Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Kurdistango yezidiak gogoan

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko uztailak 29

Berehalako kazetaritzaren sasoiotan, albistearen garrantzia sareetan izandako oihartzunak neurtzen duenean, gertakari potoloenak baino ez ditugu komentatzen bizpahiru egunez. Baina utziko didazue uztaila amaitu eta abuztua hasteaz bat berriz 2014a ekartzen. Datorren ostiralean izango da data, eta une hartan kale egin genuen guztiok bereziki aintzat hartu beharko genuke.

Azken batean, oporretan geunden gehienok, eta itsusia da jai giroan zabiltzala inor gerrak, sarraskiak eta hilak aipatzen ibiltzea. Baina bazebilen salaketarik bazterrotan, bazegoen elkarretaratzerik, hiri eta herrietako jaietan ageri zen pankartarik. Denek Gaza zuten hizpide, Israel berriz ere bonbardatzen ari zen eta egunero-egunero ume hilen irudiak zetozen. Hondamendiaren konparazioak egitea ez da ariketa zuzena, badakit, zelan neurtu samina eta bidegabekeria? Baina hain zen mingarria bataren aurkako etengabeko protesta eta bestearekiko isiltasun iraingarria.Estatu Islamikoko jihadistek Sinjarri eraso zioten abuztuaren hasiera hartan. Historia liburuetan dago gerokoa: gizonak eta mutikoak sarraskitzea, emakumeak eta umeak bahitzea, sexu esklaboen salmenta, bortxaketak eta bortxaketak... Gure utzikeria ere liburuetan agertuko ote da? Atzera begiratze hutsa ere ez da dena, Sinjarren eta segidan Kobanen egondako sarraskiak euskal elkartasuna apur bat piztu du —beste zenbait kausaren aldean tamalez oso txikia izan arren, paradoxikoki hizkuntza eta kultura gutxitua dituenak gehien estimatu beharko balitu ere—. Datorren astean Kurdistanera doa Durangoko emakume ordezkaritza bat, hango egitasmoei bultzada ematera —biba zuek!—.

Nadia Muradek Europako Parlamentuaren Sakharov saria jaso zuen, eta Nazio Batuen Erakundean egon zen. Alemaniak ehunka yezidi emakume eta familia hartu eta artatu ditu. Abuztuaren 3a ekintzarako nazioarteko egun deitzeko eskatu dute, baina okerrena dena: yezidien genozidioa ez da liburuetarako soilik. Orain bertan ere indarrean da, egunotan Deutsche Welle Alemaniako telebistak gogorarazi duen legez. Kocher elkarrizketatu du, bahitu ostean behin eta berriz saldu eta bortxatutako emakumea. Bi urte izan zen esklabo, umeak ere gatibu zituztela. Berarekin ditu lau alaba, beste hiru umeren berri ez dauka. «Bereiziz gero nor ziren ahantz ez zezaten, izenak tatuatzen hasi nintzen umeen besoetan kedarrarekin». Harik eta jihadistek beste tatuajeren bat ikusiz gero besoa moztuko ziotela esan zioten arte. Alaba nagusiak izen erdi baino ez dauka tatuatuta.

Dena aldatu zen abuztuaren 3an: genozidioak bizirik irten zirenen autodefentsa ere ekarri zuen. AEB Ameriketako Estatu Batuek babestutako pexmerga kurduen abandonua ere agerian gelditu zen, eta ordura arte jaramonik egiten ez zieten gerrillari iraultzaile ezkertiarrengan jarri zuten begirada lehen aldiz: Siriatik Irakera sartu, tiro egin, kostu humano itzelarekin korridore bat zabaldu, eta mendian babes hartu zuten —eta egarriz hiltzen ari ziren— yezidiak salbatu zituzten, AEBetako helikopteroek lagunduta. Abdulla Ocalanen ideiekin bat egin zuten laster askok: antolakuntza eta autodefentsarako oinarriak gerrillariekin batera trebatzen hartu zituzten. Sinjar berreskuratzean, bertako musulmanen exodoa ere gertatu zen, egia da. «Gure auzoak ziren, elkarrekin egoten ginen eta egun batetik bestera jihadistengana saldu gintuzten, gu hiltzera eta bortxatzera etorri ziren horiekin nola biziko gara?». Irakeko Kurdistan autonomoak ere babes handirik ez zien eman, musulmanak izan ez eta PKKren ideiak zekartzaten haiei. Hala, iazko erreferendumaren porrota salbazio ere izan zen paradoxikoki askorentzat.

Nahiz eta Sinjarreko milaka urteko yezidi historia luzearenak egin duen, epe laburrean gauzak sako aldatu ezean. Etxea hondatu eta auzo musulmanek ostu zieten zutena, eta erbestera jo dute ia yezidi guztiek. Ikusteko dago Trumpen administrazioak iragarri duen gutxiengo erlijioso mehatxatuen babesa yezidientzat ere baden ala kristauentzat baino ez. Kochar-en familiak Australiara joateko aukera dauka. «Jainkoak nahi badu eta falta diren umeak itzultzen badira, berehala joango gara. Nahikoa izan dugu Irakekin». Bost mila eraman zituzten, asko hil ziren eta askok lortu dute askatasuna. Baina ehunka daude gatibu oraindik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dnipropetrovsk eskualdeko Marhanets hirian eraikin baten irudia, herenegungo bonbardaketaren ondoren. ©EFE

Hamahiru lagun hil dira Ukraina ekialdeko bonbardaketetan

Zuriñe Iglesias Sarasola

Eremu hondatua Zaporizhiako zentral nuklearretik hogei kilometrora dago. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esan du ez dagoela berehalako mehatxu nuklearrik

Eskoziaren independentziaren aldeko hainbat ekitaldi egin dira urteotan. Irudian, 2018ko abuztuan Glasgown eginikoa; 35.000 herritarrek parte hartu zuten. ©EFE
 ©NOS DIARIO

«BNG izan liteke PPren alternatiba 2024ko hauteskundeetan»

Maria Obelleiro

'Nos Diario'-ri emandako elkarrizketan, Galiziako estatutuak Xuntari eta Parlamentuari ematen dizkien ahalak eta eskumenak «barrendik hustu» izana egotzi dio Beiras buruzagi nazionalistak Feijoori.
Martxo bukaeran 1.200 metro koadroko izotz plaka bat askatu zen Antartika ekialdean, eta icebergetan zatitu. ©NASA

Antartikako izotza salbatzeko, garaiz da, baina azken aukera izan liteke, zientzialarien arabera

Mikel P. Ansa

Batez besteko tenperatura bi gradu igoko balitz, munduko izotz geruzarik handiena urtzeko prozesua bizkortu egingo litzateke, eta horrek itsasoaren maila hazaraziko luke: bost metro ere haz liteke 2500erako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...