

Pantxika Maitia moderatzailea, Jean Baptiste Paoli, Delphine Le Bras, Herve Couture eta Aines Dufau, Ikas-ek atzo antolatu hitzaldian, Baionan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Egoera soziolinguistiko arrunt desberdinak bizi dituzte leku batetik bestera, baina denek erronka bera dute: hizkuntza gutxituan ikasmateriala ekoiztea, hizkuntza biziberritzeko anbizioarekin. Bretainiatik, Korsikatik, eta Okzitaniatik etorri ziren, atzo, Ikas Ipar Euskal Herriko pedagogia zentroak antolatu mintzaldian parte hartzera. Izan ere, herrialde horietako ikasmaterial argitaletxeetako ordezkariak izan ziren Baionan, leku bakoitzean ikasmaterialgintza zertan den esplikatzera.

Delphine Le Bras etorri zen Bretainiako TES argitaletxetik. Frantziako Hezkuntza Ministerioko Canope argitalpen sareko adar bat da, eta bretoieraren irakaskuntza sustatzeko ikasmateriala sortzea du helburu. Hizkuntzaren irakaskuntzaren egoeranahiko «kezkagarria» da: 18.000 ikaslek ikasten dute bretoieraz eredu elebidunean edo murgiltzean, 570 ikastetxetan. Eremu oso zabala hartzen dute, eta, gainera, Euskal Herrian bezala, banaketa administratiboa oztopo zaie. «Lau erronka nagusi ditugu: ikasleen hizkuntza mailari egokitutako tresnak sortzea, programak aldatu arau berrerabilgarri izan daitekeen materiala sortzea, bretoierazko irakasleak laguntzea, eta eskaintza numerikoa garatzea», esplikatu zuen Le Brasek.

Korsikan, «kinka biziki txarrean» da hizkuntza, Jean Baptiste Paoliren arabera. Canope argitalpen sarean egiten du lan, korsikerazko materiala argitaratzeko sailaren arduradun. Zenbaki kezkagarri bat eman du: familian egiten den transmisioaren heinak ez du %2ko langa gainditzen. Haatik, egoera ikusiz, «ahalak» badituztela erran du. Korsikako Asanbleak, kasurako, urtero 300.000 euroko diru laguntza ematen die, argitalpen oro bere gain hartuz. «Eman dezake desoreka bat badela hiztunen eta ahalen artean, baina presio politikoaren eta lurraldeko antolaketa bereziaren emaitza da», adierazi zuen. Bretainiako kasuan bezala, erronka nagusia da iraunkorra den materiala ekoiztea, programen aldaketen gainetik.

Okzitaniaren kasuan, Capoc egitura dute, hura ere Canope sarearekin loturan. Herve Couture arduradunak azaldu zuen haien zailtasun nagusia Okzitaniaren zabalera zela: «22 departamendutan badira hiztunak, eta adar bakarra dugu Biarnon, Pauen. Hizkuntzaren biziberritzea beharrezkoa dugu, baina eremu hain zabala hunkitzea zaila da». Diru laguntza guti dute erakunde publikoetatik: 180.000 euro urtean, 22 departamendu eta bi eskualde hunkiturik.

Aines Dufau Ikas pedagogia zentroko zuzendariaren arabera, «ezinbestekoa» da elkarren arteko loturak egitea, eta, hain zuzen, atzoko mintzaldia elkarlan baten «abiapuntu» izanen dela espero du. Dufau: «Ohartzen gara egoera soziolinguistikoa larria dela denetan. Baina ikusten dugu badela nahi bat sail elebidunean eta murgiltzean aritzeko. Legeak oztopoak ematen ditu, eta hori da gure erronka handia».

Hizkuntza politikak lagun

Hizkuntzen erakunde publikoetako lehendakariak ere joan ziren atzoko mintzaldira. Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikokoa, Jean Luc Armand Okzitanieraren Erakunde Publikokoa, eta Fulup Travers Bretoieraren Erakunde Publikokoa mintzatu ziren. Denek bat egin zuten errateko legezko babesa «ahulegia» dela.

Hala, hizkuntzaren irakaskuntza lehentasunetan dute hiru egiturek, eta, tartean, ikasmateriala babesteak duen garrantzia azpimarratu zuten. Bestalde, eskola ibilbide osoan hizkuntza gutxitua irakasteko «erronka» handia da horien hitzetan. «Erronka handia dugu bigarren mailarekin; baliabide guziak martxan ezarri behar ditugu indartzeko, besteak beste ikasmateriala sortuz», ondorioztatu zuen Kurutxarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.