Koronabirusa munduan

Ekuador, gerta daitekeenaren ohartarazpen

Ekuadorren gertatu bezala, Latinoamerikako gainerako herrialdeetan ere osasun sistemak kolapsatuko diren beldur dira adituak

Langile talde bat kartoizko hil kutxak pilatzen, Ekuadorko Guayaquilen. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Koronabirusak hildakoen kopurua nabarmen hazi da azken egunotan Ekuadorren, eta zendutakoen bat-bateko gorakadak gainditu egin ditu osasun sistema eta hileta zerbitzuak Guayaquil hirian, herrialdeko metropolirik handienetan bigarrena. Adituek uste dute Guayaquilgo egoera Latinoamerikan hedatu daitekeenaren adibidea izan daitekeela. Ekuadorrek erakutsi du zenbateko hondamendia eragin dezakeen COVID-19ak, gizarte desberdintasun sakonak, gabezia handiko osasun sistemak eta ekonomia ahulak dituzten herrialdeetan.

Latinoamerikan, koronabirusarekin hildako kopuru handiena du Ekuadorrek biztanleko. OME Osasunaren Mundu Erakundearen atzoko datuen arabera, 7.200 baino gehiago dira kutsatuak, eta 315 COVID-19 gaitzak jota hil direnak. Horietatik, 307 azken hamar egunetan baieztatu dituzte; erdiak baino gehiago, Guayaquilen. Hiriko agintarien aurreikuspenak ez dira baikorrak, eta udalak bi hilerri egingo ditu. 12.000 hobi gehiago.

Heriotzen bat-bateko gorakadak gainditu egin ditu agintariak Guayaquilen. Osasun sistema kolapsatu egin da. Gorpuak pilatu egin dira erietxeetan, gorputegietan eta herritarren etxeetan. Garairik onenetan ere baliabide eskasia izaten du osasun arretak, eta, koronabirusaren agerraldiarekin, gaitzak eragindako krisiari erantzun ezinik ibili da.

Hildakoen senideek egunak behar izan dituzte gorpuak eskuratu ahal izateko, eta, lortu ondoren, ehorzteko zailtasunak izan dituzte, hilkutxen eskasiagatik. Krisiaren tamaina ikusita, fruituen esportaziorako kaxak egiten dituen enpresa batek kartoizko hilkutxak egiteari ekin dio, beharra duten familiei emateko.

Egoera ekonomikoa ere larria da. Behargin askok lanera joaten jarraitzen dute, eta itxialdirako agindua urratzen dute egunero, bizirik iraun ahal izateko. Gobernuak zenbait laguntza onartu ditu legezko kontraturik gabe ari diren langileentzat: 60 dolar hileko. Baina laguntza hori ez da nahikoa oinarrizko beharrak asetzeko; are gutxiago produktu eskasiarengatik prezioek gora egin dutela aintzat hartuta.

Koronabirusaren kutsatzea Amerikan «oso azkar» areagotzen ari dela ohartarazi du Osasunaren Erakunde Panamerikarrak, eta gobernuei eskatu die «abiadura berean» prestatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.