joxerra senar
ANALISIA

Zalantzaren kea airean

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Oostegunean Nafarroako aurrekontuak onartuta, amaitutzat eman daiteke irteerako txanpa. PSNk eta gobernuko bazkideek lortua dute legealdi hasierako koska nagusia gainditzea, euren politikak ezarri eta neurriak finantzatzeko ezinbesteko baitzuten proiektua aurrera ateratzea. Edukian —aurrekoen ildotik badoa ere—, arlo ekonomikoan, lurralde kohesioan eta digitalizazioan egin dio bere ekarpena PSNk. EH Bilduk, berriz, lortu du udan sozialistek jarritako betoa kentzea eta, politikoki, gobernuaren solaskide nagusi bihurtzea, nolabaiteko normaltasun bat ezarriz harremanetan; edukiari dagokionez, hasierako proposamenean genero arloan eta udalen finantzaketan zeuden murrizketak bestela bideratu ditu, gastu muga beste 16,6 milioi igota. Ez da gutxi.

Maiatzeko hauteskundeetan bigarren geratu eta gobernuaren lema hartu ostean, sozialistek protagonismoa monopolizatu dute lehen hilabeteotan. Haiek dute politikan hain funtsezkoa den ekimena, gainerakoak dantzarazten duen melodiaren eta erritmoaren giltza. Ustez, Navarra Sumak behin eta berriz leporatzen dion bezala, PSNk bere egin ditu aurreko lau urteetako politika nagusiak, eta apurka-apurka eskuinekoengandik aldentzen ari dela dirudi. Ahal Dugu-ko ahots kualifikatu batek abuztuan komentatu zuen bezala, mugimendu estrategikoa da hori. Eta, hain zuzen ere, Txibiteren inbestidura ahalbidetzeko orduan, horixe izan zen EH Bilduren asmo nagusia: aldaketaren urteetan lortu zen horretan atzera egitea galaraztea eta aurrera jotzeko zirrikitu bakarra baliatzea.

Hori hala izanik ere, gauza bat da besteek zer nahi duten, eta beste bat PSNk zer nahi duen, eta, diferentzia horietan murgildu ahala, baliteke kontraesanak eragitea batzuei eta besteei. Izan ere, PSNk ez du irudikatu nahi gobernuak aurreko lau urteetako norabideari eutsi nahi diola, ezta, jakina, UPNren garaietara itzuli nahi duela ere. Alderantziz, hirugarren norabide bat adierazi nahi du, halako zentraltasun bat, politika gizartearen arazoen konponbide moduan, gizarte plural batean batzuekin eta besteekin ados jartzeko gai den gobernu bat. Barkosen gobernuak ere zabaltzen zuen mezu hori, baina eskuinaren zaratak lortu zuen gizartearen sektore handi bat baldintzatzea, eta, horregatik, sozialistek tentuz neurtzen dituzte urratsak. Are gehiago jakinik euren boto-emaileetako batzuk barneratua dutela diskurtso hori. Horregatik, Hezkuntzan Gimeno sailburuarekin, balazta sakatu ez ezik atzerantz ari da Nafarroako Gobernua —Mendigorrikoa edo PAI programa, horren adibide—.

Aurreko astean Ikurren Legearekin gertatutakoa da beste adibide bat. Navarra Sumaren lege proposamenari bide eman zion. Nahiz eta hasierako edukian eskuinak proposatutako zigor gogorrak kendu, haien jokoan sartu dira. Ziurrenik, nahita. Barkosek esan bezala, Nafarroako banderan bildu zen PSN hurrengo astean aurrekontuak EH Bilduren abstentzioarekin atera zirela ezkutatzeko; baina baita, aldi berean, batzuekin eta besteekin ados jartzen direla irudikatzeko ere. Auzia ez da hori gaizki ote dagoen, baizik eta zertarako egiten den. Ikurren Legea irakurri besterik ez dago jabetzeko gizartearen beharretatik urrun dagoela, eta, batik bat, Navarra Sumaren banderen diskurtsoa elikatzen duela.

Horrelako gehiago etorriko al da? Nahiz eta PSNk gobernua sozialista dela nabarmentzen duen, gobernua ez da harena. Ahal Dugu-k eta, batez ere, Geroa Baik kontrapisu lana egin dezakete. Parlamentuan, berriz, aurrekontuen eztabaidak agerian utzi duen bezala, benetan neurriak ezarri nahi badituzte EH Bildu dute solaskide bakar. Navarra Suma, Espainiako eskuinak kutsatuta, diskurtso erradikal batean murgilduta dago, eta koaliziokideen arteko diferentziak nabarmentzen hasiak dira —adibidez, autogobernuaren gaiarekin—. Martxoaren 29an kongresua egingo du UPNk, eta, lidergo lehiaz harago, ez dirudi proiektua eraberritzeko eta norabidea aldatzeko asmorik duenik. Jarrera horrek bakartuta uzten duen heinean, erraztu egiten du egungo egoera sendotzea eta PSN haiengandik aldentzea.

Hori da egungo egoera, baina ezin dira baztertu ustekabeak. Ikurren Legearen bozketak 31-29ko emaitza islatu zuen pantailetan, eta halako gehiago errepikatu daitezkeela ohartarazi zuen aritmetika horrek. Udan PSNk hartutako bidean aurrerapausoak eman ditu, eta, paradigma berri horrek ulermen eta pazientzia handia eskatzen badu ere, ezin du guztiz uxatu mesfidantza. Batzuekin eta besteekin itunak egiteko mezua eman nahi duelako edo Espainiako Estatuko politikak bi urte barru auskalo zer eskatuko diolako, Nafarroako legealdi hasiera honek ez du erabat aldendu zalantzaren ke laino hori, inoiz lema kolpe handi bat jo dezakeen susmo hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.