Albistea entzun

Durangoko 57. Azoka. Danele Sarriugarte eta Peru Galbete. Itzultzailea eta musikaria

«Kritika eraikitzailea egiteak lagundu dezake etorkizuna asmatzen»

Plateruena betiko martxan ez izatea, horren falta sumatu du Sarriugartek; musikan zuzeneko eskaintza indartzeko beharra, berriz, Galbetek.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko abenduak 11 - Durango

Bi itzulpen ekarri ditu aurten azokara Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989): Luisa Carnesen Hamahiru ipuin (Erein) eta Assata Shakurren Autobiografia bat (Katakrak). Peru Galbete musikariak (Donostia, 1987), berriz, Plateruenan zuzenean aurkeztu zuen Beiratu disko berria atzo arratsean.

Zer harreman izan duzue orain arte azokarekin?

DANELE SARRIUGARTE: Etorriko nintzen, baina txikitako oroitzapenik ez dut. Niretzat azoka batez ere izan da pertsonaia publiko bilakatu osteko azoka hori, eta egonezina sortu izan didan toki bat ere izan da. Erraiak atera zen urtean ez, orduan gozatu egin nuen; baina ondorengoetan nire tokia zein ote zen eta halako gauza asko mugitu izan dizkit. Eta uste dut orain jada lasaiago bizi dudala, beste inguru bat edo egoteko beste modu bat topatuta.

PERU GALBETE: Uste dut lehengo Gaztetxean egiten zen azoka alternatibora etorri nintzela lehen aldiz, kontzertu bat ematera musikarekin hasi berria nintzela, eta, noski, bide batez, azoka honetara zer zegoen ikustera. Batetik, gogoko dut sortzaileekin elkartzea; baina, aldi berean, aurten, iritsi, eta pentsatu nuen: «Buf, zenbat jende eta zenbat estimulu...».

Itzulera urtea da aurtengoa. Zer sumatu duzue inguruan?

GALBETE: Aurrez, urteren batean, etorri izan nintzen ikusle modura, baina iaz eta aurten baino ez naiz egon sortzaile gisa, beraz, ez dut perspektiba bat. Oraingoz, niretzat dena da pixka bat berria.

SARRIUGARTE: Niri, betiko azokaren itzulera aipatu dugula, Plateruena ez egotea erabat martxan edo irekita oso deigarria egin zait. Niretzat, alde horretatik, ez da batere ohiko azoka bat izan.

Baina bat azokari?

SARRIUGARTE: Tira, ez da zehazki azokari, baina nahiko nuke esan nire kasuan Donostiatik hona iristeko garraio publikoa ez dela batere praktikoa.

GALBETE: Ni musikaria naiz, eta iruditzen zait musikan behintzat garaiak aldatu direla, eta nolabait eredua ere aldatu behar dela. Eta ez bada kontsumitzen musika fisikoki, beste zerbait saltzea bilatu beharrean, agian bultzatu behar direla gehiago zuzeneko kontzertuak, eta hori gehiago zaindu.

Zertan egin du aurrera kultur komunitateak, zuen ustez? Eta zertan ikusten duzue trabatua?

SARRIUGARTE: Nik ikusten dut ni baino urte batzuk gazteagoa den jendeak beste jarrera eta egoteko modu batzuk dituela, eta niretzat izan da kristoren arnasa eta poza. Eta gero, ikusten dut trabatuta gaudela desadostasunen, gatazken eta botere harremanen kudeaketan, eta hori bideratzeko espazioen falta dagoela.

GALBETE: Nik uste dut igual zaila dela momentuan aldaketak ikustea, baina atzera begira jarrita, bagoazela aurrera. Eta, aurreko galderari lotuta, iruditzen zait urtero kritika eraikitzailea baldin badago, horrek lagun dezakeela asmatzen; azkenean, etorkizuna hor dugu asmatzeko, eta horretan ere jarri behar da burua edo energia, ez bakarrik dugunarekin geratu.

Aurtengo uztatik bina ale?

SARRIUGARTE: Gailuren binilo arrosaren bila etorri naiz [Begiak, egiak ba ote?, Bidehuts]. Liburu gomendagarria iruditzen zait Kae Tempesten Antzinako berri-berriak ere [Igela]. Eta Peruren zuzenekoek magia asko dute, eta bere diskoa ere gomendatuko nuke.

GALBETE: Nik Hatxeren disko berria [Panpina hautsien dantza 2, Mukuru] aipatuko dut, eta poesia liburu bat: Izaskun Igoaren Hotza bazkatzen [Balea Zuria].

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Julen Apella Santamaria idazlea (erdian), Imanol Larrinagaren margolana eskuetan, alboan Arantza Urkia eta Felipe Juaristi dituela, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Julen Apellak irabazi du Donostia Kultura poesia lehiaketako seigarren saria

Ainhoa Sarasola

Postal bat desertuan lanagatik jaso du aitortza. Balea Zuriak maiatz aldera argitaratuko du liburua.

Manuel Asin, Rebeca Esnaola eta Teresa Morales de Alava; Ikuspuntu Jaialdiko zuzendari artistikoa, Nafarroako Kultur kontseilaria eta Ikuspuntu jaialdiko zuzendaria, hurrenez hurren. ©Iñigo Uriz, FOKU

100 film inguru emanen dituzte Ikuspuntu jaialdian, astelehenetik

Uxue Rey Gorraiz

Sail Ofizialean hemezortzi lan lehiatuko dira; Peru Galbeteren Bide bazterrean ni eta hi kantari tartean. Peter Nestler dokumentalgileari eskainiko diote festibaleko atzera begirakoetako bat.

Khontaira taldearen <em>Elurzuriren hiru heriotzak</em> obraren une bat. ©LORALDIA

Sagarrari hozkada, berriro ere

Olatz Enzunza Mallona

Khontaira taldeak 'Elurzuriren hiru heriotzak' lana aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bilboko Azkuna zentroan. Musika, antzerkia eta dantza uztartuko ditu, eta 'lorazainei' espresuki eskainiko diete

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.