Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko joan-etorriak, mugatuta

Labik erabaki du 500 positibo baino gehiagoko intzidentzia tasa duten udalerriak ixtea. Eskola kirola baimendu dute, hainbat muga jarrita. Neurriak otsail hasierara artekoak dira

Ertzaintzaren errepide kontrol bat Iurretan (Bizkaia). MIGUEL TOÑA/ EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak zorroztu egingo ditu, bihartik aurrera, izurriari aurre egiteko indarrean dauden neurriak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaera epidemiologikoa «kezkagarria» delako. Alde batetik, ezin izango da probintzia batetik bestera joan, eta lurralde bakoitzera mugatuko dira joan-etorriak: hots, arabarrak Araban soilik mugitu ahal izango dira; bizkaitarrak, Bizkaian zehar; eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan zehar. Gainera, eremu gorrian dauden udalerriak itxi egingo dituzte, eta ezin izango da haietatik sartu edo irten, ezinbestekoak ez diren jarduetarako salbu. Hau da, konfinamendu perimetrala ezarriko dute azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan, eta debekatuta egongo da haietatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Herri horietan itxita jarraituko du ostalaritzak, eta taldeko kirol jarduerak bertan behera utziko dira.

Astelehenero eta ostegunero eguneratuko da itxita egongo diren udalerrien zerrenda. Oraintxe, herri hauek daude egoera horretan: Araban, Agurain; Gipuzkoan, Andoain, Beasain, Lazkao, Villabona eta Zumaia; eta Bizkaian, Bermeo, Lekeitio eta Zornotza. Intzidentzia tasa handia duten 5.000 biztanletik beherako herrietan, tokian tokiko egoera aztertuta erabakiko dute horiek itxi ala ez.

Labiren batzorde teknikoak egindako proposamenak aintzat hartuta zorroztu ditu neurriak Jaurlaritzak. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo azaldu zuen egungo egoera «ziurgabetasun handikoa» dela, aldagai guztiek erakusten dutelako koronabirusaren kutsatze tasak «goranzko joera» hartu duela. «Ez gaude ongi», azpimarratu zuen. Azaroaren erditik zegoen beheranzko joera «eten» egin da, eta Eguberrietako jaien ondorioak nozitzen hasiko dira aurki, sailburuaren esanetan. Hamalau eguneko intzidentzia metatuak erakusten du «joera aldaketa» bat egon dela: abenduaren 29an, 100.000 biztanleko 235 kasu zeuden; orain, 100.000 biztanleko 305 kasu daude.

Eskola kirola

Izurriaren hazkundea eteteko, indarrean dauden neurri batzuk gogortzea eta beste batzuk bere horretan uztea erabaki du Jaurlaritzak. Bihar gauerdian sartuko dira indarrean, eta hogei egun iraungo dute, otsaila hasi arte. Hala ere, Labiren aholku batzordeak «etengabe» ebaluatuko ditu neurriok, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, lehenago ere moldatu ditzake.

Bihar gauerdian indarrean sartuko diren neurrien artean, bada berritasunik. Azpimagarriena da eskola kirola baimendu egingo dutela, baina soilik entrenamenduetarako. Entrenamendu horiek sei laguneko taldeetan egin beharko dira asko jota; taldeko kideek beti berberak izan beharko dute, eta ezingo da aldagelarik erabili.

Profesionalak ez diren dantza taldeen entseguak ere baimenduko dituzte, antzerki jarduerarako indarrean dauden baldintza berberekin. Gainera, joko eta apustu etxeak berriro ireki ahal izango dira —intzidentzia handiko herrietan salbu—, ostalaritzari ezartzen zaizkion baldintza berberak beteta. Saltokietako gehienezko edukierari dagokionez, %40ra murriztuko da 150 metro koadro baino gehiago duten saltokietan; gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra.

Bestalde, indarrean dauden bestelako neurriei eutsi egingo die gobernuak. Etxeratze agindua bere hartan utziko du: 22:00etatik 06:00etara. Merkataritza eta kultur jarduera orok 21:00etan amaituta egon beharko du beranduenez, eta ostalaritzak eta jatetxeek 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute. Talde bilkurak ere mugatuta egongo dira aurrerantzean: gehienez sei pertsona arteko taldeak egongo dira baimenduta. Musika eta ahots entsegu eta emanaldi ez-profesionalek debekatuta segituko dute, eta gurtza aretoetako gehieneko edukiera %35era mugatuta egongo da, orain arte bezala.

Sagardui kezkatuta mintzatu zen atzo gaitzaren bilakaera dela kausa: «Hilabete oso zailak ditugu aurrean». Intzidentzia tasa abaila handiz handitu da azken asteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Erresuma Batuan atzemandako birusaren aldaera berriak «mehatxua» areagotu du, haren esanetan. Hala, Sagarduik herritarren eta instituzioen arteko elkarlanerako deia egin zuen,hamalau eguneko intzidentzia tasa egungo kopuruetatik behera ezartzeko, eta 100.000 biztanleko 60 kasura murriztu ahal izateko.

Osasun sailburuak azpimarratu zuen badaudela tresna nahikoak birusaren hazkundeari aurre egiteko: onartutako prebentzio neurriak; kasuak atzemateko, bilatzeko eta haien kontaktuak bakartzeko arakatze sistema, eta txertaketa aipatu zituen. Hain justu, Labiren batzorde teknikoak azpimarratu zuen arakatze sistemaren bitartez kasuen %40tik gora atzematea lortu dela, eta tresna hori «ezinbestekoa» dela izurria kontrolpean izateko.

Labik atzo batzarra egiten zuen bitartean, hainbat ostalarik elkarretaratzea egin zuten Lehendakaritzako egoitzaren aurrean, SOS Ostalaritza plataformak deituta, sektorearen egoera larria salatzeko. Instituzioen aldetik «errespetua eta informazioa» galdegin zuten, eta ostalaritzari ezarritako murrizketengatik «kalte ordainak» exijitu. Ohartarazi zuten «arazoa» ez dela ostalaritza, eta kalte ekonomikoei aurre egiteko plan bat eskatu zioten Jaurlaritzari.

Nafarroan, neurri berriak

Nafarroan ere kutsatzeen kurba apaldu ezinik daude, eta Nafarroako Gobernuak aste honetan zorroztuko ditu indarrean dituen hainbat neurri. Ramon Alzorriz PSNk parlamentuan duen bozeramaileak atzo aurreratu zuen gobernuak «neurri berriak» iragarriko dituela aste honetan, transmisioaren goranzko joera etengabea delako lurraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.