urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Errepideak Europan, eta Euskal Herrian

2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Azkenaldian eztabaida handia izan da —beste behin ere— errepideak eta bidesariak direla eta. Antzekoak diren bi errepidek igarotzen dute Gipuzkoa, ordaindutakoa bata, doakoa bestea, eta ezin konplikatuagoa dirudi erakundeentzat horiek kudeatzeak. Izango dira zailtasunak, zalantzarik gabe, baina han-hemen ibili denak badaki funtsean bideon finantzaketa kudeatzeko sistema pare bat daudela: erabilitako distantzia ala erabiltzeko denbora ordainaraztea.

Bazterrotan ezagutzen ditugun bidesariak, ordainleku eta guzti, Frantzian eta Italian erabiltzen den sistema bezalakoak dira. Europara edonora joateko halabeharrez mila kilometro inguru behar ditu Frantzia zeharkatzeko, eta, ordainpeko errepideak hartu ezean, askoz ordu gehiago beharko lituzke. Bordeletik Poitiersera posible da Anguleman barna dohainik egitea tartea N10etik A10 autobidea hartu gabe, baina horixe da dena. Proventzatik Italiara joateko, Alsazia edo Lorrenatik Alemaniara edo Normandiatik Belgikara, ezinbesteko bihurtzen da 80 euro inguru gordetzea Frantzia igarotzeko.

Beste herrialde latino handien antzera, Espainiak ere bidesarien bidea hartu zuen, baina ez erabat: zenbait errepide erabiltzea ordaindu behar bada ere, bere lurraldearen zatirik handienean ibiltzea, Gaztelan eta Andaluzian, dohainik da (Armiñondik Burgoserako bidea falta zen, eta abendutik aurrera doan izango da). Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan, berriz, ordaindu beharreko hainbat autobide daude, frantses estilora: ordainlekuak eta bidesariak.

Egindako distantziaren arabera ordaintzea da Frantzia, Italia edo Euskal Herriko errepide horien printzipioa. Gertatzen da, baina, Euskal Herrian badirela doakoak diren bide bizkorrak ere, eta posible dela ezer ordaindu gabe joatea Bidasoatik Armiñoneraino (eta, beraz, ia Afrikaraino). Desoreka horrek, bistan da, doako bideetan askoz ibilgailu gehiago ibiltzea dakar, bideok higadura handiagoa izatea eta euskal herritarren zergek ordaintzea. Bidesariak ezarriko balira ere, etxekoak dira sistema horretan gehien ordaintzen dutenak, kamioilariek 1 Nazionalaren kasuan salatu duten legez.

Egunotan autoz edo furgonetaz Europarantz abiatu zaretenok erreparatuko zenioten horri guztiari. Eta Europan Herbehereetan, Alemanian edo Eskandinavian barna ibiliz gero, doakoak direla errepide horiek. Alpeetarantz, Balkanetarantz edo ekialderantz joz gero, berriz, bestelako sistemak ere posible direla ikusiko zenuten. Ordainpeko autobideak dauzkaten herrialde txiki gehienek ez dute bidesarien sistema erabiltzen. Gugandik hurbilen dagoelako, eta haren erabilera nabarmenena delako, Suitzako sistema deitzen diote batzuek distantziaren arabera beharrean denboraren arabera ordaintzeko vignette edo pegatinaren sistemari. Suitzak eta Austriak erabili izan dute historikoki, eta diseinu bera hartu dute azken bi hamarkadetan autobide ugari eraiki dituzten Europa erdi eta ekialdeko herrialdeek: Hungariak, Esloveniak, Kroaziak, Txekiak zein Eslovakiak.

Errepidearen erabilera ordaindu egiten da, bai; auto pribatuaren beharrizanak ez dira zertan guztien zergez ordaindu. Eta teknikoki, berdin ordaintzen dute etxekoek zein kanpotarrek, Europako legeen arabera ez da posible merkeagoa izatea batzuentzat. Baina denboraren arabera ezarrita prezioak, beti zaizkie merkeagoa etxekoei, errepidea aldi batez edo behin bakarrik darabiltenei baino. Europako bidegurutzeetako batean egonda, Afrika iparraldera joateko bide nagusietako batean, zentzuzkoena beharko luke sistema horrek. Urteko 35 euro inguruko pegatina da Suitzan eros daitekeen bakarra, beste batzuek 7-10 egunerako, hilabeterako edo bi hilerako edo urtebeterakoak dituzte Austrian 9 (hamar egunerako), eta 87 (urtekoa) euro artean, Eslovenian 15 eta 110 artean, Eslovakian 10 eta 50 euro eta Hungarian 10 eta 150.

Ziur nago hori guztia ez dela inolako nobedadea gure errepideak kudeatzen dituzten teknikarientzat. Baina Hego Euskal Herria doan zeharkatzen dutenei erabilera ordainarazita, eta bertokook urteko agiriak izanda, hain etxekalte jokatzeko joera hori amai liteke. Probintziakeriak ere utzita: Europako herrialde horiek txikiak dira, baina pegatina bakarra daukate, ez probintzia bakoitzeko bat, are gutxiago probintzia hori zeharkatzeko ordubete baino gutxiago behar bada. Zergatik ez bultzatu kohesioa, Hego Euskal Herri osoa pasabidea izanik? Elkarrekin kudeatzeko eta bertakoontzat onuragarri eta kanpokoentzat ere bidezkoa litzatekeen ordainketa sistema baterako, gure inguru hurbileko estatu handietatik harago begiratu, eta antzeko herrialde txikiek egiten dutena begiratu besterik ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.