Udalen osaketa Katalunian

Ada Colauk alkatetzari eutsi dio, Vallsen botoekin «deseroso»

BCN Canvi-C's-eko hiru zinegotzik eman diote botoa. «Ez da egun zoriontsua», esan du alkateak

Ada Colau Bartzelonako aginte makila hartzeko unean, Manuel Valls eta Joaquim Forn begira dituela. QUIQUE GARCIA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lau urteren buruan gauzak asko aldatu daitezkeela ikusteko, begiratu besterik ez dago atzo Bartzelonako Sant Jaume plazan gertatukoari. En Comu Podemeko Ada Colau lehen aldiz Kataluniako hiriburuko alkate bihurtu zenean, dena zen poza, emozioa eta festa udaletxe atarian, jendeak zoriondu egiten zuen. Atzo, ordea, harrera oso desberdina izan zuen.

Plazara bildutako jendeak bazekien Colauk lortu egingo zuela alkatetzan jarraitzea, eta helburu hori erdiesteko PSCko zinegotzien eta BCN Canvi-C's-eko Manuel Vallsen zerrendako zinegotzien botoak izango zituela. Operazio horren kontra, eta Colauren jokaera salatzeko, jendetzaren zati handiena protesta egitera bildu zen Sant Jaumera, mossoen zaintzapean.

Bozgorailuetan eta pantailetan Colau , PSCko Jaume Collboni edo Manuel Vallsen —edo haien zerrendakideen— izena entzun edo ikusten zen bakoitzean, protesta txistuak nagusitu ziren, nahiz eta Colauren aldeko afixa zenbait ere agertu.

Hauteskundeetako irabazle ERCren hamabost botoei uko egin baina alkate izaten jarraitzeko, En Comu Podemeko hautagaiak sozialisten eta Vallsen taldearen babesa izango zuela jakina zen. BCN Canvi-C's-eko sei zinegotzietatik hiruren botoa jaso zuen Colauk, orotara 21 boto. Hala ere, Colauk gutxiengoan gobernatuko du.

Kopetilun

Colau kopetilun eta deseroso agertu zen inbestidura saio osoan, baita bere hitzaldian ere. «Ez da egun zoriontsua», aitortu zuen lehen hitzetan, «pentsatuko ez genuen inbestidura zaila izan da». Alkateak eskertu egin zituen jasotako botoak, baita Vallsen alderdiarenak ere. Hala ere, Colauk azpimarratu zuen ez dituela Vallsen botoak bilatu; «ez dugu ezkutatu haiekin deseroso gaudenik».

Bartzelonako alkatetzan beste lau urte politika berritzaileak egiten jarraitzeko nahi zituztela esan zuen Colauk. «Batzuek distantziakide deitzen bagaituzte ere, ez gara inondik ere neutral sentitzen. Ez naiz inoiz alkate independentista izango, ezta independentisten kontrako alkatea ere. Ahaleginduko naiz bartzelonar guztien alkate izaten».

Aurretik hitz egin zuen Joaquim Forni Colauk esan zion konpromisoa hartzen zuela hura bisitatzeko. Eta jakinarazi zuen xingola horia atzera udaletxera itzuliko dela; «ezin da normalizatu preso politikoak egotea».

Horiek esaterakoan jaso zuen Colauk jendearen txalo orokorra. Izan ere, txistuez gain, atzo arratsaldean entzun ziren babes oihu eta txalo ozenenak, udaletxe atarian eta barruan, Joaquim Fornentzat ziren.

Generalitateko Barne kontseilari izandako PDeCATeko zinegotzia preso dago Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain. Bere hitzaldian atzo hitz zorrotzak izan zituen Ada Colaurentzat. «Huts egiten» ari zela esan zion. «Kritikatzen dituzun boteretsu horien tresna baliagarria izan zara».

Hauteskundeen irabazle Ernest Maragallek ere argi hitz egin zuen. «Ez gara izango ustezko progresismo ukiezin baten aliatu otzan eta mantsoak».

Eguneko beste protagonistak, Manuel Vallsek, ez zuen eufemismorik erabili. «Jokoan zegoena oso inportantea zen. Hori da zuri hiru boto emateko arrazoia, Colau andrea. Beharrezkoa zen alkate independentistarik ez izatea». Hori bai, gogoratu zion boto horiek gabe ez zela izango alkate. Era berean, elkarren arteko desadostasunak ezagunak izan arren, hitzarmenetarako gonbita egin zion Vallsek Colauri.

Ahoan bilorik gabe erantzun zion Vallsek Joaquim Forni ere. «Uler dezaket hemengo batzuk hunkitzea zurekin, baina Espainian ez dago ez preso politikorik, ezta erbesteraturik ere».

Albiol, alkatetzarik gabe

PPko Xavier Garcia Albiolek ez zuen lortu atzo atzera Badalonako alkate izatea. Helburu horrekin, Guanyem Badalonak eta ERCk PSCko egungo alkatearen alde bozkatzea erabaki zuten.

Madril PPrentzat, Ciudadanosen eta Voxen botoen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.