Sustraietara iristeko notak

'Sahar' diskoa kaleratu du Tamino belgikarrak, estreinako lan arrakastatsua argitaratu eta lau urtera. Rocka eta popa doinu arabiarrekin uztartzen dituzten hamar kantu bildu ditu.

Ud edo laute arabiarra erabili du diskoan Taminok, doinu arabiarrak pop edo rockarekin uztartzeko. TAMINO.
aitor biain
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Musika hedabide espezializatuen, kritikarien eta askotariko entzuleen arreta bereganatu zuen Amir bere estreinako diskoarekin (Communion, 2018). 22 urte baino ez zituen orduan, baina Taminoren izena berehala zabaldu zen indie-rockaren edo rock alternatiboaren Europako eszenan. Lau urte igaro dira, eta haren izena are ozenago entzuten da orain, kaleratu berri duen bigarren lanarekin: Sahar (Communion).

Anberesen (Belgika) jaio zen Tamino —etxean Tamino Amir Moharam Fouad izena jarri zioten, Mozarten Txirula magikoa operako Egiptoko printzea bezala—, eta Ekialde Hurbilekoak ditu arbasoak. Hain justu, egiptoarra du aita, eta aitona ere Kairoko abeslari ospetsuetako bat izan zen: Moharam Fouad. Sustrai horiek oharkabean barneratu ditu gazteak; izan ere, Mendebaldeko kulturan hazi eta hezitakoa da.

Musikaren bidez lotu izan ditu bi munduak Taminok. «Musika izan da beti nire sustraiekin lotu nauena», adierazi zion Le Monde egunkariari, diskoa argitaratu berritan. Baina aitortu zuen aitagandik baino gehiago amagandik jaso zuela ekialdeko kulturaren berri, hark entzuten zuen musikaren bitartez batez ere. «Ez dut arabieraz hitz egiten, eta dena daukat oraindik deskubritzeko, baina beti sentitu naiz hurbil amak entzuten zuen musika hartatik».

Kontuak kontu, bi munduren arteko doinu, melodia eta genero nahasketa horrek egiten du bereizi haren sorkuntza lana. Musika barnerakoi, intimista eta malenkoniatsua da, tarteka folkera, bluesera, popera eta rockera ere lerratzen dena. Baina ahotsa nabarmentzen da guztiaren gainetik.

Hain zuzen ere, Jeff Bucleyrekin alderatu dute askok Tamino, abesteko duen moduagatik batez ere. Leonard Cohen, Nick Drake eta Thom Yorkeren pare ere jarri dute beste batzuek.

Bakardadea abiapuntu

Rocka eta popa doinu arabiarrekin uztartzen dituen hamar kantu bildu ditu diskoan. Etxeko bakardadean idatzi zituen guztiak. «Bakarrik egon behar dut sortzeko». Izan ere, bi urte eman zituen aurreneko diskoa zuzenean aurkezten, eta, eguneroko abiadura frenetikoaren ondorioz, ezin izan nuen ezer idatzi. Pandemiak ere ez zion lagundu, aitortu duenez. Amsterdamdik Anberesera lekualdatu zen, ordea, eta han topatu zuen sortzeko behar zuen lasaitasuna.

Amir aurreneko diskoarekin alderatuta, baina, are intimistagoak dira lan berriko abestiak. Sentimendu eta hauskortasu handiko lana da, baina ez da askorik aldentzen bere egin duen estilo eta doinuen uztarketa horretatik.

Diskoan berritasunetako bat ud edo laute arabiarra da. Instrumentuaren sokak nabarmen entzun daitezke The Flame, You Don't Owe Me edo A Drop of Blood kantuetan, esaterako. Abestien maketei ere garrantzi handiagoa eman die orain, eta etxean egindako grabaketak bere horretan sartu ditu diskoan. Ud-a jotzen duen zati asko etxean grabatu zituen, baita Only Our Love kantua ere.

Dena den, kontraste handiko lana da. Alde handia dago, esaterako, diskoa zabaltzen duen The Longing abesti sentikorraren eta pop rockaren kanonetara egokitzen den Fascination kantuaren artean. Baita arabiar doinuek blaitzen duten The First Disciple kantu espiritualaren eta Angele abeslariarekin batera eginiko Sunflower malenkoniatsuaren artean ere. Aipagarria da Radiohead-eko baxu jole Colin Greenwooden parte hartzea ere: zazpi kantutan jo du diskoan.

Hala, izen handiko musikarien ondoan jarri du berea Taminok. Belgikako pop eszenaren ikur Stromae, Selah Sue eta Charlotte Adigery artisten artean toki bat izatea lortu baitu Sahar diskoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.