Albistea entzun

Euskara aireratu dute Seguran

Uemak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute Seguran. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok udalerri euskaldun guztiak Uemaren parte izatera animatu ditu.
Iraitz Lazkano erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariak atzean dituela, atzo, Seguran.
Iraitz Lazkano erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariak atzean dituela, atzo, Seguran. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko maiatzak 15 - Segura

Euskara airean sumatzen zen atzo Seguran (Gipuzkoa), eta ahoz aho zerabilten bertaratutakoek, euskara ari zuen. Segurarrek dioten gisa: Euskara aiden! Horixe izan zen atzo, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatuta, Seguran bertan egin zuten Udalerri Euskaldunen Egunaren leloa ere. Dozenaka lagun elkartu ziren euskara aireratzeko eta udalerri euskaldunen egitekoari aitortza egiteko.

Egunari Uemaren batzar nagusiarekin ekin diote. Bertan izan dute hitzordua Uemako 94 herrietako udal ordezkariek. Tantaka-tantaka iritsi dira 10:00etarako Baratze pilotalekura. Eta kartelak gora eta behera, bozkatu dituzte Uemaren jardueraren inguruko ohiko kontuak. Gainera, 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren emaitzak jakiteko aukera ere izan dute.

Bitartean, kultur etxean, hikaz eta hika aritu dira hitanoari buruzko jardunaldietan. Seguran, Usurbilen eta Oiartzunen (Gipuzkoa) hitanoaren erabilera sustatzeko martxan jarritako ekinbideak azaldu dituzte, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Garbiñe Bereziartuaren ahotik, Euskararen normalizazioa eta hitanoa hitzaldia izan dute entzungai. Kokatzeko, datuak eman ditu, Azpeitian (Gipuzkoa) egindako neurketei erreferentzia eginez. Genero arrakala nabaria da; alegia, emakumeek gutxiago egiten dute, batez ere, adinean behera egin ahala: «Beti gizonak nagusi, bai egiten, bai jasotzen eta aditzen ere bai».

Eta zerk eragiten du batzuek hitanoa erabiltzea eta besteek ez? Gazteen kasua aztertu dute. Batez ere, hizkuntzarik «erosoena» euskara izateak, gurasoek eta senideek hika egiteak, baita ikaskideek eta ikastetxeko langileek toka edo noka erabiltzeak ere: «Goitik beherako transmisioak adinako pisua eduki dezake parez parekoak».

Erabilera —edo haren falta— ez ezik, hitanoaren dilemak ere hizpide izan ditu Bereziartuak. Batetik, binarismoa: «genero banaketa binarioa egiten du. Gaur egun, banaketa binario hori motz geratzen ari dela ematen du. Horrekin zer egingo dugu? Nik ez daukat erantzunik». Uste du jokaera bateraturik edo diskurtsorik ez dela eraiki , «esperimentazio fase batean» daudela. Bestetik, komunikabideen egitekoaz ere mintzatu da. Hitanoak izan beharreko presentziak sortzen dituen zalantzak aitatu ditu. Idatzizkoetan, esaterako: «Esaten da prosa idatzi behar denean ez dakigula hartzailea zein izango den; orduan, hika ezin dugu erabili. Elkarrizketetan berez bai, baina kazetariak kazetari lanetan ari denean ezin du islatu elkarrizketatzen ari den pertsonarekin zein harreman mota daukan». Orduan, hitanoak komunikabideetan ba al dauka tokirik? «Ez dakit erantzuten, landu beharko da, eta ikusi, baina hitanoa indartu nahi bada, oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea, eta edozer gauzari ikusgarritasuna emateko, komunikabideak tresna ezin hobeak dira».

Herri euskaldunen balioa

Eguerdirako, Segurako plaza atondua dute ekitaldi nagusirako. Hantxe elkartu dira euskalgintzako eragileak eta ordezkari politikoak. Besteak beste, Iraitz Lazkano Uemaren lehendakariak hartu du hitza. Esan duenez, Euskal Herriko 188 udalerri dira euskaldunak; alegia, herri horietan herritarren %70 baino gehiago euskaldunak dira. Horien garrantzia mahai gaineratu du: «Egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak».

Uemak guztiengana iritsi nahi du, sarea zabaldu: «Elkarrekin, egin dugun lanaren eta bidean bildu dugun esperientziaren harrotasunez, baina baita apaltasunez ere, eskua luzatzen diegu, eta eskaera zehatza egin Uemara batu daitezen». Horretarako beharra nabari dute: «Gaur euskara ari du. Euskara ari dek. Euskara ari den. Goazen indarrak batzera eta Uema askoz gehiago sendotzera, bihar ere, euskarak aiden segi dezan udalerri euskaldunetan».

Goizeko ekitaldien ostean, egitarauak ez du etenik eduki. Besteak beste, bazkaria, puzgarriak eta Bada giro! taldearen erromeria izan dituzte aukeran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Gatika eta Frantziako Cubnezais arteko itsaspeko goi tentsioko argindar kableak aurki jasoko ditu baimenak. Haren aurkako mugimendua sortu da Mungialdean, eragingo dituen kalteak eta ordezkatzen duen eredua salatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneko kideak, Hendaian. ©

Amonarriz: «Guretzat, aurtengo biltzarra historikoa izan da»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Artetxea, Biltxoko, Mintza Lasai, Ote Lore eta Zabalik elkarteak Topaguneko bazkide egin dira. Euskara elkarteen saretzea eta erabilera bultzatzea azpimarratu dute helburu gisa.

Nafarroako zahar etxeetako langileak, atzo, Iruñean, protestan. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Egoitzen kudeaketa salatu dute langileek eta senideek

Edurne Begiristain

Nafarroan greba egin dute ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta, lan ituna lortzeko. Gasteizen, Babestu Arabak zaintza eredu berri bat eskatu du

Iraitz Lazkano erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariak atzean dituela, atzo, Seguran. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Euskara aireratu dute Seguran

Irati Urdalleta Lete

Uemak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute Seguran. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok udalerri euskaldun guztiak Uemaren parte izatera animatu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...