Hidroituango megaproiektua

Ituango, bake minez

2016az geroztik FARCek utzitako lekua hartu du AGC talde paramilitarrak, eta areagotu egin da Hidroituangoren aurka dauden lider sozialen kontrako indarkeria.

Talde kriminalek pintaketen bidez adierazten dute non dauden. SILVIA CORREDOR.
Maite Asensio Lozano.
Ituango
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ituango ulertzea konplexua dela dio herriko gazte batek: «Ez dago bizitza duinik hemen. Lur jota dago jendea». Beldurra aipatu du segituan, eta isiltasuna defentsa mekanismo gisa. Izan ere, bakea, errealitate bat baino gehiago, desira bat da han, Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak 2016an erdietsitako bake akordioen eragina ez baitute ia nabaritu. Are, bortizkeria gordindu egin da azken bost urteetan, eta Hidroituango egitasmoa gauzatzeko prozesuan ezinbesteko pieza da nekazarien eta lider sozialen aurkako jazarpena. Egoera ezegonkor horren adierazle izan zen Gustavo Petro presidenteak kargua hartu eta hogei egunera eginiko bisita: mehatxupean direnen biziak babeste aldera, neurri bereziak hartzeko aginte postu bateratu bat ezarri zuen Ituangon, baina lau egun geroago bake akordioen sinatzaile bat eta nekazari bat hil zituzten.

Ikusi gehiago:MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Antioquia departamenduaren iparraldeko eskualdeko udalerri handiena da Ituango: 2018ko datuen arabera, 27.000 biztanle ditu —baliteke orain gutxiago izatea, lekualdatzeen ondorioz—, eta soilik 7.000 bizi dira herrigunean; landa eremu zabal eta malkartsu batean barreiatuta daude herritar gehienak. Kokapen estrategikoa duela eta, eremua mendean hartu nahi izan dute beti talde armatuek. Urteetan FARC gerrillak indar handia lortu zuen, baina 2016an desmobilizatu zenean hark utzitako lekua paramilitarrek hartu dute: AGC Autodefensas Gaitanistas de Colombia taldeak ia erabat okupatua du Ituango.

«Herrialdeko gune gatazkatsuenetako bat dugu egun Antioquiako iparraldea», berretsi du Carlos Palaciosek, giza eskubideen defendatzaile eta bertako Nekazari eta Gizarte Elkarteen Sareko kideak. «Ivan Duqueren gobernuak uko egin zion bake akordioak betetzeari; ondorioz, gatazka armatua birkonfiguratu egin da». Eremua guztiz militarizatuta dago: Poliziaz eta armadaz gain, «eragile armatu ugari» daude. Lehenik, paramilitarrak: «AGC da talde nagusia, indar publikoen onespenarekin: Antioquia iparreko 125 udalerrietako 116tan dago». Bigarrenik, gerrillak: «ELN zabaldu da, eta FARCen disidentziak ere badaude: 18. eta 36. Fronteak». Hirugarrenik, banda kriminalak: «Delinkuentzia taldeak dira, baina ahalmen handia dute; Pachelis eta Mesa dira indartsuenak». Laugarrenik, narkotrafikatzaileak: «Droga kartel handiak agertu dira».

Talde armatuon eragin gaitasuna ulertzeko, «estatuaren abandonua» hartu behar da kontuan, Libertad talde juridikoko Vanessa Vasco Vargas abokatuaren esanetan: «Estaturik ez dagoenean, legez kanpoko talde armatuen dinamikak gailentzen dira. Nekazarientzat oso zaila bada uzta landa eremutik herrigunera ekartzea, talde armatuek errazago inposatuko diete koka landatzea». Jardun hori eteteko helburua zuten bake akordioek. Vascok gogora ekarri du bi puntutan zutela itxaropena nekazariek: «Landa erreforma integralaren bidez, lurrak nekazarien esku utzi nahi zituzten formalki, eta inbertsio soziala areagotu. Eta legez kanpoko laboreen erabilera ordeztuz, haien jarduera ekonomikoa aldatu nahi zuten».

Horretarako, gobernuaren programa baten bidez, nekazariek hitzarmen bat sinatu behar dute, koka uztak entregatzeko eta, hiru fasetan banatutako laguntzekin, laboreak ordezkatzeko. «Arazoa da nekazariek koka kendu dutela, baina estatuaren laguntzak ez direla heldu. Beraz, sei urteren ondoren, nekazari askok berriz landatu behar izan dute koka, familiak gose zirelako eta talde armatuen presiopean zeudelako», esplikatu du Vascok.

Are, Nazio Batuen Erakundearen arabera, Duqueren agintaldian %43 areagotu ziren legez kanpoko laboreak. Inoiz ikusi gabeko datuak dira, Palaciosen arabera: «Jada milioika tona kokaina esportatzen ari gara. Etengabeko gerra bat elikatzeko baliabide ekonomikoak dira horiek, eta komunitateen aurkako indarkeria areagotzea dakarte». Ildo horretan, giza eskubideen aldeko erakundeek datu kezkagarriak eman dituzte: iaz, Antioquia iparraldean 4.847 pertsona lekualdatu zituen bortxak.

«Egoera humanitario larria»

Ituango barruan ere, «lau desplazamendu masibo» izan ziren landa eremutik herrigunera, Vascok oroitu duenez: «Nekazari gehienak paramilitarrek egotzi zituzten, Mila operazioa deiturikoan: uztailean eta abuztuan, hegoaldetik eta mendebaldetik honantz mugitu ziren mila paramilitar, eta departamendu osoan ez zuten borroka bat ere izan Poliziarekin edo armadarekin». Bake akordioak sinatu zirenetik, giza eskubideen aldeko 24 ekintzaile hil dituzte gutxienez herrian. «Egoera humanitarioa larria da hemen».

Hala, Palaciosentzat «susmagarria» da Hidroituango gerra egoera batean egonkortu izana: «Egunero dugu bortxazko gertaeren berri, baina beti eragiten diete komunitateei, inoiz ez megaproiektuari». Gogoratu du Kolonbian ezarri diren beste egitasmo erraldoi batzuek «egitura paramilitarren finantzaketa» izan dutela. «Gerrila nagusi zenean, ez zegoen bermerik halako egitasmo bat aurrera ateratzeko; paramilitarrak gailendu zirenean lortu zen bideragarri izatea».

Eta nabarmendu du Hidroituangoren aurka hitz egitea arriskutsua dela: «Megaproiektuaren kontra mobilizatu diren elkarteak eta pertsonak jazarriak izan dira. Lehenik, estigmatizatzen dituzte, gerrillariak direlakoan, edo erosten saiatzen dira. Horrek ez badu funtzionatzen, beste praktika batzuk daude: hertsatzea, mehatxatzea... Eta azkenean, lekualdatzea, desagertzea, hiltzea». Oraintxe, hainbat lider sozialen aurkako «azpijoko judizial bat» prestatzen ari direla ohartarazi du: «Beldur gara, baina bide hau hautatu dugu: ez badugu ezer txarrik egin, zergatik ezkutatu behar dugu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.