Eten egin dituzte desagertuta dagoen mendizalea bilatzeko lanak

Euri jasa bortitzak dituzte Parlitobelgo arroilan, eta arriskuan jartzen ditu erreskate taldeko kideak

Suhiltzaileak, Girewald lakuan. Erreskate taldeko kideak inguru hori ari dira miatzen. GIAN EHRENZELLER / EFE.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Atzo goizean eten egin behar izan zituzten berriro Suitzako Alpeetako Parlitobelgo arroilan desagertutako mendizalea bilatzeko lanak. Arroila oso arriskutsua da euria egiten duenean; etenik gabe ari du, eta bertan behera utzi dituzte lanak, erreskate taldeko kideen segurtasuna bermatu ahal izateko. Asteazken arratsaldetik bilaketa lanak martxan egon diren arren, oraindik ez dago Diego Maeztu mendizale nafarraren arrastorik.

Lau mendizaleek esperientzia handia zuten arroila jaitsieran, eta munduan zehar ibiliak ziren horretan. Poliziek, suhiltzaileek eta adituek adierazi dutenez, asteazkenean ezustean harrapatu zituen ekaitzak. Parlitobelgo arroila ez da bereziki teknikoa, ezta luzea ere. Arriskua sortzeko moduko aldagai bakarra euria da. Suitzako Alpeen gisako mendi altuetan ohikoa izaten da une batetik bestera eguraldia guztiz aldatzea. Kasu honetan, aurreikusi gabekoa bezain bortitza izan zen ekaitza. Erreskate taldeko kideek azaldu dutenez, ibilbideko ainguraketak ere askatu zituen urak,une hartan zekarren indarraren erakusgarri. Izan ere, nabarmendu dute oso kasu gutxitan askatzen direla. Euri jasa hasi zenean —30 litro metro koadroko—, nabarmen hazi zen arroilako ur kantitatea denbora tarte laburrean, eta, hori ikusirik, lau mendizaleek ez zuten erreakziorako aukerarik eduki. Gainera, harriak, adarrak eta arroilan zeuden bestelako materialak gehituta, indar handiagoa hartu zuen urak.

Hiru mendizaleren gorpuak arroila amaitzen den lakuaren inguruan topatu zituzten, eta inguru horiek miatzen ari dira laugarren mendizalea aurkitzeko. Hala ere, bilaketa lanak berriro martxan jartzeko, plangintza aldatzea erabaki dute. Florian Schneider Poliziaren bozeramaileak adierazi duenez, bilatzen segitzeko eta taldeko kideen segurtasuna bermatu ahal izateko, talde txikietan antolatuko dira.

Dolua herrietan

Allo eta Uharte Arakilgo (Nafarroa) udalek babesa eta laguntza eskaini dizkiete mendizaleen senide eta lagunei, eta Nafarroako Gobernuari adierazi diote behar duten guztian laguntzeko prest daudela. Bestalde, Susana Castanera Alloko alkateak adierazi du desagertutako mendizalea topatzeko esperantzari eusten diotela, eta zazpi eguneko dolu aldia ezarri dute herrian. Gueñesko (Bizkaia) udalak ere, ohar baten bidez, doluminak eman nahi izan dizkie hildako mendizaleen senide eta lagunei; bereziki, bertako bizilaguna zen Tontxu Gonzalezen familiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.