Gauza guztiek daukate haien eguna: aberriak ere bai. Garai batean sekulako bueltak ematen zitzaizkion Euskal Herriari Aberri Eguna nonbait ospatu ahal izateko. Ikurrin bat jartzen zutela ez dakit non eta denak urduri, Guardia Zibila noiz agertuko. Trenean Bilbora, handik Gasteizera autobusean, korrika ihes zelai ezezagunetan barrena... Aldarrikapenez eta ospakizunez betetako eguna izaten zen. Guk ez genuen garai hori ezagutu, baina Aberri Eguna egutegian gorriz izaten zen etxean ume ginela.
Gero dena aldatu zen. Inori ez dio ardura gaur zeren eguna den. Oporrak behar ditugu deskonektatzeko, eta derrigor ihes egin behar dugu aberritik arnasa hartzeko. Jende gutxik eusten dio hemen egunari, eta eusten diotenak ez dira horregatik gelditzen hemen. Gehienek bide batez aprobetxatzen dute: hemen gelditu direnez, lagun zaharrekin topa egiteko aukera ona da gaurkoa. Ez dut uste data denik arazo bakarra: atxikimendua falta da. Orain ez da guardia zibilik etortzen ikurrinak kentzera, baina ez dira ia inon jartzen. Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan gehiago Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan baino. Debekuei erantzuteko espabilatzen gara, baina gero ahaztu egiten dugu gauzek ez dutela inertziaz aurrera egiten. Aurrera joatea nahi dugun horri aurrerantz bultza egin behar zaio.
BIRA
Aberri Eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu