Kabalkaden muntatzeko tirri kutsakorra

Lau kabalkada izanen dira udan Nafarroa Beherean eta Lapurdin: Arrosan, Heletan, Luhuson eta iduriko forma duena Mehainen. Arrosatarrek lehena eman zuten joan den larunbatean. Denetan, herritarren biltzeko tresna ontzat daukate euskal kulturako adierazpide hori. Euskararen lekua ere aztertu dute.

Arrosako kabalkadaren plaza hartzea, larunbatean, herriko plazan. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Etxeleku.
Irisarri-Kanbo
2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Berriz ere piztu da kabalkaden aroa. Aurtengo udan, sekula ez bezala, lau herritan muntatu dituzte: Baxenabarreko Arrosan, Heletan eta Mehainen, eta Lapurdiko Luhuson. Heldu den urteko iragarriak dira Lekornekoa eta Itsasukoa Lapurdin. Aipu dira geroko Irisarrin eta Aiherran, Baxenabarren. Tira horrek, Zuberoako pastoralen gisan, galdera ekartzen du kabalkaden funtzioaz. Baita euskarak horretan duen lekuaz ere.

Arrosako ehun urteen kabalkadaren lehen emanaldia larunbatean iragan zen. Ekaitz eta euriek ez zituzten lotsatu ikusleak, eta aroa eztitu orduko harmailak bete zituzten. «Loriatu gara», erran du Mirentxu Bizkaixipik. Antolatzaile eta antzerkilari ibili da hura, eta «jendea pil-pilean» sentitu zuen; «ederra izan da».

Ikusi gehiago:Kabalkada zertarako?

Oihartzun biziki «baikorrak» izan dituztela dio Bizkaixipik; ikus-entzuleek dena segitu dutela. «Duela bi urte, Jokin Irungarairekin bildu ginelarik, erran zigun gaietan oreka behar zela: herritarren, euskaldunen eta munduko problematiken artekoa. Entseatu gara».

Arrosan, 120 bat dira parte hartzaileak. Bizkaixipik argi du herritarren biltzeko balio izan duela. «Edozein pentsamendutako jendeak bateratu ditu helburu jakin beraren inguruan. Jendeak urteetan batak besteaz zituen aurreiritzi batzuk jauzarazi ditu».

Euskararen erabilpenarekin arazoak izan zituzten abiatzean. Batzuk kexatu zitzaizkien beren hizkuntzan ari zirenei, itzulpena eskatuz. «Emeki-emeki, jendea ohartu da euskarak zuela dinamika hori sortuko. Beraz, edo pikoan jarri behar zuten lehen urratsak eginez, edo kanpoan utziko zuten beren burua», erran du Bizkaixipik. «Euskara izan da irabazle, halere. Bederen, kontzientzia hartzean».

Gaien munta

Luhuson hogei bat antzerkilari ari dira toberen zatia prestatzen, eta dantzariak 160 dira. Peio Berterretxe antzerkilari makearrak zuzentzen ditu jokalariak. Ostiral arrats guziz biltzen dira, eta lan egiteko moldea libertimenduetan erabili ohi den gisakoa dela dio. Ez dira jada idatzi testu batetik abiatu arras: «Herri batzuetan batek idazten du testua, eta antzerkilariek ematen dute. Luhuson ikusten da libertimenduak ukan duela eragin ba», erran du Berterretxek. «Badute plazaren usaia eta gogoa». Antzerkilari multzoa bildu zen hastapen batean, kabalkadara zer gai ekar zezaketen ikusteko. «Hasi dira lehen testu batekin, eta, badakizu, errepika saioetan taulak egiten du testuaren froga: martxan da edo ez».

Hortik hasi zuten bahetze eta orrazte lan bat. Gaietan ere zehaztuz joan dira. «Luhuson badakite kabalkada ez dela libertimendua: ez da baitezpada urteko gaien aipatzeko momentua. Ez dugu plaza hartzen hogei urterik behin anekdota batzuen kontatzeko».

Lan egiteko moldean, taula gaineko jokoaren eta idazketaren arteko joan-jin franko izan dira. Norbaitek zerbait erran nahi bazuen, bere baitarik idaztera akuilatu ditu Berterretxek: «Inportantea da aktibo ezartzea, eta ez kontsumitzaile. Jokalariek beren burua agerian ezarriko dute, zikinduko dira pixka bat, eta defenditu behar dute erraten dutena».

'Buhame erreka'

Buhame erreka ikusgarria emanen dute Mehainen, agorrilaren 13an eta 15ean. Hastapenean, Kakolada deitu zuten; kabalkada ez zela baina egite bazuela iradokiz.

David Ondartz armendariztarra da testua idatzi duena eta taula zuzendaria. «Ez da kabalkada bat, ez baita auzirik, ez bertsorik, ez zaldirik, baina ikusgarri oso bat da», adierazi du. Hogei antzerkilari, berrogei dantzari eta dozena bat kantari ari dira.

Mehainek buhameekin izan duen historia nahi izan dute kontatu. «Ba omen ziren buhame anitz lehen Mehainen. Mehaine-buhame erraten zen. Beste herrietako bestetara joaten zirelarik, entzuten zuten: 'To, buhameak hor dituk!'». Ikusgarrirako, herritarren lekukotasunak bildu dituzte. Ondartzekin antzerki-inprobisazio saioak egin eta testua idatzi zuen: «Fikzio bat idatzi dut Mehaineko eta buhameen istorioak hartuz».

Formaren aldetik, antzerkia, dantza eta kantua aldizkatuko dira. Dantzetan, ez dute baitezpada euskal errepertorioa segitu. Buhameen gaia harturik, «musika ijitoak» erabili dituzte, Ondartzek jakin duenez. Lehen kantua hark idatzi du, eta azkena, herritarrek. «Artean, badira musika ezagunak, edo sortu ditugunak».

Ondartzek uste du euskararen inguruan eraman berpizte bat bezalakoa dela Buhameen erreka Mehainen: «Kasik denek badakite euskara, baina ez dute bortxaz erabiltzen. Helburu bat zen ikusgarri horrekin». Antzerki errepiketan bide beretik ari dira. «Errepika guziak euskaraz egiten ditugu». Mehainerentzat «desafio ederra» izan dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.