Miren Amuriza.
BIRA

Tornadoa

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Tornado bat izan zela esan zuten meteorologia agentzietako arduradunek, hain muturreko fenomenoak ezohikoak zirela inguru haietan. Apenas erreparatzen baitzion inork Haizeari jende artean zebilenean: harrotzen zenean, albokoaren idazmahaiko paper multzoei puzka hasten zen eta lantzean ezezagun batzuen aterkiak birarazten zituen kalean «hemen nago, aizue!» esanaz bezala.

Ordea, aurpegiz aurpegi jarrita ere inork agurtzen ez zuenez, bere buruaren bueltan jira-biraka trabatzen zen «banu eta banintz»-ka. Halaxe, harik eta arratsalde batean bere onetik irtenda basoratu zen arte. Aurrekorik ere ikusten ez zuela hasi ei zen arineketan: orkatzek berehala eman zioten ihesari eta pagoek... Pagoek ez zuten lokarriak askatu eta oinetakoak bertan behera utzita joateko astirik ere eduki: parean harrapatu zituen denak eraitsi zituen eta norabide berean etzanda geratu ziren enbor guztiak. Zerraldo. Bota beharrekoak botatakoan, iturri batean eskuak garbitu eta taberna-zulo deshabitatu batera itzuli zen Haizea. Hantxe egon ei zen, zain, norbaitek telebistan bere izena noiz aipatuko: «...datozela, datozela orain nire bila zoratuta nagoela esanez». Ordea, meteorologia agentzietako arduradunek Tornado bat izan zela esan zuten. Eta tabernaria jabetu ere ez zen egin barra ertzeko hutsuneaz harik eta atea danbateko batekin zarratzen entzun zuen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.