HIRU ARDATZAK

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
201.531.000 euroko aurrekontua adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek. 88,9 milioi 2020rako izango dira, eta 112,6 milioikoa da 2021erako eta hurrengoetarako hartu duten konpromisoa. Hiru ardatzetan oinarrituko dira kontuak: politika feministak; klima aldaketa; eta familientzako, gazteentzako eta enpresentzako babes neurriak.

1. Politika feministak. 9.595.000 euroko aurrekontua izango dute politika feministek eta genero indarkeriaren aurkako borrokak. Besteak beste, sexu abusuak prebenitzeko eta horiei arreta emateko Prestakuntza Plana egiteko; Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan afektibitate eta sexu hezkuntzako programa egiteko; genero indarkeriaren eraginpean dauden umeen eta nerabeen laguntza eta babesa areagotzeko ekintzetarako; indarkeria matxistaren biktima diren emakume nagusiei arreta eskaintzeko; eta udaltzaingoen eta Ertzaintzaren eta Justizia Administrazioaren arteko koordinazio protokoloa berrikusteko erabiliko dute dirua.

2. Klima aldaketa. 112.400.000 euro trantsizio energetikoan inbertituko dituzte, eta 9.500.000 euro klima aldaketara egokitzeko erabiliko dira. Alor horretan hartutako konpromisoen artean dago udalek Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko garatu beharrekoa jarduerak finantzatzea eta gasarekin lotutako proiektuei finantzaketa kentzea.

3. Babes neurriak familientzat, gazteentzat eta enpresentzat. 17.000.000 euro gizarte babesaren hobekuntzara bideratuko dira, 16.800.000 euro hezkuntzara, 29.800.000 enplegu eta garapen ekonomikora, eta 6.436.000 osasunera eta adikzioetara. Besteak beste, diru sarrerak bermatzeko errenta %4 igotzea onartu dute, baita 2020an eta 2021ean haur eskoletako tarifak %10 murriztea ere. Osasunaren arloan, unitate espezializatuak sortuko dituzte, osasun mentaleko arazoak dituzten haurrentzat eta nerabeentzat, eta 436.000 euro bideratuko dituzte adikzioak prebenitzera eta tratatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.