Murgiltzea Katalunian

Sei ordu gaztelaniaz, epailearen aginduz

Gorenak %25aren epaia berretsi eta egun gutxira jakin zuten Turo del Drac eskolan gaztelania sartu beharko zutela ikasgela batean. Aurka agertu dira guraso asko, eta horrek eskuineko alderdien eta hedabideen jopuntuan jarri ditu.

Pintaketa faxistak agertu dira eskolan; ez dituzte denak kendu. DANI CODINA.
Maite Asensio Lozano.
Canet del Mar
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
«Jazarpenik ikusten al duzu hemen?». Minutu gutxi falta dira 09:00ak jotzeko, eta Turo del Drac eskolako sarrera nagusira iristen hasiak dira haurrak eta gurasoak. «Normaltasun osoz, egunero bezala», nabarmendu du Monica Ruz ikasleen familien elkarteko kideak. Haserre mintzo da: «Ikastetxe honen proiektuan inplikatutako pertsona gisa, oso minduta nago. Eskolara ez da inoiz iritsi gaztelaniaz ikasteko eskakizunik, baina politikari batzuek esan dute apartheid linguistikoa egiten ari garela. Ez sinestekoa da». Izan ere, lurrikara baten epizentro bihurtu da azken bi asteotan Canet del Mar herria (Bartzelona): 5 urteko umeen geletako batean eskola orduen %25 gaztelaniaz ematera behartu ditu auzitegiak, familia bakar batek eskatuta, eta gainerako gurasoen kontrakotasunak Espainiako eta Kataluniako eskuinak asaldatu ditu.

«Oso azkar gertatu da dena», esan du Marcos de Verak. Irakats hizkuntza aldatu behar izan duen gelan dauka haurretako bat, eta, beste hainbat gurasorekin batera, El Turo en Catala elkartea sortu du. «Abenduaren 2an eman zigun zuzendaritzak epaiaren berri. Salaketa bat bazenik ere ez genekien». Izatez, irakastorduen erdiak nahi dituzte salatzaileek gaztelaniaz; familiak maiatzean egin zion eskaera Generalitateko Hezkuntza Departamentuari, baina gobernuak ez zuen onartu, eta auzitara jo zuen sendiak, Eskola Elebidunaren Aldeko Asanblea izeneko elkarte baten laguntzaz. Auziaren funtsaz erabaki bitartean, behin-behineko neurria ezarri du epaitegiak: hilaren 9tik aurrera, astean sei ordu eta laurden eman behar dituzte haurrek gaztelaniaz.

Ikastetxeak ez du adierazpenik egin —zuzendaritzaren aurkakoa da auzibidea—; Hezkuntza Departamentuak gaitzetsi egin du ebazpena, baina Josep Gonzalez Cambray kontseilariak adierazi du ezin duela ezer egin neurriak indarrean sar daitezen eragozteko. Espainiako Auzitegi Gorenak murgiltzearen aurkako epai orokorra berresteak eragindako ekaitzaren erdian iritsi da agindua, gainera. «Auzibide desberdinak dira, baina sententzia horren osteko lehen ebazpena da hemengoa», argitu du De Verak.

Eta gurasoak berehala antolatu ziren kontra; bi asteotan 35.000 sinadura baino gehiago bildu ditu haien manifestuak Interneten: «Ez gatoz bat ebazpenarekin. Ez da bidezkoa eskolaren egitasmoari eta murgiltze sistemari halako erasorik egitea. Frogatuta dago katalanezko hezkuntza proiektu integratzailea dela, eta ez duela kalterik eragiten gaztelaniazko gaitasunetan», aldarrikatu du De Verak. Ikastetxearen autonomia ere babestu nahi du Ruzek: «Eskolaren erabakimena defendatu behar dugu. Gurasoen parte hartzerako organoak asko hobe daitezkeela badakigu, baina epaileak ezin du esan hemen ez zaiola familia horri entzun: eskolara ez da inor etorri hizkuntza proiektua auzitan jartzera».

Haur eta lehen hezkuntzako 500 ikasle inguru ditu Turo del Drac eskolak. Umeen etxeen %40 ingurutan ez da katalanez egiten. «Gure haurren integraziorako beharrezkoa da murgiltzea», esan du Laura Vassallok. Duela bi urte eta erdi iritsi zen Argentinatik, eta 6 urteko semea du ikastetxean. Ereduaren eraginkortasuna txalotu du: «Harrituta nago: bikain hitz egiten du katalanez. Ez du arazorik izan hizkuntza ikasteko. Bestela, nola gizarteratu behar zuen hemen?». Amorruz mintzatu da azken bi asteetako iskanbilaz: «Kaosa eragitera etorri dira. Hemen ez dago inolako problemarik. Eta haurrentzat hobea da hizkuntza gehiago ikastea! Nire herrialdean hizkuntza asko zeuden, eta denak desagertu dira; kanpotarra izanda ere, mingarria egiten zait hemen ere ikustea jende bati ez zaiola axola esentzia hori galtzea. Hau guztia politika da; ez da auzi pedagogiko bat».

Ebazpena nola bete

Izan ere, epaia aplikatzea ez da batere erraza. «Astearte eta ostegun goizean ordubete egiten dute gaztelaniaz; eta astean hiru arratsaldetan ere bai», azaldu du De Verak. Arazoa da haur hezkuntzan ez dagoela irakasgairik: «Proiektuen arabera funtzionatzen dute: musika, psikomotrizitatea, ingelesa... Irakaslea ez da ari ikasgai bat ematen; bere lana gehiago da haurrak gidatzea, jolastuz ikas dezaten». Irakasle gutxi izanda, gaztelania dinamika horietan txertatzea nahasgarria izan daiteke haurrentzat. «Ingelesezko irakaslea kalean ikusten dutenean, ingelesez egiten diote; hau da, umeek badakite norekin erabili hizkuntza bakoitza. Baina irakasle batzuk katalanez eta gaztelaniaz hasten badira, hizkuntza erreferente hori gal daiteke». Datorren ikasturteari begira ere jarri da De Vera: «Epaiak dio irakasgai tronkalak izan behar dutela, eta 6 urtekoentzat lau daude: katalana, gaztelania, ingelesa eta matematika; beraz, matematika eman beharko dute gaztelaniaz».

Dena den, hangoa ez da gaztelaniazko irakaskuntza inposatu duen lehen epaia, «baina orain arte oharkabean igaro dira», Canet del Marreko alkate Blanca Arbellek (ERC) oroitu duenez. Eskolako zuzendaritzari eta gurasoei babesa adierazi die, eta haserre jardun da justiziaren jarreraz: «Hasieran, salatzaileen haurra ikasgelatik ateratzen zuten ordu horietan, eta beste irakasle batekin egoten zen, baina gero konturatu ziren adingabearen identitatea babestu behar zutela eta, beraz, gela osoari aplikatu behar zitzaiola neurria. Eta horrela joan dira Espainiako auzitegiak legeetan zirrikituak aurkituz, murgiltzea setiatzeko».

Baina Canet del Marren izandako ekaitzak lotura gutxi dauka hezkuntzarekin. Katalanaren aurkako eragileek sinbolotzat hartu dute, eta gezurrak hedatzeari ekin diote. El Turo en Catala taldeari egotzi diote salaketa jarri duen familiaren identitatea zabaltzea, haurraren aurkako jazarpen kanpaina bat abiatzea... Eskandaluzkoa izan da, De Veraren hitzetan: «Gironako gizon batek —guk ezagutzen ez duguna— Twitterren esan zuen harrika erasoko liekeela salatzaileei, eta hortik atera dute sendia seinalatu dugula eta umea harrikatu. Gure Whatsapp taldearen bidez mehatxuka ari ginela ere esan dute; noski, gezurra da». Zurrumurru horiek hauspotu dituztenek ere azkenean aitortu behar izan dute ez daukatela ezeren frogarik.

Gorroto mezuak

Berandu, ordea: gezurra eskuineko politikarien ahotan ibili da aste osoan, katalanaren defentsa nazismoarekin konparatzeraino. Kataluniako Parlamentean izan da asteon adierazpenik neurrigabeena: Miguel Angel Blanco zinegotziaren hilketari erreparatuz, Canet eta Ermua alderatu ditu Carlos Carrizosa Ciutadanseko diputatuak. PPko Espainiako buru Pablo Casadok ere «apartheid linguistikoa» egitea egotzi die murgiltzea defendatzen ari diren gurasoei. Alkateak uste du eskuinaren estrategiaren parte dela hori: «Canet eskuinekoa zen lehen, eta ezkerrekoa da orain: hemen ez dugu PPko, Voxeko edo Ciutadanseko zinegotzirik; denak kanpoan geratu dira, eta amorratuta daude; beraz, halako ikuskizunak baliatu behar dituzte, euren seme-alabak erabilita ere».

Zalaparta horren adierazle, mossoen patruila bat izan da goizero ikastetxearen aurrean, fiskalaren aginduz eskola sartzea zaintzen. Eta familien elkarteak ohar baten bidez gezurtatu behar izan ditu akusazioak. «Kontakizun faltsu bat sortu dute, ez datorrena bat eskolako giro kohesionatuarekin», adierazi du Monica Ruzek. Bide horretan, eskola komunitatearen erantzunaz «harro» mintzatu da Arbell: «Lasai egon daitezke guraso salatzaileak: gainerako aita-amak izango dira lehenak haur hori babesten. Hala egin dute orain arte ere, arduratsu». Bat etorri da Vassallo: «Eskola oso integratzailea da. Gurasoek ez lukete horrelako girorik sustatuko. Herri lasaia da hau».

Aldiz, eskolaren aurka izandako erasoek eta gorroto mezuek ez dute hainbeste oihartzunik izan Espainiako hedabideetan: svastika eta mezu faxista bat baino gehiago ezabatu behar izan ditu ikastetxeak. «Goiz batez agertzen dira, azkar kentzen dituzte, eta biharamunean beste horma batean egiten dituzte. Nola azalduko diot hau nire umeari?», galdetu du Vassallok. Udalean ere «denetarik» jaso dute, Arbellek baieztatu duenez: «Eta eskolan mehatxuak jasaten ari dira etengabe». Hala ere, ukatu egin du herrian gatazkarik dagoenik: «Hemen ez dago inolako arazorik».

Zaratatik aldendu nahi dute Canet del Marren. «Eta ondo egiten duguna defendatu», erantsi du alkateak: «Diktadura ostean Espainiatik etorritakoen seme-alabak bigarren mailako herritarrak izango lirateke murgiltzeagatik ez balitz: aukera berdintasuna bermatzen du katalanez jakiteak. Orain datozen gazteak ere gure hizkuntzara eta kulturara ekarri nahi ditugu, eta erraztu hemen gara dezaten beren bizi proiektua». Iskanbila apaltzen denean egungo eredua babestu ahal izatea espero du Marcos de Verak: «Pedagogikoki, sozialki eta komunitarioki proiektu interesgarriena da murgiltzea, eta horixe defendatu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.