Joe Bidenen lehen urtea. Kapitolioko erasoa

Erabakiak hartzeko unea dute

Oldarralditik urtebetera, ikerketak bizkortu nahi dituzte demokratek. Auzipetutako 650 lagunetatik, 40tik gora jo dituzte erruduntzat, tartean Jason Chansey edo 'Q-Anonen Xamana' izenez ezagunagoa.

Donald Trumpen jarraitzaileak Kapitolio barruan, iazko urtarrilaren 6an, Q-Anonen Xamana erdian dutela. JIM LO SCALZO / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Aurtengo urtarrilean, Joe Bidenen agintaldiaren lehen urteak bat egin du hura eragozteko eta AEBetako sistema politikoa astintzeko azkenaldiko ahalegin bortitzenaren urteurrenarekin. Donald Trumpen jarraitzaileek Kapitolioaren aurka egindako erasoen uhinak gaur egunera arte iristen dira, eta aro berri baten abiapuntutzat ere badaukate zenbait adituk.

2021eko urtarrilaren 6an, hauteskundeetako emaitzak egiaztatu behar zituzten Kongresuan, Mike Pence presidenteordearen ardurapean. Errepublikano askok egiten zuten bat Trumpek zabaldutako iruzurraren teoriarekin, eta ez zeuden prest bozak ontzat emateko. Kalean, milaka lagun elkartu ziren Etxe Zuriaren pareko Ellipse parkean, orduko presidentearen deiari jarraituz. Behin eta berriz errepikatu zuen Trumpek «hauteskundeak ostu» zizkietela, eta hauxe erantsi zuen: «Ez bazarete jo eta su borrokatzen, herrialdea galduko duzue». Hitzaldia amaitzean, Kapitoliora joateko esan zien jarraitzaileei, «gure errepublikano ahulei harrotasuna eta kemena emateko, indartsuek ez baitute gure laguntzarik behar».

Handik laster, Poliziaren hesiak gaindituta, Estatu Batuetako Legebiltzarraren eraikinean sartu ziren ehunka lagun. Ordurako, botoak egiaztatzeko saioa etenda zegoen, Paul Gosar kongresukideak eta Ted Cruz senatariak ordezkari errepublikanoen izenean aurkeztutako argudioak aztertzeko. Erasotzaileek «Mike Pence urkatu» oihu egin zuten Kapitolioaren barruan, eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentearen bulegoraino sartu ziren. Hautetsiek, ezkertiarrenek bereziki, ezkutatu egin behar izan zuten. «Ondo nago», txio laburra bidali zuen Alexandria Ocasio-Cortez kongresista gazteak, gertukoak eta jarraitzaileak lasaitzeko.

Trumpek Guardia Nazionala deitzeari uko egin zion, baina gauerako, handik irteteko eskatu zien jarraitzaileei, hauteskundeetan iruzurra egon zela berretsi ostean. Hala, gauerdia pasatuta amaitu zuen Kongresuak Joe Biden presidente eta Kamala Harris presidenteorde bihurtzeko bilkura. Bost lagun hil ziren erasoan, eta handik egun gutxira bere buruaz beste egin zuten bertan ziren bi poliziak, eta hirugarren batek handik hilabete batzuetara.

Ikerketa bideak

Urtarrilaren 6ko gertaeren harira, Kongresuak berak ikerketa batzordea eratu zuen. Hasierako asmoa irailaren 11ko erasoen antzeko lantalde bat eratzea zen, bi alderdietako ordezkariekin, baina errepublikanoek behin eta berriz egin diote uko batzordeari. Bestetik, ikerketa judiziala egon da. Azken hamabi hilotan, 650 lagun baino gehiago auzipetu dituzte, baimenik gabe eraikin federal batera sartzeagatik; horietako 240 ingururi Poliziaren aurrean erresistitzea edo hari erasotzea leporatu diete; arma arriskutsuak aldean zituztela sartu ziren asko. Oraingoz, 40 pasa dira erruduntzat jo dituztenak, tartean Jason Chansley, adardun jantziarekin mundu osoan famatu den Q-Anonen xamana, hiru urte eta erdiko espetxe zigorrarekin.

Oath Keepers eskuin muturreko miliziako buru Stewart Rhodesi sediziorako konspirazioa egotzi diote asteon. Hark Signal komunikazio aplikazioko kanal pribatu batera bidalitako mezuak zabaldu ditu egunotan Kaitlan Collins CNNren Etxe Zurirako berriemaleak; haien arabera, Rhodesek hauteskunde egunaren biharamunean bertan errefusatu zituen emaitzak, eta mezu hau igorri zien jarraitzaileei: «Hau ez dugu gaindituko gerra zibilik gabe. Prestatu zuen burua, gorputza, eta gogoa». Ez zen uneko beroaldia soilik; hilabete geroago tonu berberarekin jarraitzen zuen, kosta ahala kosta Bidenek kargua hartzea eragozteko prest: «Iraultza odoltsu, oso odoltsua egin beharko dugu haien aurka. Horixe gertatuko da». Urtarrilaren 6an bertan bidalitako mezuetan, berriz, honela dio: «Trump kexatu baino ez da egiten. Ez diot ikusten ezer egiteko asmorik; beraz, patriotek euren eskuetan hartu dute auzia. Kokoteraino zeuden».

Lehen aldiz baliatu du Justizia Departamentuak sedizio akusazioa, kutsu politikoa izateaz gain juridikoki erabiltzeko zaila delako. FBIren eta Washingtongo fiskalen ondorioek diotenez, baina, Oath Keepers milizia ultrako kideek denbora eman zuten kideak biltzen eta armak pilatzen, Kongresuan hauteskundeen emaitzen egiaztapena eragozteko.

Brookings etxeko ikertzaile Molly Reynoldsen esanetan, Kapitolioko matxinadak botere transferentzia baketsua eten nahi zuen, eta, ondorioz, AEBetako demokraziaren zutabe nagusietako baten aurkako erasoa izan zen. «Baina Kongresuan diharduten milaka hautetsi, langile, kazetari eta egunero bertan aritzen direnentzat, beste zerbait ere izan zen: euren lantokiaren aurkako eraso bat», azaldu du. Halaxe gogorarazten du demokraten sektore ezkertiarra bultzatzen duen Brand New Congress taldeko Cory Archibaldek: «Banekien jendetza hura bortitza zela. Banekien haietako batzuek berariaz desio zutela gure erakundea eraikin horretaraino eraman duen jendeari kalte egitea. Eta banekien hori egiteko gai zirela».

Ondorioak

Archibald kexu da Bidenen administrazioak eta demokratek oro har ez dutelako behar beste egin egun hartakoa zigortzeko eta eskuin muturraren arriskuari aurre egiteko: «Sei hilabete behar izan zituzten urtarrilaren 6ko batzordea eratzeko, eta gero ere oso motel doa. Baina orain badakigu egun kongresukide diren batzuek aktiboki parte hartu zutela matxinadan. Badakigu Trumpek plan bat zeukala larrialdi nazionalera deitu eta armada tartean sartzeko. Erantzunak oso motel datoz, eta sediziogileak egunero ari dira historia berridazten».

Ordezkarien Ganberako batzorde bereziak erantzun beharko duen galdera da ea estatu kolpe ahalegin gisa hartu daitekeen 2021eko urtarrilaren 6ko Kongresuaren aurkako erasoa. Washington Post-eko politika arduradun Amber Philipsek dioenez, datozen hiletan ikerketa txostena amaitu eta argitara emango dute, eta horrek, berriz, Donald Trumpek agintaldiak utzitako ondarea baldintzatuko du: «Baliteke, aukera txikia den arren, presidente ohiaren aurkako auzibidea ere hartzea. Zer kargu leporatuko lizkioketen uneotan ari dira argitzen». Trumpek jarraitzaileei Kapitolioa uzteko mezua bidali aurreko orduetan bere karguaren utzikeria egin ote zuen ari da aztertzen ikerketa batzordea.

Berandu hasi eta motel doa Kongresuko batzordea ere. Edozelan ere, datozen aste edo hiletan amaitu beharko du lana: udaberritik aurrera, erabateko hauteskunde zurrunbiloan sartuko da herrialdea azaroko erdibideko bozei begira, eta litekeena da errepublikanoak orain baino are gehiago gotortzea euren jarreretan. Ezin ahaztu kargua berritu nahi duten eskuindar askok beste ezeri baino beldur handiagoa diotela Trumpen babesa galtzeari.

Horregatik, Bidenek badaki aste erabakigarriak dituztela berehala, eta bere hitzak ere zorroztu behar dituela. Kapitolioko erasoaren urteurrenean, gogor eta zuzen jo zuen Trumpen aurka. «Demokraziaren eztarrian labana bati eusten» ziola esan zion, eta Etxe Zuriko bizilagun ohiari min handiena ematen dion argudioa baliatu zuen: «Ez da presidente ohi bat soilik. Presidente ohi garaitu bat da. Presidente ohi garaitu, lotsagarri eta ohorerik gabea». Gero, Atlantan errepikatu du asteon «geldi egoteaz nekatu» dela. Ikerketa batzordeak ere azeleragailua zapaldu du. Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buruari eskatu diote ez oztopatzeko eta ikerketarekin bat egiteko; eta litekeena da urtarrilean bertan deitzea Mike Pence presidenteordeari ere.

Egunotan eztabaidagai diren hauteskunde legeak bete-betean sartu dira ikerketaren eztabaidan. Oso zatituta dagoen herrialde horretara krisi konstituzional sakona dator, eta ekaitzaren erdian daude errepublikanoek kontrolatutako hemeretzi estatutan boto eskubidea zailtzeko hartu dituzten neurriak —nagusiki, bistan da, beltzei eta bestelako gutxiengo batzuei eragiten dieten arauak—.

Etorkizuna

Testuinguru horretan, errepublikanoek zer jarrera hartu ebatzi beharko dute. Konplotaren ideia da nagusi, baina sistema politikoa horrenbeste higatzeak eta gutxiesteak sistema horren zutabeetako bat den alderdi kontserbadoreari ere eragiten dio. Ez dirudi, edozelan ere, iruzurraren teoriatik urrundu eta iazko erasoaren ikerketarekin bat egiteko prest egongo denik errepublikano asko. Ted Cruz bera

Besteak beste, Trump auzipetzen duten ebatzi beharko dute ikerketek. Eta, horren arabera, 2024ko hauteskundeetara aurkezterik izango lukeen. Adituek diotenez, presidente ohiaren ingurukoek lortu dute orain artean urrats hori ez egitea —iazko abuztuan, Afganistango krisiaren erdian, esaterako, egiteko zorian izan omen zen—, baina gogorik ez ei zaio falta Trumpi. Hala egitekotan —edo hala egiten duen unean—, kontakizuna kapitulu berri batean izango da.

Dena lotuta dagoen kapitulu batean, betiere. Urtarrilaren 6ko gertaerak beste jazoera kezkagarri batzuen une berean heldu zirela gogorarazten dute William Gale eta Darrell West adituek, hala nola: armak edonora errazago eramateko lege aldaketak adibidez, geroz eta liburu gehiago debekatzea, baita publikoki erretzea ere, arrazen teoria kritikoa irakastea debekatzea, inolako frogarik gabe hauteskunde iruzurra egon dela salatzea eta gutxiengoen boto eskubideak mugatzeko ahalegina. Eta lotura argia ikusten diote urtarrilaren 6ko erasoari: «Ekintza bortitz horien faktoreek gaixotasun larriagoak adierazten dizkigute, eta ez da posible ez ikusiarena egitea. Tartean dira kontserbadore zuriak, pribilegiozko estatus sozial eta kulturala galtzeko beldurrez, eta hezkuntza handirik ez duen jendea, nolabaiteko estatus ekonomikoa gain behera ikusi baitute. Antsietate kultural eta ekonomikoak politika tribala hauspotzen du. Egungo gatazkak desaktibatu eta sakoneko gaitzei heldu ezean, latorrizko kutxa honek eztanda egin dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.