Hidroituango megaproiektua

MEGAPROIEKTUAK ERAMAN DUENA

Kolonbiako Antioquia departamentuan izan da BERRIA, Zehar-Errefuxiatuekin erakundearekin batera, Hidroituango zentral hidroelektrikoaren gizarte eta ingurumen eraginen berri jasotzen.

2. Puerto Valdivia. Ibaiertzean dago auzoa; kalte handiak izan zituen 2018ko istripuan. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Valdivia - Ituango - Toledo
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Ibai hau ez da sekula hain hazita jaitsi». Kezkatuta begiratu dio Gustavo de Jesus Baenak Cauca ibaiaren emari handiari, Kolonbiako Valdivia herrian. Ondo ezagutzen du errioa, meatzari artisaua baita, barequero deitua: urre bila aritzen dira ibaiertzetako hondartzetan, belaunaldiz belaunaldi «oinordetzan» jasotako tekniken bidez. Patrón Mono esaten diote ibaiari, kafe kolorekoa delako, eta bertakoen «enplegatzaile» nagusia: «Guk ez dugu enpresarik behar: Cauca daukagu; hark eman izan digu bizibidea. Orain ez dago ia ezer; ibaia aldatu digute, eta bizia aldatu digute». Hidroituango zentral hidroelektrikoa eraikitzeko lanek kolokan jarri dute Antioquiako gune horretako komunitateen bizimodua, eta haren aurka antolatu dira nekazariak, meatzariak, arrantzaleak eta bizilagunak. «Hau baldin bada garapena, ez dugu nahi: suntsiketa eta gosea besterik ez dakar».

Trabak eta zalantzak pilatu dituzte Hidroituangoren obrek, 2010ean hasi zirenetik. Kolonbiako egitasmo energetikorik handiena da: herrialdeak behar duen energiaren %17 sortzeko gai izango da, nahiz eta gaur egungo ekoizpenarekin Kolonbiak jada superabita duen. Cauca ibaiaren arroilan eraiki dute azpiegitura erraldoia, Ituango eta Briceño udalerrietan, bi faila geologikoren gainean, eta horrek kezka eragin du mendiaren egonkortasunaren inguruan; izatez, ingurumen baimena gutxienez hamahiru aldiz moldatu dute azken urteotan. 2018an izandako istripu larri batek, gainera, kolokan jarri zuen egitasmoa, eta agerian utzi zuen ibaian behera dauden komunitateen arriskua.

Ikusi gehiago:EPM: «Zentrala eraitsi ezina da»

EPM Empresas Publicas de Medellin da proiektuaren arduraduna; enpresa publiko bat da berez, baina nazioarteko inbertsioen bidez ari da egitasmoa finantzatzen. Enplegua eta garapena agindu ditu Antioquiarako, baina megaproiektuak ekarri dienaz ez, eraman duenaz kexu dira hango komunitateak: ingurumena hondatzeaz, herrietako jardun ekonomikoa aldatzeaz, parte hartzea murrizteaz eta indarkeria politikoa handitzeaz, komunitateak apurtzeaz... Han izan da BERRIA, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak antolatutako misio batean, eta berretsi du egitasmoak areagotu egin dituela lekualdatze behartuak, bai zentralaren aurkako eragile sozialei etengabe jazartzen zaizkielako, bai obretan hainbat auzo hustu dituztelako, bai komunitateen bizibideak desagertzen ari direlako.

«Ibai hau bizia da guretzat; berak eman digu jana, lasaitasuna, ongizatea, batasuna. Gure erantzukizuna da ibaia defendatzea, gure obligazioa: harekin zorretan gaude». Pasioz mintzo da Oscar Mauricio Madrigal Cauca ibaiari buruz. Rios Vivos mugimenduko presidenteordea da, eta Valdiviako bizilaguna; beraz, egunero antzematen du zer ondorio dituen megaproiektuak ibaiaren arroan: «Kalte ikaragarria ekarri du, errioari dinamika naturalak aldatu baitizkio: ibilbidea, tenperatura, pH-a, emaria... Urtegia egin zutenean, ibaia ia lehortu egin zen, eta orain hazita dator, baina oso arrain gutxi dakar, haien migrazioa eten egin delako, urtegian gaixotu egiten direlako...».

Ikusi gehiago:Ituango, bake minez

Meatzari artisauentzat goitik beherako aldaketa ekarri du horrek. «Urrea bilatzen ez genuenean, arrantzan egiten genuen, edo bananak eta jukak landatzen genituen ibaiertzean edo irletan; ez zitzaigun ezer falta. Orain, ez urrerik, ez arrainik, ez landatzeko gunerik. Egunean bi otordu egitearekin konformatu behar dugu; seme-alabak eskolatik atera ditugu, ezin genituen-eta uniformeak ordaindu», deitoratu du Gustavo de Jesus Baenak. Asomiaval barequeroen elkarteko burua da Juan Pablo anaia, eta azaldu du urrea bilatzea ia ezinezkoa dela gaur egun: «Batetik, leku askotan ezin gara ibaiertzera jaitsi, bide asko pribatizatu dituztelako. Eta, besterik, urrerik ez dago ia: sedimentuak presan geratzen dira, eta urrea ez da honaino iristen. Orain, erreketan eta iturburuetan aritzen gara, baina askoz gutxiago ateratzen dugu».

Eragileon arabera, 6.000 meatzari artisautik gora ari dira bizibiderik gabe geratzen. «Jornalean lan egin behar dugu, enpresaren batentzat, ahal bezala lortzeko lehen ibaiak ematen zigun jana», esplikatu du Juan Pablo Baenak. Ekonomia informala nagusi den eremu batean, aldaketa horrek ez dio eragiten lan jarduerari soilik, Madrigalen hitzetan: «Barequeroek beste lan kultura bat daukate; ez daude ohituta ordutegietara: urre bila ari zirenean, ibaira joaten ziren zortzi egunez, bertan egiten zuten lo... Trukearen kultura ere oso errotuta dugu hemen, baina galtzen ari da».

«Klima aldatzen ari da»

Ibaian gora, urtegiaren inguruan bizi direnek ere nabaritu dute megaproiektuaren eragina. «Klima aldatzen ari da», ohartarazi du Franciscok; izen asmatua da, mehatxupean baitago Antioquia Iparraldeko Nekazari eta Gizarte Elkarteen Sarean egiten duen lanagatik. Gogora ekarri du presak berak berotegi gasak isurtzen dituela, eta urtegia Eichhornia crassipes landare inbaditzaileak hartuta dagoela: «Ur azalean geratzen da, eta ez du oxigenoa pasatzen uzten. Arrainak hiltzen ditu, nabigazioa eragozten du...». Presaren gainezkabideak, gainera, lurrun handia eragiten du. «Orain, arroila hau egunero dago lainotuta; egunak beroagoak dira, eta gauak, hotzagoak. Uztan eragiten ari da: arbolak loratzen dira, baina fruituak ez dira ontzen; indabak usteldu egiten dira, kafe eta kakao gutxiago dugu... Zer gertatuko da nekazariokin?».

Egitasmoaren ondorioak aspaldiko arazoei batu zaizkie: «Estatuak abandonatuta gauzka». Besteak beste Toledo, Sabanalarga eta San Andres de Cuerquia herrietan nekazariek dituzten zailtasunak aletu ditu Franciscok: «Hiruzpalau ordu behar izaten ditugu produktuak gure baserri auzoetatik herrira ekartzeko; sarri, mando gainean, ez baitugu biderik. Ez dugu baliabiderik». Hain justu, errepideena «problema historikoa» da gune horretan: «EPMk esan zuen konponduko zuela, baina ez da hala izan. Luizi pila bat ditugu, eta errepideak garbitzeko makinak gure poltsikotik ordaindu behar ditugu; bestela, asteak egin ditzakegu bakartuta, janik edota botikarik gabe. Megaproiekturako denetik badago, zergatik ez nekazariontzat?».

Ikusi gehiago:«Desinstituzionalizazioak abagune egokia jarri die megaproiektuei»

Baina, batik bat, 2016ko bake akordioek agindutako landa erreformaren zain daude. «Lurrak oso txarto banatuta daude: %70 familia bakar batenak dira. Paramilitarren bidez beldurra eraginez hasi ziren aspaldi lurrak erosten: 'Saltzen ez baduzu, alargunarekin negoziatuko dugu', esaten ziguten. Orain, enpresa hidroelektrikoak ere lur pila bat erosi ditu, eta nekazariak gabe geratu gara».

Zentral hidroelektrikoaren obren ondorioz ere ari da landa eremua husten, Alternativa Popular taldeko kide Danid Tapiasek berretsi duenez: «Ituangoko gazte asko joan dira proiektura lanera. Enplegua aitzakia bat da erauzketa proiektuak ezartzeko; zer gertatuko da obrak amaitzean?». Joera horrek, gainera, sexu arrakala handitu du, gizonen esku geratu baitira egitasmoak sortutako ia 9.000 enpleguak: «Logika patriarkalak indartu dira: emakume batzuk etxean geratzen ari dira, zaintza lanetan, eta beste batzuek lana lortu dute zentral hidroelektrikoan, garbiketan edo sukaldean; andreentzako ordainpeko lan apur horiek etxeko lanen erreprodukzioa dira».

Andreen estigma eta bortxa

«Emakume infidelen autobusa esaten diote langileen garraioari, han lanean dauden gizon pilarekin joango direlakoan», zehaztu du Rudy Estela Posadak, Rios Vivoseko kide eta Amaru andreen elkarteko koordinatzaileak. Berretsi du andreak mendekoago egin dituela megaproiektuak: «Guk ere urre bila edo nekazaritzan egiten genuen lan; ez genuen behar gizonek mantentzerik. Baina bizibiderik eta lanik gabe geratu gara, eta erroldetatik kanpo; lurren jabetza agiririk ez dute eduki nekazari askok, baina zeuzkatenak gizonak ziren». Andre asko bakarrik geratu direla gaineratu du: «Senarrak galdu ditugu, erailda edo armak hartu eta alde eginda. Seme-alabekin geratu gara, talde armatuek eraman ez ditzaten borrokan».

Ikusi gehiago:«Beti nituen zelatan, oso era agerian: ez ziren ezkutatzen»

Izan ere, guztiz militarizatuta dago Hidroituangoren ingurua: armadak eta EPMk sinatutako hitzarmenen ondorioz, 2.000 soldadu inguru ari dira segurtasun lanetan, eta AGC talde paramilitarrak indar handia du herriotan. «Militarizazioak genero indarkeriak gehitzen ditu», oroitu du Posadak. Amaruk aspaldi salatua du sexu esplotazioa eta prostituzio behartua areagotu egin direla, eta emakumeak eta neskak salerosteko sareak agertu direla: «Armen botereak andreen gorputzetan ere eragiten du. Nik neuk ikusiak ditut militarrak 12-13 urteko neskei jazartzen, pistolarekin kolpetxoak ematen sorbaldan, haiekin joan zitezen».

«Laguntza psikosozialaren premia» nabarmendu du Posadak: «Enpresak askatasuna kendu digu, eta lasaitasuna. Emakume askori bizitzeko gogoa ere kendu die». Rios Vivosen aterpetxeetako batean ahoskatu ditu hitz gordin horiek; borroka armatuak eta megaproiektuak lekualdatutako pertsonak hartzen dituzte bertan. «Gure minetatik atseden hartzeko etortzen gara», azaldu du Madrigalek. Babeslekuok garrantzi berezia dute 2018ko istriputik: «Ibaiertzean bizi diren familiak beldur dira; batzuk gaixotzen ari dira».

2018ko inflexio puntua

2018ko «kontingentziak» mugarri bat ezarri zuen Caucaren inguruan bizi diren komunitateentzat, eta auzitan jarri zituen urtegiaren egonkortasuna eta segurtasuna. «Ez diezaiogun kontingentzia esan», zuzendu du Madrigalek; «fenomeno antropiko bat izan zen, gizakiak sortua. Larrialdi handi bat».

Apirilean eta maiatzean gertatu zen ezbeharra. Urtegia eraikitzean, bi tunelen bidez desbideratu zuten ibaiaren emaria, eta, gerora, beste tunel bat ere zulatu zuten. 2018an, presa urez betetzen hasi ziren, lehen bi tunelak itxiz, baina apirilaren 28an hirugarrena ere buxatu zen, uretara botatako zuhaitzek tapoi bat sortu baitzuten; handik bi egunera, uraren presioak tunela askatu zuen, baina, handik ordu gutxira, luizi batek berriro blokeatu zuen.

Hurrengo egunetan, azpiegituraren ostean ibaia lehortu zen, eta, bitartean, urtegia kontrolik gabe bete zen: hogei metroko altuera hartu zuen eguneko. Maiatzaren 10ean, ura presaren horma gainditzear zela, eta urtegia hausteko arriskua ikusita, zentralaren makina gela urez betetzea eta urtegia hortik hutsaraztea erabaki zuen EPMk; horrek, adi berean, ur filtrazioak eragin zituen azpiegituraren hainbat gunetan. Bi egun geroago, berriz, uraren presioak desblokeatu egin zuen desbideratze tuneletako bat, eta horrek uholde handia ekarri zuen: neguko emaria hirukoiztu egin zuen Cauca ibaiak bat-batean.

Ibaiak lau zubi eraman zituen aurrean, eta sarraskia eragin zuen Puerto Valdivia auzoan —Valdiviako biztanleen %70 bizi dira han—: etxe multzo batzuk, osasun etxea eta eskolaren zati bat suntsitu zituen. Hamabost udalerritan, gutxienez 15.000 herritarrek etxetik alde egin behar izan zuten. «Ez zen inor hil ibaia ezagutzen dugulako, eta bagenekielako zerbait arraroa gertatzen ari zitzaiola», oroitu du Madrigalek.

Ikusi gehiago:«Hondartzak gauetik egunera militarizatu zizkiguten»

Istriputik lau urtera, Simon Bolivar zubia berreraikitzeko obretara begira dago Dorian Pulgarin. «Osasun etxearen arrastorik ez dago», gaitzetsi du. Medikua da, eta badaki zer ondorio duen osasun zerbitzua eteteak: «Egunero hirurehun lagun artatzen zituzten hemen, eta berrogei larrialdi inguru, tartean hil ala bizikoak: bihotzekoak, sugeen hozkak, erditzeak, intoxikazioak... Valdiviako ospitalera 25 minutu daude autoz, baina luiziek eta istripuek garraio arazo handiak eragiten dituzte, eta larrialdietan denbora erabakigarria da». Haren ustez, osasun eskubidea urratzen ari zaizkie bizilagunei: «Zerbitzuak jarraitua eta integrala izan behar du, eta hemen ez da posible».

Ibaiak eraman zuen eskola zatia ere ez dute berreskuratu, eta ondorio larriak izan ditu gazteengan: «8 eta 14 urte arteko 1.200 ikasle zituen ikastetxeak, eta 2018tik 2019ra bostehunek utzi zuten eskola. Eta oso argi esan behar da: ikasten duen ume bakoitza legez kanpoko jarduerei kentzen diegu; haurrek ezin badute ikasi, erraz joango dira talde armatuetara edo koka laboreetara». «Ardurarik ez balute bezala» jardutea leporatu dio EPMri, eta «erabat isilik» geratzea estatuari: «Guztiz babesgabe gaude herritarrak».

Etxerik gabe

Sentipen bera dute La Platanera etxe taldeko bizilagunek. 2018an urak birrindu zituen eraikinen eskeletoak dira nagusi ibaiertz horretan: batzuk, guztiz utziak, teilaturik gabe ere; eta besteak, pintatuta eta atea jarrita. Ez da ia inor bizi etxe antzeko horietan. «Igerileku bat zirudien honek», esan du Nidia Barrerak, ezinegonez, uholdearen eguna oroitzean: «Bat-batean gertatu zen dena. Nire amak 92 urte zituen orduan; ahal izan nuen moduan atera nuen etxetik, eta, itzuli nintzenean, nire gauza guztiak uretan zeuden».

«Gauez gertatu izan balitz, denak hilda geundeke», gaineratu du Sandra Milena Zapatak. Milaka lagunek bezala, bi andreok aterpetxe batean hartu behar izan zuten ostatu sei hilabetez. «Gero, enpresak itzultzea agindu zigun, laguntzak amaituak zirelako; baina guk ez genuen etxerik», kexu da Barrera. Aldapan gorago bizi da orain, alokairuan: «Nola bizirauten dugun ere ez dakit». Zapata, aldiz, berritutako etxeetako batean bizi da, ibaitik gertu, eta beldurrez: «Gurutze Gorriak trebakuntza eman digu, jakin dezagun zer egin larrialdirik berriz gertatuko balitz... eta horrek ia segurtasun gutxiago eragiten digu. Ahalko banu, bai, hemendik alde egingo nuke».

Burua astindu du Madrigalek hitzok entzunda. Haren ustez, fede txarrez jardun zuen EPMk: «Komunitate honetako kide asko analfabetoak dira: ulertzen ez zituzten gauzak sinarazi zizkieten». Enpresak oso kalte ordain txikiak ezarri zituela salatu du: «1,1 milioi peso [225 euro inguru] eman zien den-dena galdua zutenei: soldata bat adina edo. Zer egin behar zuten horrekin? Hori ez da konpentsazio bat, ez da laguntza integral bat: komunitatearen premiekin jolastu ziren».

Auzitegietan

Megaproiektuak aurrera egin du azken lau urteotan, gainkostu handia izan duen arren —11,7 bilioi pesotik 18,3 bilioira igo da aurrekontua, hau da, ia 3.700 milioi eurora—, eta hainbat auzi epaitegietan ebazteko dituela. Izan ere, ezbeharra eragin zuen hirugarren tunela eraikitzeko lanetan irregulartasunak izan zirelakoan, EPMko hiru arduradun inputatu zituen fiskaltzak irailean; abuztuan, Luis Alfredo Ramos Antioquiako gobernadore ohia, Alonso Salazar Medellingo alkate ohia eta beste kargudun ohi batzuk ere auzipetu zituzten, zentralaren kontratuetan atzemandako irregulartasunengatik.

«Damoklesen ezpata» bihurtu da Hidroituango, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak berak aitortu duenez. Izan ere, azpiegiturak egiturazko akatsak dituela aitortu du: «Ikertu beharko da zergatik herrialdeko zentral hidroelektrikorik handienak ez duen sifoirik ura dragatzeko». Eta, makinak martxan jartzear direla, ohartarazpen argia egin du asteon: «Turbinak piztu baino lehen, arriskuan den biztanleria hortik atera behar da, zuhurtzia printzipio unibertsala baita».

Agintari iritsi berriak, ordea, eskuak lotuta dauzkala uste dute eragileek. Madrigalek penaz dio ibaia berreskuratu nahi luketela, baina zaila dela: «Petrorengandik espero dugu kultura aldatzea: enpresak baino garrantzitsuagoak dira komunitateak. Petroliorik gabe bizi gaitezke, baina urik gabe ez: ura bizia da, baina ezin da produzitu. Ingurumena zaindu behar dugu; gure itxaropena da Petrok kontzientzia hori piztea».

Ikusi gehiago:«Ez dago protestarako eskubidea gauzatzerik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.