Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Abertzaleen indarrak neurtzeko plaza

Arabak aspaldi utzi zion PPren gotorleku izateari. Alderdi abertzaleen eragina sendotuz doa lurralde horretan, eta EAJren eta EH Bilduren artean lehia «estuagoa» espero da 2023. urterako.

Gorka Urtaran, Gasteizko alkate izendatu berritan, Miren Etxebarriarekin (PSE-EE) batera. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Irekia izan ohi da Arabako hauteskunde lehia. Historikoki, EAJren, EH Bilduren eta PPren arteko indarrak neurtzeko plaza izan da Araba, eta Espainiako panorama politikoak isla zuzena izan du herrialdean. Nolanahi ere, azkenengo udal eta foru hauteskunde deialdien emaitzei erreparatuz gero, ondorio argia atera daiteke: mapa politikoa zatituta egonda ere, indar abertzaleen eragina gero eta handiagoa da herrialde horretan, eta murritzagoa Espainiako alderdiena, bereziki, PPrena. Haatik, dena ez da zuria edo beltza, Asier Etxenike soziologoak eta Aztiker ikerguneko ikerkuntza eta berrikuntza arduradunak ohartarazi duenez: «Datozen hauteskundeetan ezusteak egon daitezke, eta bestelako lehiak ere bai».

EAJk irabazi zituen azken udal eta foru hauteskundeak Araban,eta, PSE-EErekin batera, bi instituzio nagusietan agintzen du. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gehiengo osoz gobernatzen du Arabako Foru Aldundian. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, berriz, boto baten falta du gehiengo osorako, eta oposizioko taldeekin akordioak lortzera behartuta dago. Arabako herrietako emaitzei dagokienez, eta Trebiñu eta Argantzon aintzat hartuta, bozek ondorengo mapa politikoa marraztu zuten 2019an: jeltzaleek 29 udalerritan irabazi zuten; EH Bilduk, 11 udalerritan; PPk, lau herritan; eta PSE-EEk, bakarrean .

Eta zer espero daiteke 2023ko hauteskundeetarako? Etxenikek uste du indar abertzaleen arteko lehian egongo dela gakoa. Azken hauteskundeetako emaitzei erreparatuta, joera aldaketa esanguratsu bat sumatu du Aztikerreko ordezkariak. Gogoratu duenez, 2015eko bozek irauli egin zuten mapa politikoa, eta PPk hegemoniko izateari utzi zion lurraldean. Aldaketaren gakoak azaldu ditu Etxenikek: «Azken 10-15 urteotan aldaketa egon da Araban, oso modu argian, ez bakarrik politikoa, baita soziala, demografikoa eta euskarari lotutakoa ere».

EH Bilduk ziklo aldaketaren lema hartu zuen herrialdean 2011ko hauteskundeetatik aurrera, baina, bereziki, 2015eko bozen ondotik. Orduko hartan, Gora Gasteiz herri plataforma arrakastatsuak hauspotuta, hazkunde handia lortu zuen ezkerreko koalizio subiranistak, eta bigarren indarra izatera iritsi zen, PPren atzetik. Hauteskunde horiek mugarri bat ezarri zuten, eta erakutsi herrialdean eraldaketa soziologiko sakona gauzatzen ari zela. 2019ko hauteskundeek berretsi zuten joera aldaketa hori: EAJk lortu zituen boto gehien herrialdean —botoen %27 pasatxo— eta bigarren indarra izan zen EH Bildu —botoen %23 inguru—. Datorren urteko hauteskundeei begira ere, aldaketa politikoa sendotuko dela uste du Etxenikek. Are, 2023an EAJren eta EH Bilduren arteko lehia «estuagoa» izango dela aurreikusi du, eta, oro har, indartuta aterakodirela alderdi abertzaleen apustu politikoak. «Lehia zuzenagoa izango da EAJren eta EH Bilduren artean», azpimarratu du. Kontrara, PP, PSE-EE eta Ahal Dugu «bazterrean» geratzeko zorian ikusten ditu.

Gasteizen jarri ohi da udal eta foru hauteskundeetako arreta, hiriburuan biltzen baita Arabako biztanleen gehiengoa. Baina2023an begirada zabaltzearen alde egin du Etxenikek, «indar abertzaleen arteko lehia lurralde osoan izango delako».

Aurreikuspenek, kale

Edozein eratan, datorren urteko udal eta foru hauteskundeen inguruan aurreikuspen zehatzak egitea ez da samurra, batez erekontuan hartuta duela hiru urteko bozetan inkesta ia denek kale egin zutela Araban. Gasteizko Udalean, adibidez, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia oso estua aurreikusten zen, eta inkesta batzuek EH Bilduko Miren Larrionen hautagaitza jotzen zuten garaile. Bestelakoak izan ziren, baina, emaitzak: jeltzaleek alde handiz irabazi zituzten bozak, eta PSE-EE izan zen bigarren indarra, botoetan izugarrizko gorakada izanda. EH Bildu, berriz, hirugarren indarra izan zen: Larrionen hautagaitzak botoetan apur bat gora egin zuen, baina 2015eko zinegotzi kopuru berari eutsi zion. Etxenikeren iritziz, «Larrion efektua» esperotakoa baino apalagoa izan bazen ere ez da gutxiestekoa EH Bilduk lortutakoa: «Akaso ez zituen ezkerreko sektore berriak irabazi, baina aurretik irabazitako horiek mantentzea lortu zuen».

Larrionen dimisioaren ondotik, EH Bildu erreferente ezagunik gabe geratu da Gasteizen, eta2023an alkatetzaren alde borrokatzeko aukeraren bat izan nahi badu, bere apustu politikoa indartu beharko du. Felix Gonzalez da orain udal taldeko bozeramaile, baina ikusteko dago hauteskundeetan bera izango ote den alkategaia. Hautagai berri baten inguruan indar guztiak jartzeari arriskua ikusten dio Etxenikek: «Izen baten aldeko apustua egin ordez, markaren inguruko lanketa egin beharko luke EH Bilduk. Emaitza onak lortuko baditu, talde izaera eta proiektu politikoa indartzetik lortuko ditu».

Aldiz, PP eta PSE-EEren emaitzak —eta Ahal Dugurenak ere, neurri batean— Espainiako logikaren testuinguruan kokatu ditu Etxenikek. Uste du PP boto batzuk berreskuratzeko moduan dagoela, baina ia ezinezkoa duela 1999. eta 2015. urteen artean lortu zituen botoen %30 berreskuratzea. Gainera, uste du azken urteotan Arabako PPk zailtasunak izan dituela bi instituzioetan hautagai «berriak eta gazteak» aurkezteko. «Feijooren eskutik Espainiako PPk goranzko bideari ekiten badio, Arabako PPk fruituren bat eskura dezake».

PSE-EEri dagokionez, Etxenikek dio 2019an Miren Etxebarria hautagaiak Gasteizko Udalean lortutako arrakasta «ezustea» izan zela, eta orain estatu mailako dinamikak «kalte» egin diezaiokeela. Iritzi dio PSOE Madrilgo gobernuan egoteak ez diola onurarik ekarriko PSE-EEri, eta 2023ko hauteskundeetan «higadura» sumatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.