Musika

Bizitza bat bertsioetan

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. MARIO SORRENTI.
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Wanderer, kantu propioz osatutako azken diskoa kaleratu eta hiru urtera, Cat Power musikari estatubatuarrak —Charlyn Marie Marshall— disko berria du kalean: Covers. Domino Recording Company diskoetxearekin publikatu du Covers, eta, izenburuak aurreratu gisa, beste egile batzuen abestien moldaketekin osatu du.

Beste artista batzuen moldaketak egiteko zaletasuna izan du betidanik Cat Powerrek. Izan ere, azken disko hau kantariaren ibilbideko hirugarren bertsio lana da. The Covers Record-en (2000) eta Jukebox-en (2008) ere beste egile batzuen abestiak egokitu zituen, eta Covers lan berria da bertsioen hiruhortzekoaren azken ertza.

The Covers Record-en, besteak beste, The Rolling Stonesen (I can't get no) Satisfaction jaso zuen; eta baita Bob Dylanek moldatutako Kingsport town tradizionala eta hark idatzitako Paths of victory, Bill Callahanen Red Apples eta Dimitri Tiomkin eta Ned Washingtonen Wild is the wind ere. Jukebox-en, berriz, Joni Mitchellen Blue, Hank Williamsen Ramblin' (Wo)man, George Jacksonen Aretha, sing one for me eta Nick Caveren Breathless interpretatu zituen, besteak beste.

Covers lan berria gorpuztean, zuzeneko saioetan eta estudioan aldamenean izan ohi duen sesioko musikari taldeak lagundu dio Marshalli. Disko berriaren aurrerapen abesti modura, Frank Oceanen Bad Religion-en moldaketa kaleratu du Cat Powerrek. Egileak aitortu bezala, single hori Wanderer diskoko In your face kantaren jarraipena da, Oceanen letrarekin abestu izan baitu aipatutako kantu hori bere zuzeneko azken biretan. Diskoko bidaia musikala kantu hauek osatzen dute: Nick Cave & The Bad Seeds-en I had a dream Joe, IggyPopen The endless sea, The Poguesen A pair of brown eyes, Jackson Browneren These days, Billie Holidayren I'll be seeing you, Dead Man's Bonesen Pa Pa Power, The Replacementsen Here come a regular, Bob Segerren Against the wind, Lana del Reyren White Mustang eta Kitty Wellsen It wasn't God who made Honky TonkAngels.

Bere iraganaren moldaketa

Covers-en, gainera, Hate bere abestia ere berrinterpretatu du, nahiz eta oraingoan Unhate izenburua jarri dion. LP eta CD formatuetako aleek 7 hazbeteko sorpresa bat ere badute: You got the silver The Rolling Stonesen kantuaren bertsioa.

Urte hasierarekin, Cat Powerrek apirilera atzeratu behar izan ditu AEBetan programatuta zeuzkan kontzertuak, pandemiaren garapena eta egungo osasun egoera tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.