Otegik ziurtatu du EH Bilduk «magia» egingo duela bozetan

Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Bilboko Areatzan, duela hamabi urte leku berean Bildu plazaratu zutenekoa gogoratzeko

Arnaldo Otegi, atzo, Bilbon egindako ekitaldi politikoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
xabier martin
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bilduren sorreran parte hartu zuten hiru alderdietako ordezkariek hartu zuten hitza koalizioaren urteurrena gogoratzeko ekitaldian, atzo: Arkaitz Rodriguez (Sortu), Eva Blanco (EA) eta Oskar Matute (Alternatiba). Duela hamabi urte, Areatzako oholtzan izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia eta Pello Urizar EAko idazkari nagusi ohia ere, eta biak ala biak egon ziren Bilboko ekitaldian. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarena izan zen hitzaldi nagusia. «Duela hamabi urteko gau horretan magia egin genuen: etxe bat, babesgune bat eraiki genuen Euskal Herriarentzat, irekia eta konprometitua», esan zuen.

Otegik azaldu zuen duela hamabi urte «11 pertsonak» erabaki behar zutela Bildu hauteskundeetan lehia zitekeen ala ez. «Etxe hau ez da sigla batzuk; eskaintza bat da, herrialde hobea eta bidezkoagoa eraikitzeko proiektu bat», erantsi zuen. Koalizioaren helburua «eskubide bereko herritarren euskal errepublika» lortzea dela azpimarratu zuen, «Ebrotik Aturrira», eta koalizioa azpiratu nahi dutela ohartarazi, «lurrez, airez eta itsasoz», proiektu horrek «ez duelako botereen babesa, ezta komunikabideena ere».

Otegiren arabera, «batzuen ametsa» da EH Bildu ahultzea; koalizioa «arrisku nagusia» ei da haientzat, «herria EH Bilduk antolatzen duelako, kontzientziarekin». Abisu eman zien horiei: «Ez dute lortuko, gure proiektua oso sustraitua dagoelako herrian».

Adierazi zuen «ezker independentista magia egiteko gai» dela, «duela hamabi urte bezala». Koalizioa sortu zenean «euskal magia herritarra» egin zuten eragile horiek, Otegiren hitzetan, eta maiatzaren 28ko hauteskunde deialdiarekin lotu du gaitasun hori: «Magia egingo dugula sinetsita nago, herri eta hiri askotan. Behekoek irabaziko dute, eta jai herritarra egingo dugu leku askotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.