Murgiltzea Katalunian

UHOLDE BERDE BAT KATALANAREN ALDE

Milaka pertsona bildu dira Bartzelonan murgiltze ereduaren alde Som Escola plataformak deitutako manifestazioan. Irakastorduen %25 gaztelaniaz egitera behartuko dituen epaiaren aurka, katalanezko eskolak duen «herri kontsentsua blindatzeko» eskatu diete erakundeei.

Manifestazioa, atzo, Garaipenaren Arkua atzean utzita. DANI CODINA.
Maite Asensio Lozano.
Bartzelona
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hezkuntza prozesua hizkuntza gutxituan bideratzea baino gehiago da katalanezko eskola; elkarrekin eraikitako eredu bat da, burujabetzatik garatua, gizarte kohesioa ekarri duena, eta adostasuna bildu duena. Kataluniak 1980ko hamarkadatik indarrean duen murgiltze sistema defendatzeko, kalera atera ziren atzo milaka lagun Bartzelonan, Som Escola plataformak deituta, eta Kataluniako Generalitateak babestuta. Uholde berde bat osatu zuten, eta argi aldarrikatu zuten ez dagoela hizkuntza gatazkarik eskoletan. Katalanezko irakaskuntza «blindatzeko» eskatu zieten Kataluniako erakundeei.

Gaztelania irakastorduen %25ean ezartzea agindu duten epaiei erantzun irmoa eman zien gizarte kataluniarrak: Sant Joan pasealekua bete zuten milaka pertsonak, Ara i sempre, l'escola en català lelopean (orain eta beti, eskola katalanez). Som Escolak banatutako esku berdeez bete zen martxaren ibilbidea, eta, haien bidez, indartsuago adierazi zituzten kexak eta agurrak. Mobilizazioaren leloa aldarri hartuta, eta tarteka independentziaren aldeko oihuek hauspotuta, jendetza batu zen katalanezko eskolaren aldeko uholdera.

Ordezkaritza instituzional zabala izan zen manifestazioan, gainera. Kataluniako Generalitat ia osoak parte hartu zuen, Pere Aragones presidentea buru. Haren hitzetan, epaia «nazionalismo espainiarraren ofentsiba bat» da: «Kataluniako eskolak erabili nahi dituzte gizarte kohesioa urratzeko, eta lau boto gehiago irabazteko, ez hemen, baizik eta Kataluniatik kanpo». Eta mezu bat igorri zien irakasleei: «Segi orain arte bezala». Quim Torra presidente ohia ere mobilizazioan izan zen, Laura Borrasen alboan; hain justu, Espainiaz mintzatu zen Kataluniako Parlamentuko burua: «Ez du ezagutzen aniztasunaren eta aberastasunaren hizkuntza, soilik inposizioarena erabiltzen duelako».



ERC, JxCat, CUP, En Comu Podem eta Democrates alderdiek ere arbuioa adierazi zioten %25aren sententziari. Parlamentuan tradizionalki murgiltzea bultzatu duten alderdi politikoen artean, PSCren falta sumatu zen atzo: kongresua zuten sozialistek, eta ez zuten ordezkari ofizialik bidali. Ernest Maragall Hezkuntza kontseilari ohia, berriz, martxara agertu zen; hain zuzen, kargu horretan egondakoek manifestu bat plazaratu zuten joan den astean epaiaren aurka.

Gizarte eragileen aldetik ere sostengu handia jaso zuen deialdiak. Bat eginda agertu ziren, esaterako, hezkuntzan nagusi diren sindikatuak: USTECáSTEs, Intersindical, UGT eta CCOO. Denek izan zuten «gizarte kohesioa» ahotan, eta irakaskuntza katalanez egiten jarraitzea galdegin zuten; are, ohartarazi zuten murgiltzea ezin dela eskolara mugatu, eta Generalitateari eskatu zioten hizkuntzaren «erabilera soziala sustatzeko». Omniumeko presidente Jordi Cuixartek ere gogora ekarri zuen «arrakastatsua» dela Kataluniako eskolaren eredua. Plataforma per la Llingua taldeko presidente Oscar Escuderrek, berriz, Espainiari leporatu zion Europako irizpideen aurka joatea: «Hizkuntza Gutxituen Euroituna urratzen ari da estatua».

Euskal Herritik ere babesa jaso zuen mobilizazioak. Euskalgintzaren Kontseiluak «botere judizialaren esku hartzea» gaitzetsi zuen. Antzera mintzatu zen EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, Bartzelonan bertan: «Estatuko botereek, judizializazioaren bitartez, gatazka bat sortu nahi izan dute, halakorik ez dagoen tokian».

«Onartezina»

Garaipenaren Arkua gaindituta, Lluis Companys pasealekua hartu zuen marea berdeak; hain justu, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza aurrean egin zuten ekitaldia. Bertan zain zeudenek txaloka hartu zuten pankarta, baina eszenatokitik irakasleei esker ona adieraztean ozendu zen gehien sostengu hori. Som Escola osatzen duten 54 erakundeetako ordezkariak agertokira igo ziren, eta hiru emakumek irakurri zuten plataformaren manifestua: ama batek, ikasle batek eta irakasle batek. Epaia «erasotzat» jo zuten: «Gure eredua sendotuta dago, eta hizkuntza gaitasunak bermatzen ditu».

Era berean, onartezintzat jo zuten auzitegiek hezkuntza politika arautzea: «Iraingarria da profesionalentzat». Sententziak «argudio faltsu eta arriskutsuak» erabiltzen dituela gaineratu zuten, eta hizkuntzaren zein hezkuntzaren «instrumentalizazio politikoa» egiten duela: «Katalanaren aurkako eraso politiko eta judizialak etengabeak dira, eta hizkuntza minorizatzea dute helburu; baina, bitartean, katalanaren egoera ikasgeletan kritikoa da». Herritarrak mobilizatzen jarraitzera deitu zituen plataformak, eta bi eskaera zehatz egin zituen: Kataluniako erakunde publikoei, «herri kontsentsu hau blindatzeko»; eta Espainiako Gobernuari, «akordio handi hauek errespetatzeko». «Katalanezko eskola funtsezkoa baita gizarte kohesionatua, demokratikoa eta askea eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.