Hiru eguneko dolua ezarri dute Lizarran, hildako bi umeengatik

Bi zaurituk larri segitzen dute ospitalean, eta Aiegi eta Arroitz ere doluan daude bihar arte

Lizarran autobusak ostiralean izandako istripuaren irudi bat. JESUS DIGES / EFE.
Inigo Astiz
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Istripuaren arrastoak oraindik agerikoak zirela, beste hizketa konturik ez da egon Lizarran (Nafarroa), ostiral iluntzean autobus batek Karlos VII.aren kalean kontrola galdu, auto bat gasolindegiko dendaren aurka zanpatu, eta, kolpearen ondorioz, bertan ziren 8 eta 5 urteko bi anai-arreba hil direnez geroztik. Istripua gertatu eta berehala zendu zen neskatoa ostiralean, eta larri ospitaleratu ostean, gauean hil zen mutikoa. Balaztarik gabe geratu zela oihukatu zien bidaiariei gidariak, busean ziren lekukoen arabera, eta lehen autoa jo, eta beste hamabost ibilgailu inguru jo ostean soilik gelditu zen autobusa. Jadanik egonkor dauden arren, ospitalean larri zauriturik jarraitzen dute oraindik umeekin autoan zegoen amak, eta autobusak harrapatutako 34 urteko oinezko batek. Udalek deituta, elkarretaratze isilak egin zituzten atzo Lizarran, Aiegin hildakoak hangoak baitziren eta Arroitzen larri dagoen amaren jaioterria baita, eta hiru dolu egun ere ezarri dituzte.

Foru Poliziak abian du jadanik gertatutakoa argitzeko ikerketa, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Barne kontseilariak istripua gertatu eta ordu gutxira jakinarazi zuenez. Oraingoz, ordea, ez dute eman istripuaren arrazoiei buruzko xehetasunik, eta, beraz, Logroñotik Lizarrara zihoan La Estellesa enpresako autobusa frenorik gabe geratu zela da hipotesi nagusia. Diario de Navarra egunkariak bildutako bidaiari baten lekukotzaren arabera, ibilgailuari egin behar zitzaion eta egin gabe jarraitzen zuen konponketa bat izan zuten mintzagai Logroñon autobus gidariak eta beste langile batek.

Garraio enpresak ohar bidez agertu du gertatutakoak eragindako «mina», eta dolumina helarazi die hildakoen senideei.

Gonzalo Fuentes Lizarrako alkateak esan du gertatutakoa «tragedia» bat izan dela, eta gehitu du herria «erabat atsekabetuta» dagoela. Jakinarazi duenez, Lizarrako Udalak bere baliabide guztiak jarri ditu sortzen den edozein beharri erantzuteko. Leo Camaces Aiegiko alkateak ere atsekabea agertu du gertatutakoagatik, eta babes guztia azaldu dio hildakoen familiari.... Arroizko Udalak ere herritarren mina aitortzeko ezarri ditu hiru dolu egun.

Dolumin mezu eta keinuak

Istripuaren berria zabaltzen hasi zenetik beretik hasi ziren babes mezuak ere. Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria izan ziren dolumina azaltzen lehenetakoak, baina parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek ere azaldu dute euren samina sarearen bidez, eta hainbat izan dira asteburuan, hildakoengatik minutu bateko isiltasun tartea egin duten kirol ekitaldiak. Osasuna futbol taldeak ere, adibidez, gogoan izan zituen Lizarran hildako bi umeak atzoko lehia hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.