BBK Live

Aurreiritziak birrintzen

Rosaliak eta The Strokesek Kobetamendi bete duten 40.000 zaleak liluratu dituzte, Bilboko BBK Live jaialdiaren bigarren jardunaldi eklektikoan. Omar Souleyman eta Idlesek ere txunditu dituzte ikusleak.

Rosalia, BBK Live jaialdian Kobetamendin eman zuen kontzertuan, herenegun. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Bilbo
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Belaunaldi talka Bilboko BBK Live jaialdiaren bigarren egunean, ostiralean. Adin eta jatorri askotako publikoa Kobetamendirako erromesaldian: gazte jendea, nerabe urduriak alde guztietara begira, gurasoak zirraratsu seme-alabekin; ohiko rock tankerako elastikoak eta Instagramen bihotzak pilatzeko look txundigarriak... Rosalia eta The Strokes, nor baino nor gehiago, zale gehien nork erakarriko lehian. Musika urbanoa eta rocka, eskutik.

Sarrera guztiak salduta zeudela iragarri zuten antolatzaileek aldez aurretik, eta lepo bete zen Kobetamendi: 40.000 pertsona. Nabaritu zen jendetza, eta jaialdietako ohiko deserosotasun txikiak eragin zituen: ilara luzeagoak egon ziren oro har, eta ostegunean hain ondo ibili zen autobus zerbitzua saturatu egin zen puntako orduetan; kontzertu nagusiak amaitu ondoren, bereziki.

Ikusmin handia sortu zuten bi kartelburuek; zeresan handia eman baitute antolatzaileek iragarri zituztenetik. Badirudi Rosaliaren inguruan dena dela zuria ala beltza, erdibiderik gabe. Sutsuak dira haren jarraitzaileak: ateak ireki eta gutxira, lehen ilaretan eserita zeuden asko, bost orduko itxaronaldia egiteko prest. Baina sutsuagoak dira kataluniarra gorroto dutenak. Gorroto dutela esan bai, baina haren abesti guztiak entzun dituzte, eta ostiralean kontzertua ikusten ari ziren, jaialdiko beste eskaintzei muzin eginda. The Strokesen inguruan, rock talde horrek «aspaldi behea jo» duela esaten zuten askok. Bada, kontrako guztiak isilarazi zituzten biek ala biek, zuzeneko bikainekin.

Rosalia oholtza gainean agertu bezain pronto nabaritu zen zenbaterainoko estatusa duen jada: pop edo rock izar handienentzat soilik izaten den orro gorgarria entzun zen Kobetamendin barrena, lehen ilaratik azkenera iritsi zen olatua. Zoramena eragin zuten Pienso en tu mirá abestiaren lehen estrofek, eta milaka eztarriren babesa izan zuen. Koroak eta esku zartak egiten zuen taldea zuen oholtzaren alde batera, El Guincho musika ekoizlea beste aldean, eta milimetrora neurtutako koreografiak egiten zituzten dantzariak ondoan.

Talentu handia du Rosaliak, eta erregistro ugari menderatzen ditu. Ileak tente jarri zituen a capella bat kantatu zuen Catalina abestiarekin, Las Grecas taldearen Te estoy amando locamente bertsionatu zuen, pop pilula ederra eskaini zuen James Blaken Barefoot in the Park abestean, reggaetona Con Altura-rekin eta Brillo-rekin iritsi zen, musika urbanoa Malamente eta Aute Cuture-rekin... Argitaratu berri duen Dios nos libre del dinero-ren runba doinuekin amaitu zuen emanaldia. Beyoncerekin alderatu zuten zenbaitek, eta, oraindik ere AEBetako divaren mailan ez badago ere, garbi dago marketina baino askoz gehiago dela Rosalia.

Denboraren makina

Denboran atzera egin zuen, ondoren, Kobetamendik, 2019tik 2006ra. The Strokes taldeak ahaztu egin zuen tartean dauden hamahiru urteak, eta beren lehen hiru lanetan oinarritu zuen kontzertu osoa. Zaleek gehien estimatzen dituzten diskoak: Is This It, Room on Fire eta First Impressions of Earth. Lan horietan dituzten ereserki gehienak jo zituzten, eta Rosaliak sortu zuen eromen bera eragin zuten. Julian Casablancas eta taldekideak hamabost minutu berandu igo arren taula gainera, lehen akordeekin barkatu zitzaien atzerapena.

New Yorkeko taldeak bi urte eman ditu kontzerturik jo gabe, aurtengo maiatzean itzuli ziren arte. Kritika zorrotz samarrak egin zizkieten orduan: gogo gabe jotzen zutela, ez zeudela sasoiko... Zalantzak berehala uxatu zituzten aukeratutako abesti zerrendarekin: Heart in a Cage, New York City Cops, Hard to Explain, Reptilia, Soma, Is This It, Last Nite... Gitarrakadaka lortutako garaipen argia. Rock musika ere dantza daiteke.

Kartelburuen itzalean geratu ziren gainontzeko taldeak, baina izan zen distira propioa izan zuenik ere. Badira une jakin batean ikusi behar diren taldeak, sasoiko daudenak. Hori da Idlesen kasua; gero eta ezagunagoak dira, eta denen ahotan daude. Eguneko kontzerturik basatiena eskaini zuten, punka, rocka eta posthardcorea nahieran nahastuta. Hooliganismo musikal zoroa. Diskoak Kobetamendin aurkeztera ohitu da Suede, baina The Blue Hour diskoko bi abesti soilik jo zituen Brett Andersonen taldeak, ibilbide osoaren errepasoa egiteko. Txundigarria izan zen Omar Souleymanen kontzertua ordu txikietan, bitxi-bitxia. Hankaz gora jarri zuen karpa Emirerrietako xekeak bezala jantzita, Siriako doinuak modaz pasatutako elektronikarekin uztartuta. Bollywoodeko film batean baino dantza gehiago egin zuen jendeak.

Brockhampton rap kolektiboaren ordu berean zuen emanaldia Anarik, eta zale kopuru polita bildu zuen bandak sarrerako agertokian. Kontzertu intimo baterako leku aproposa ez izan arren, musikaren eta hitzen bitartez areto txiki baten goxotasunera eraman zituen entzuleak, kulunka dotorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.