Albistea entzun

Hidrogenoa. Energia deskarbonizatzen

Hidrogenoa, euskal erara prestatzen

Boladan dago hidrogenoa, eta etengabe ari dira agertzen haren inguruan lan egiteko borondatea duten euskal enpresen proiektu berriak.
Autobusak egiten dituen CAFen Poloniako Solaris filialak hidrogenozko ehundik gora autobus saldu ditu.
Autobusak egiten dituen CAFen Poloniako Solaris filialak hidrogenozko ehundik gora autobus saldu ditu. LUCASZ BERA-CAF Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2021eko otsailak 21

Zerrenda mardula da. Euskal enpresa batzuek beste batzuek baino denbora gehiago daramate hidrogenoarekin lan egiten, baina orain, bai konpainia traktore handiek aurkeztutako proiektuen inguruan bai Europak deskarbonizazioari eman nahi dion bultzadaren abaroan, gero eta gehiago dira hidrogenoaren inguruan jarduteko asmoa duten euskal konpainiak. Egunetik egunera egitasmo, inbertsio eta aliantza berri gehiago aurkezten dira. Horietako gutxi batzuk dira mintzagai datozen lerroetan.

Eraikitzekoak diren lantegi gehienak demostraziorako izango dira, hainbat konpainiak teknologiak eta prozedura berriak ikertu eta frogatzeko. Gero ikusi beharko da negoziorako balio dezaketen ala ez. Hala ere, abiatzeko prozesuak inbertsio handiak behar ditu.

Hidrogenoaren azken bolada honetan, zerikusi handia izan du Europako funtsetatik dirua etortzeko aukerak. Euskadi Next barruan daude proiektuetako asko, hautagaitza publiko-pribatuetan. Beste zenbait egitasmo pribatu gisa aurkeztu dira Madrilen.

Nafarroan, Tuteran ongarria hidrogeno berdearekin ekoizteko proiektu bat badago martxan, baina oraindik zehaztazun gutxi dago haren inguruan. Bizkaian daude egitasmoetako asko, itxura guztien arabera han hidrogenoaren haran bat eratuko delako. Eta hari zerbitzua ematen, balio kate osora gehituko dira, ziurrenez, Euskal Herriko beste herrialdeetako konpainia eta erakunde asko.

PETRONOR
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen gidari

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen gidaria da Repsolen filiala. Aurreikusten da proiektu horren inguruan beste hainbat enpresa batuko direla, azpiproiektuen bidez. Bihar bertan aurkeztuko da ofizialki.

Petronorrek dagoeneko ekoizten du hidrogenoa (gas naturaletik), petrolioa fintzeko behar duelako. Baina orain hidrogeno berdea egiten hasi nahi du, eta, hura erabiliz, karbonoan neutroak izango diren erregai sintetikoak ere. Bi proiektu handiak, batetik H24All deiturikoa: Muskizen (Bizkaia) duen findegian bertan hidrogeno berdea ekoizteko lantegia altxatu nahi du, beste hamalau bazkiderekin batera, Europako funtsak baliatuz.

Eskala handiko, 100 megawatteko, presio handiko elektrolizagailu alkalinoa erabiliz argindar berriztagarriarekin uretik hidrogenoa modu garbian bereiztea da asmoa; ahalik eta bizkorren hidrogeno berde kiloa hiru eurotan ekoiztea. Eta, bitartean, ekoizpen prozesu osoa frogatu eta garatzea.

Horrez gain, Bilboko portuan demostraziorako kokatu behar dituen bi lantegietako batean findegian harrapatutako CO2 eta hidrogeno berdea nahastuko ditu erregai sintetikoak egiteko. Erregai horiek hegazkinetan, itsasontzietan eta halakoetan erabiltzeko aukera ikusten da. Erretzean isuriak eragiten dituzte —erregai fosilek baino dezente gutxiago—, baina jatorrian CO2aren harrapaketa dutenez, esaten da karbonoan neutroak direla.

INGETEAM-IBERLYZER
«Erronka hidrogeno berdea ekoizteko kostuak murriztea da»
David Sole Ingeteameko zuzendari nagusi eta operazioburua

Elektrolizagailuek ekarriko dute hidrogeno berdearen iraultza. Eta Euskal Herrian elektrolizagailuak eta haien instalazioak produzitzeko lantegi bat eraiki nahi du Iberlyzer konpainiak, zeina osatu duten Iberdrolak eta Ingeteamek. David Sole Ingeteameko zuzendari nagusi eta operazioburuak BERRIAri azaldu dio nola negozioa ez zaion faltako Iberlyzerri: «Europaren bide orriak dio 2030erako 40 gigawatteko ekoizpena nahi duela elektrolisi bidez, eta horietatik lau gigawatt lirateke Espainiarentzat. Bai, merkatu oso handia da, eta erronka hidrogeno berdea ekoizteko kostuak murriztea da, gaur egungo kiloko zazpi euroetatik euro bat, euro bat eta erdi ingurura, hidrogeno grisaren aurrean lehiakorra izateko. Horrek eskatzen du argindarraren kostua optimizatzea, eta baita elektrolisi planten eraikuntzarako inbertsioa eta haien jarduera eta mantentzea». Elektrolizagailuak halako planta bateko kostuaren %30 hartzen du.

Europak interes berezia du elektrolizagailu belaunaldi berrietan, Txinak aurrea hartuta duelako elektrolizagailu alkalinoetan. «Europarrak eta estatubatuarrak aurretik doaz, PEM elektrolizagailuetan, zeintzuek erregai pilen antzeko teknologia darabilten». Horiek abantailak dituzte, besteak beste, konpaktuagoak direla. Dena den, Yberlyzerrek diseinatuko dituen plantek kasu bakoitzerako teknologia lehiakorrena izango dutela dio Solek, «direla PEM, alkalinoak edo beste hirugarren edo laugarren teknologia batekoak».

TECNALIA
«2002-2003 urteetan izan zen beste bolada bat hidrogenorekin»
Fernando Espiga Tecnaliako trantsizio energetikorako arduraduna

Elektrolizagailu belaunaldi berrien ikerkuntzan ere ari da Tecnalia, baita oraingo teknologien garapena eta optimizazioan ere. Baina horiek Tecnalia hidrogenoaren inguruan egiten ari den lan guztien artean batzuk bakarrik dira. Ia kate guztian ditu proiektuak martxan, ekoizpeneko unetik hasita, biltegiratzean, garraioan, hidrogenoaren aplikazioetan, erregai piletan, mugikortasunean...

Izan ere, hidrogenoarena ez da gauza berria haientzat. Fernando Espiga Tecnaliako Trantsizio Energetikorako buruak gogoan du nola aurretik ere modan jarri izan den hidrogenoa. «2002-2003 urteetan izan zen beste bolada bat hidrogenorekin. Jardun ginen proiektuak garatzen, baina ordutik orain bi urtera arte basamortua igarotzea izan da».

Tecnaliaren lanketa guztien artean, Espigak hidrogenoaren eramaileetan egiten ari diren azterketak aipatu ditu. Nola, adibidez, hobetu nahi dituzten prozesuak hidrogeno amoniako bihurtzeko eta berriz hidrogeno bihurtzeko teknologiak. Eta asko ari dira ere hidrogenoarentzat oso baliagarriak izan daitezkeen gasen banaketarako mintzen teknologietan.

CAF
«Teknologia orokortzeko ezinbestekoa izango da bultzada politikoa»
Imanol Iturrioz CAFeko I+Gko zuzendaria

Tren garraioa deskarbonizatzeko hiru modu daudela esplikatu du Imanol Iturriozek, CAFeko ikerketa eta garapeneko buruak. Batetik katenariak daude: «Baina arazoa haien kostua da. Ez da irtenbide errentagarriena trafiko gutxiko lineetarako eta are gutxiago linea luzeak badira». Eta hor sartzen dira beste irtenbideak jokoan.

Horietako bat bateriak dira, eta CAFek dagoeneko ekoitzi ditu bateriekin dabiltzan zenbait tranbia. «Baina haien arazoa da autonomia mugatua dutela, eta 100 kilometrotik gorako autonomiak ez dira egingarriak bidaiarien trenetarako». Eta hidrogenoak bete dezake behar hori. «Bateriak iritsi ezin diren kasuetarako da aukera hori, alegia, gaur egun dieselarekin egiten diren operazioetarako. Baina hidrogenozko trenak garestiak dira, eta teknologia hori orokortu dadin, ezinbestekoa izango da bultzada politikoa».

CAFek FCH2RAIL Europako proiektuaren gidaritza hartu berri du bi modutara, katenariarekin eta hidrogenoz bultzatuta ibil daitekeen prototipo bat garatzeko, zeinak, gainera, bateria ere izango duen.

Hidrogenoarekin arrakasta izaten ari diren konpainien artean dago, hain zuzen, CAFen Solaris filial autobusgilea. Solarisek ehundik gora autobus salduak ditu Europan, eta Iturriozen ustez, Euskal Herrian ere ikusiko dira Solarisen hidrogenozko autobusak. «Ziur laster probatuko dugula teknologia hori etxean». CAFeko I+G arduradunaren arabera, bidaiarien garraioan hidrogenoak badu tokia, «autonomia eskakizunak handiagoak dituzten hiriko eta hiri arteko zerbitzuetan. Gaur egun, gaueko kargako bateriako autobusen autonomia 250 kilometrokoa da».

ITSAS FOROA
«Ekoizle, garraiatzaile eta kontsumitzaile izango da itsas sektorea»
Angel Santurtun ADIMDEko Kabinete burua

Itsas sektorea deskarbonizatzeko hidrogenoa giltzarri izango dela uste du Angel Santurtunek Adimde Euskal Herriko Itsas Industrien Elkarteko kabinete buruak. Erregai puru bezala, erregai sintetiko moduan edo beste bektoreetan... Erabilera guztiak izango dira baliagarri, batez ere potentzia handientzako.

«Itsas sektorea ekoizle, garraiatzaile eta kontsumitzailea izango da». Eta hor hiru aukera handi zabalduko dira euskal konpainientzat: «Itsasoan (sorgailu eolikoen ondoan) hidrogenoa ekoizten duten itsasontziak eraikiko ditugu, eta hidrogenoa garraiatzen duten ontziak eta baita hidrogenoa kontsumitzen dutenak. Zabaltzen ari den merkatua da eta Balenciaga ontziola hasia da hidrogenoz bultzatutako ontziak ekoizten».

Santurtunen arabera, euskal portuek ere trafiko berria irabaziko dute hidrogenoaren eta haren deribatuen logistikaren ondorioz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iñaki Alonso Bizkaiko ogasuneko zuzendari nagusia zordunek jasoko duten eskutitza azaltzen. ©Berria

Bizkaitarren errenta aitorpena: etxetik eta «errazago»

Imanol Magro Eizmendi

Zordun guztiei bidaliko die postaz errenta aitorpenaren proposamena, eta kanpainaren hasiera hilabete aurreratu du. Prozesua telefonoz eta Internetez egin ahal izango da, eta «zailtasun handiak» dituztenak aurrez aurre artatuko ditu.

Arcelor Mittalen altzairutegi bat, AEBetan. ©SARRAILLE

Sarrallek puntako teknologiako altzairutegi bat jarriko du AEBetan

Irune Lasa

Arcelor Mittalentzat eta Nippon Steel Corporationentzat egingo du lan, Alabaman. Kalitate handiko 1,5 milioi tona altzairu xafla ekoitziko ditu

Eskola bateko garbitzaile bat bulego bat atontzen. ©Gorka Rubio / FOKU
Espetxe zigorra eta isuna New York gozo dendari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna