Musika

Baikortasun geruzetan

Mogwai Eskoziako post-rock taldeak 'As The Love Continues' lana kaleratu du. Ohiko moldeetatik askorik aldendu gabe, baikortasun kutsua duten 11 kantuz osatu dute disko berria.

Mogwaik iaz kaleratu nahi zuen diskoa, taldearen 25. urteurrenaren harira. Urtebete geroago iritsi da. BRIAN SWEENEY / EFE.
aitor biain
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Maitasuna. Mogwai taldeak helduleku horri heldu dio etorkizunari baikortasunez begiratzeko. Eta horren adierazgarri da kaleratu berri duen disko berria, hain zuzen ere: As the Love Continues. Koronabirusak eragindako eguneroko grisari baikortasun geruzak gainjartzen dizkien 11 abestiz osatu du bilduma. Post-rock instrumentaletik abiatuta, eta ohiko moldetik aldendu gabe, askotariko testuraz eta atmosferaz blaitutako soinu paisaiak sortu ditu taldeak lan berrian ere.

Lau urteko etenaren ondotik iritsi da disko berria, 2017an kaleratu baitzuen orain arteko azkena: Every Country's Sun. Eskoziako taldeak 1990eko hamarkadan eman zituen lehen pausoak, eta, harrezkero, hogeita bost urteko ibilbide arrakastatsua ondu du Stuart Braithwaite, Barry Burns, Dominic Aitchison eta Martin Bullochek osatutako laukoteak. Bide horretan, estudioko hamar diskoz gain, dozena bat EP eta hainbat kantu bilduma ere kaleratu ditu, baita zinemarako eta telebistarako hainbat soinu banda egin ere.

Urtemugaren aitzakian argitaratu nahi zuten diskoa iaz, baina, bateko eta besteko, atzeratzea erabaki zuten, Bursek aitortu duenez. «Teorian, urtebete lehenago grabatu behar genuen, 2019an, baina konturatu ginen ez ginela prest egongo, eta 2020ko apirilera atzeratzea erabaki genuen. Baina COVIDa iritsi zen orduan. Apirilean ere ez ginen garaiz iritsiko; beraz, nolabait zortea izan genuela esan daiteke».

Argitaratze data atzeratzeaz gain, halere, pandemiak grabaketan ere eragin zien. Izan ere, hasiera batean, Dave Fridmann ekoizlearekin grabatzeko asmoa zuten AEBetan. Herrialde batetik bestera bidaiatzeko ziren mugak tarteko, ordea, Ingalaterran egin behar izan zuten azkenean. Itxialdian ziren ordu hartan, eta Glasgowtik Worcestershire konderrira lekualdatu zen laukotea, Vale Studiosera. Ekoizleak bideokonferentzia bidez jarraitu zuen prozesua. «Oso arraroa izan zen lehen egunetan, baina ohitu ginen. Ez zen egoerarik egokiena, baina hobe zen hori disko berri bat ez grabatzea baino», azpimarratu du Bursek.

Erresuma Batuaren eta New Yorken arteko ordu aldaketa, elkarren arteko distantzia, bide telematikoaren ezaugarri propioak... Baldintzak «zailak» eta «deserosoak» ziren, baina ahalegin berezia egin zuten Fridmannen parte hartzea bermatzeko. «Gogorra izan zen. Baina horren guztiaren alde ona zera da: Dave ezagutzen genuela; urte asko dira elkar ezagutzen dugula. Erabat desberdina izango litzateke ekoizlea ezagutuko ez bagenu». Taldearen ekoizle kutuna baita Fridmann; haren eskutik kaleratu baitira laukotearen lanik esanguratsuenak —tartean, Rock Action arrakastatsua—.

Soinu propioa

Grabaketak berak alde batetik, eta ekoizlearen lanak bestetik, biek eragina izan dute diskoaren soinuan, taldekideek adierazi dutenez. Baina, oinarrian, Mogwai ezaugarritu duten osagaiak aurki daitezke bilduma osatzen duten 11 kantuetan: gitarrez osatutako paisaia atmosferiko instrumental luzeak, tarteka ilun eta tarteka indartsu diren pasarteak, erritmo eta melodien askotariko garapenak... Urteen joanarekin taldearen musikak bilakaera bat izan badu ere, Mogwaik aspaldi bereganatu zuen bere marka propioa, eta kantu guztietan antzeman daiteke arrasto hori gaur egun.

Oraingo Mogwaik hastapeneko Mogwai izaten jarraitzen baitu oinarrian. «Elkarrekin jotzen dugun laurok soinu bat garatu dugu, eta badakigu zer jo dezakegun besteak jotzen ari direna osatzeko». Post-rockaren ohiko moldeen barruan izanik ere, saiatzen dira aldiro bide berriak aztertzen eta probatzen, eta disko berrian badira horren adibideak: sintetizadoreak, erritmo kaxak, melodia berriak... Taldearen «trikimailuak» dira, dena berdin den musika hori dena berri ere izan dadin.

11 kantuz osatutako diskoa ez da erabat instrumentala, halere; badira ahotsa duten kantuak ere: pop kutsua duen Ritchie Sacramento da horietako bat. Edonola ere, eta aurreko lanekin alderatuta, disko berriak badu «baikortasun» kutsu bat, taldekideen esanetan. «Positibotasun handia du, iraganean gure disko batzuek hainbeste ez dutena. Ez dago kantu triste edo motel askorik, eta kuriosoa da hori, taldeari jartzen dioten estereotipoetako bat delako», adierazi du Bursek. Atticus Ross and Colin Stetson musikarien ekarpenak ere jaso dituzte lan berrian.

Itxialdian eta pandemia garaian idatzitako kantuak dira, eta egoerak baldintzatuta kaleratu dute diskoa. Baita aurkeztu ere: Internet bidez ikusi ahal izan zen kontzertu bat eskaini baitzuen taldeak iragan otsailaren 12an.Glasgowko Tramway kulturgunean grabatu zuten kontzertua urtearen hasieran. Lan berria jendaurrean eta aurrez aurreko kontzertuetan erakusteko «irrikaz» dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.