Musika

Ezustean, eta protestan

Drive by Truckers taldeak 'The New OK' eman du argitara, aurten kaleratutako bigarren lana. Hegoaldeko ukitua duen rocka dute oinarri protesta kutsuz betetako kantuek.

Ezker-eskuin, Brad Morgan, Patterson Hood, Matt Patton, Mike Cooley eta Jay Gonzalez. ANDY TENNILLE.
aitor biain
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hamar hilabete ere ez dira Drive by Truckers taldeak The Unraveling diskoa kaleratu zuenetik. Zehazki, urtarrilaren 31n kaleratu zuen AEBetako taldeak estudioko hamabigarren lana, baina, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten hura aurkezteko kontzertuak oro; tartean, iragan ekainean, Gasteizko Azkena Rock jaialdian ematekoa zirena. Horrek guztiak sortutako «ezinegonak» eta «frustrazioak» eraginda, eta, bereziki, Amerikako Estatu Batuetan duten egoera politiko eta sozial aldrebesak bultzatuta, disko berri bat plazaratzea erabaki dute: The New OK.

Patterson Hood, Mike Cooley, Brad Morgan, Matt Patton eta Jazy Gonzalezek osatutako boskoteak urte berean argitaratzen duen bigarrena lana da. Disko berriak badu, hala ere, aurrekoarekin lotura bat, segida bat. Izan ere, The New OK diskoa osatzen duten bederatzi kantuetatik sei The Unraveling diskorakoak hautatzean baztertutakoak dira. 2018ko udazkenean grabatu zuten disko hura, Menphisko (AEB) Sun estudioetan, Matt Rossen eta David Barberen gidaritzapean, eta orduan grabatu zituzten gainerako kantuak ere. Badira konfinamendu garaian sortutako pieza berriak ere. «Egin dezakegun guztia da», adierazi dio Patterson Hood abeslari eta gitarristak Rolling Stone aldizkariari; alegia, sortutako lanak munduan zehar eta kontzertuz kontzertu erakusteko aukerarik izan ezean, sortzen segitzea beste aukerarik ez dutela. COVID-19ak sortzaileengan eragin dituen ondorioen erakusle da.

Abuztuaren lehen egunetan otu zitzaien disko berri bat argitaratzeko ideia, eta Hood bera arduratu da kanta berrietako bat konposatzeaz. Azaldu duenez, bere lehen zirriborroa taldekide guztiei pasatu zien nork bere ekarpenak egiteko eta ideiari forma emateko, eta grabaketa ere modu berean egin zuten, kide guztiak elkartzeko zituzten arazoak zirela eta. «Dibertigarria izan da», adierazi du Cooleyk. «Tarte gehiago izan dut nire zatian pentsatzeko, ez bainuen beste zereginik». Harena da diskoko bigarren pieza berria, hain zuzen ere.

Hegoaldeko ukitua duen rockak eta AEBetako gizartearen erroetan sakontzeko abileziak ezaugarritu ditu Drive by Truckers taldearen jarduna orain artean, eta estudioko hamahirugarren lanak ere ez dio ildo horri muzin egiten. Donald Trumppresidenteari, arrazakeriari eta eskoletako tiroketei kritika gordinak egin zizkieten The Unraveling diskoan, esate baterako, eta The New OK lanak ere badu protesta kutsu horretatik zerbait, nahiz eta, haren aldean, disko berria «baikorragoa» izan, Hoodek berak adierazi duenez.

Ramonesen bertsio bat

Hala, Watching the Orange Clouds kantuak, esaterako, poliziak hiltzeraino ito zuen George Floyd afro-amerikarra du gogoan. Gertakariak alderik alde astindu zituen AEBak, eta protesta eta istilu ugari eragin zituen. Sarah's Flame kantuak, berriz, Sarah Palin politikaria du jomugan, Alaskako gobernadore izandakoa eta John McCain AEBetako presidentegai errepublikanoak bere presidenteorde izan zedin nahi zuena. Country doinu lasai baina ironiko eta garratz batekin gogora dakarte arrazakeriaren sua piztearen erantzulea nor den. Zerrendan sar daitekeen beste adibideetako bat Ramonesen The KKK Took My Baby Away-en moldaketa da.

Kantu gehienak gordinak eta indartsuak dira, eta taldeak bere dituen rock, country eta blues doinuak uztartzen dituzte. Diskoaren izen berekoThe New OK eta The Distance piezak dira horren adibide. The Perilous Night eta Sea Island Lonely, ostera, gehiago lerratzen dira soulera. Abenduan kaleratuko dute disko fisikoa, baina sarean entzun daiteke dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.