Berri Txarrak, hemen eta orain

Adarra saria jaso ostean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian bildutako zaleen egarria ase zuen, herenegun, Berri Txarrak-ek. Kontzertuan ospakizunerako eta aldarrikapenerako tartea izan zen.

David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, Donostiako kontzertuan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Egun handietako giroa eta ikusmina Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Sarrerak bost minutuan salduak, eta noiz edo noiz bakarrik ikusi eta entzun daitekeen emanaldi baten aurrean egoteak sentiarazten duen zirrara. Aurretik behin baino ez zuen kontzertua butaka patio baten aurrean emana Berri Txarrak-ek, eta ostiral iluntzekoa ezinbestean zen berezia. Donostiako Udalak emandako Adarra saria zaleen artean partekatzeko eguna zen, baina taldea bere agurreko biran egoteak ere hunkiberatasun plus bat ematen zion saioari.

Eta hasieratik, Eskuak-ekin hasi eta publikoak bereak zerura begira jarri zituenetik, agerikoa izan zen Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek zaleen konplizitatea izango zutela gaua are eta bereziagoa egiteko. «Ez gaude ohituta zuek eserita ikusten, ezta sariak jasotzen ere. Jokoz kanpo gaude, eta zuek lagundu beharko diguzue». Urbizuren lehenengo hitzak Beude jo eta berehala etorri ziren; hain zuzen, taldearentzat hain garrantzitsuak izan diren gaztetxeei eta areto txikiei eskainitako kantuaren ostean. Eta berehala hasi ziren altxatzen lehen lerroetakoak, eserita egoteak deseroso jarri balitu bezala. Publikoa, gainera, inoiz baino zabalagoa zen ostiralean; baziren gazteak, jende helduagoa eta baita gurasoekin joandako gaztetxo eta haurrak ere.

Bira luze batean egonik, Berri Txarrak-ek 80 bat kantuko zerrenda prestatu du zuzenean jotzeko, eta Donostian aretoaren ezaugarrietara ondoen egokitzen ziren abestiak aukeratu zituen. Taldeak erakutsi duelako oso nortasun markatuaren azpian soinu gama askotarikoa biltzen duela. Ostiralean, esaterako, alderdi metalikoa apur bat albora utzi zuten, baina ez gogortasunaren edo indarraren kaltetan, intentsitate berarekin jo baitzituzten unerik dantzagarri eta bizienak (Lemak, aingurak, Spoiler), tempo lasaiagoak (Helduleku guztiak —The Breedersen Cannonball gogora ekartzen duen hasierako baxu riff batekin—, Aditu bihurtuak), eta kontrasteetan oinarritutako piezak (Zertarako amestu, Gezur bat mila aldiz).

Ostiralekoa festa bat zen, eta hala ulertu zuten taldekideek nahiz jarraitzaileek. Publikoak ondo zekizkien kantuen hitzak, eta behin baino gehiagotan erakutsi zuen, baina Gonzalezek Euskal Herrian Seulen bezain ondo zenbatzen dela erakusteko umorez eskatu zionean ere ez zuen hutsik egin. «Bat, bi, hiru, lau», eta Zerbait asmatuko dugu zartakoa jarri zuen abian hirukoteak.

Laboa gogoan

Taldeak egin duen bidearen neurriaz zalantzarik balego, kontzertuaren lehenengo partearen amaierak guztiak uxatuko zituen, metal oinarriko piezetatik —Ikasten eta Biziraun, hori rap pasarte batekin—, pop kutsu nabarmeneko bi kantu harilkatutakotara igaro baitziren(Lemak, aingurak eta Poligrafo bakarra).

Horren ondoren, oholtza utzi zuten hiru taldekideek, baina berehala itzuli ziren ardo kopa bana eskuan zutela. Topa egin zuten, eta, Donostian zeudela gogoratuta, Mikel Laboaren Liluraren kontra interpretatu zuten intentsitate bereziki nabarmenez —hain zuzen ere, lehenengo Adarra saria jaso zuen Bat-Hiru-ren egileak in memoriam—. Ordurako Viktoria Eugeniako parte handi bat altxatuta zegoen, baina Oreka eta El Columpio Asesino taldearen Toro elkar lotuta jo zituztenean, dantzarako aukera ere eman zuten, harik eta kantua bukatu eta hiru taldekideak estatuak bezala gelditu ziren arte oholtza gainean. Hogei bat segundo egon ziren horrela, baina Ikusi arte klasikoarekin — «bost minututan egin genuen letra, baina iraun du», esan zuen Urbizuk— haurrak ere jarri zituzten gerriak eta buruak mugitzen.

Zorionaren lobbya jo, eta alde egin zuten bigarrenez oholtzatik, baina inor ez zen mugitu bere lekutik. Artean izango zen zer entzun eta ikusi. Eta, hain zuzen, orduan butaka patioko pasilloan behera agertu zen Urbizu gitarra akustikoa eskuetan —gero aitortu zuen Lekunberrin ahaztu zitzaiola berea, eta Imanol Ubedak utzi behar izan ziola—, Maravillas jotzeko. Publiko artean eta mikrorik gabe, Urbizuk Maravillas Lamberto 36ko gerran Larragan bortxatu eta hil zuten neskatoaren gaineko kantua interpretatu zuen. Izan zen malkoari eutsi ezin izan zionik.

Berriro ere taula gainean, publikoan norbait oholtzara igotzeko prest egongo zen galdetu zuten. Denak ez du balio-ren txanda zen, eta Libre diskoan Tim McIlrathek (Rise Against) ingelesez abestutako parteak Julen izeneko gazte batek kantatu zituen gogoz eta taldearen erritmoari bikain egokituta. Amaiera iristear zen—Katedral bat-ekin amaitu zuten—, baina hori baino lehen Urbizuk mezu bat ere bota nahi izan zuen, Adarra saria jaso zuen egunean: «Gure ekosistema txiki eta txikituan dena dago egiteko. Beti egongo da osatzeko. Denon jarduna da inportantea: sortzaileak, entzuleak, hedabideak, hezkuntza. Sariak ongi etorriak dira, baina sarea behar dugu osatu denon artean, aintzat har gaitzaten». Eta jarraian, errematea, nazioartekotzea baino inportanteagoa euskal musika Euskal Herrian ikusaraztea dela adierazteko: «Han bai, baina hemen ere bai. Eta batez ere orain eta etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.