Estatuaren indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte

Pasaiako hildakoez gain, Txiki eta Otaegi, Martxoaren 3koak, Rodriguez, Naparra, Arregi, Oñederra eta Muguruza oroitu dituzte Azpeitian

Estatu indarkeriaren biktima batzuen senideak, atzo, Azpeitian egindako ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Aurten ere oroitu dituzte duela 35 urte Espainiako polizia indarrek Pasaian (Gipuzkoa) tiroz hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak —Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Jose Maria Isidro Izura—, atzo Azpeitian (Gipuzkoa) loreeskaintza eta ekitaldia eginda. Aurten, baina, berritasun bat izan du egitarauak, «estatu indarkeriak» hildako hainbat lagun ere gogoratu dituztelako: Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako bost langileak, German Rodriguez, Jose Miguel EtxeberriaNaparra, Joxe Arregi, Ramon Oñederra eta Josu Muguruza.

Muguruza zenaren alaba Anek ekitaldian aldarrikatu du badela garaia «egia osoa argitara» emateko, eta «justizia» eskatu du. Deitoratu du aitortza ofizialerako «distantzia handitzen» ari dela biktima desberdinen artean. Instituzioek denak aitortzeko duten erantzukizuna gogoratu du, baina azaldu du hori badelagizartearen ardura ere. Baztertu egin du estatu indarkeriari buruzko «eztabaida hipokrita».

Dionisio Aizpuru zenaren anaia Pellok eskertu egin du Pasaiako kasu «basatiko» senideek urteotan jaso duten laguntza, eta gogoratu du oraindik ez daukatelaaitortza ofizialik. Eskatu du «injustizia» hori guztia Euskal Herriko historian idatzita gera dadila.

Ekitaldian Pasaiako kasuaren bideo irudi batzuk eman dituzte, poesia musikatua izan da, Eñaut Elorrietak bi kanta abestu ditu eta aipatutako biktimen senideek lore sorta bana jaso dute oholtzan—Naparraren senideek ezin izan dute azaldu azkenean—. 250en bat lagun azaldu dira Azoka Plazan egindako ekitaldira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.