Xabier Makazaga.

Agintari jeltzaleen autokritika, noizko?

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Orain arte, agintari jeltzaleek ez dute agertu autokritika zintzoa egiteko inongo asmorik hainbat gaitan izandako jarrerari buruz: tortura, sakabanaketa... Espainiar agintariek beste gai batekiko autokritika egiteko exijitu zietenean, ordea, azkar asko egin zuten. Bai, behin eta berriro adierazi izan dute oso okerra izan zela jeltzaleen eta, orokorrean, euskal gizartearen jarrera, «terrorismoa jasan zuten biktimei behar beste kasurik ez genielako egin;batez ere, 1970eko eta 80ko hamarkadetan».

Alabaina, ETAk ia egunero atentatuak egiten zituen urte gogor haietan, euskal gizartea izan al zen erabaki zuena oso gutxi hitz egitea biktimei buruz telebista eta egunkarietan? Ez horixe! Jeltzaleei autokritika exijitu zietenek erabaki zuten ETAk egiten zituen atentatuez eta eragindako biktimez apenas hitz egitea, biktima haiekiko enpatia nabarmen oztopatuz.

Berunezko urte gisa ezagutzen diren urte haietan espainiar agintariek ez zuten batere erakutsi 1990eko hamarkadatik aurrera erakutsi izan duten interesa biktimez hainbeste hitz egiteko. Hemerotekan begiratzea aski da ikusteko orduan ez zutela aplikatu gerora, askoz ere atentatu gutxiago zegoenean, zorrotz aplikatzen hasi ziren politika.

Garai hartan, komunikabide handiek ezer gutxi esaten zuten atentatu eta biktima gehienei buruz, eta horixe salatu zuen, hain zuzen ere, AVT fundatu zuenetako baten alabak, Ana Velasco Vidal-Abarcak: «Urte haietako gobernuen politika atentatuak ezkutatzearena izan zen. Ia egunero gertatzen ziren erailketei buruzko berriak eguraldiaren ondoren ematen ziren. Telediarioaren hogeita bost minutu jada pasatuak zirenean, bost segundoko berri batean esaten zuten, adibidez, 'Altsasun guardia zibil bat erail dute'. Eta kito. Horrela tratatzen zuten terrorismoaren gaia, izugarria zen».

Euskal Telebistarik ez zegoen hartan, horixe egiten zuten bi telebista kate bakarrek, biak publikoak. Hala hitz egiten zuten ETAren atentatuez eta, horrenbestez, ETAren biktimek zein senideek ezin izaten zuten haien sufrimendua adierazi oso goian harturiko erabaki baten ondorioz. Izan ere, orduko agintari eta komunikabide handien jokaera ez baitzen izan, inolaz ere, inprobisazioaren ondorioa. Gerra guztietan bezala jokatu zuten. Besterik ez.

Berunezko urte haietan Euskal Herrian Zerbitzu Sekretuko buru izandako Angel Ugarte jeneralak Espía en el País Vasco liburuan oso argi hitz egin zuen horri buruz: «Familiek jan egin behar izaten zituzten beraien malkoak, ia bakardadean. Garai hartan ETAk hildakoak isiltasun geruza baten azpian lurperatzen zituzten. Hori egiten saiatzen ziren, behintzat, boterea zutenak». Esan ez zuena da boterea zutenen artean Zerbitzu Sekretua ere bazegoela. Eta nola!

Oso argi dago, beraz, nola jokatu zuten urte haietan boteretsuek. ETAren atentatuen eragina gutxiestea zen orduan haien lehentasuna, horretarako biktimen sufrimendua isilaraziz, eta begi bistakoa da horrek zerikusi nabarmena izan zuela garai hartan sentitu zuten bakardadean eta laguntza faltan.

Urte haiek pasatu ondoren aldatu zuten jokabidea. Orduan hasi ziren komunikabideak atentatuei eta biktimei tarte zabala eskaintzen, betiere azpimarratuz ETAk eragindako biktima guztiak zeharo errugabeak zirela, zibilak izan edo ez. Eta, bereziki, ahaleginak eta bi egiten hasi ziren jendeak oso hurbileko senti zitzan, biktimen eta haien senide zein lagunen testigantzak jasoaz, haiekiko ahalik eta enpatia handiena lortu asmoz.

Torturaren kasuan, ordea, boteretsuek beti bezala jokatzen jarraitu zuten, erabat oztopatuz jendea torturaren biktimekin hunkitu zedin; eta komunikabide handiek beste horrenbeste egin zuten. Geroztik, soilik oso kasu larrietan hitz egin izan dute torturaz, eta, halakoetan, zeharo saihestu dute torturatuen testigantzak ematea eta haien senide eta lagunez hitz egitea. Gainera, beti azpimarratu izan dute torturak jasan izana salatu dutenen erruduntasuna, haiei oso delitu larriak egotziz, eta gezur izugarriak zabaldu dituzte. «Gezurrezko torturak salatzeko ETAren manual» famatu bezain faltsuarena, bereziki.

Agintari jeltzaleek ere berdin jokatu dute, bizpahiru kasu berezitan salbu. Egunkaria kasuan jokatu zuten egokien, baina beste milaka kasutan ezer gutxi egin dute torturari aurre egiteko eta torturatuei babesa emateko. Euskal Telebistak torturari buruz izandako jarrera lekuko.

Dena den, egia da azken urte hauetan emanak dituztela hainbat pauso torturaren errealitate gordina ezagutua izan dadin; baina badirudi, oraingoz behintzat, ez dutela inongo intentziorik torturari buruz autokritika zintzorik egiteko. Eta are gutxiago dute torturaren ukazioa eta haren aurrean izandako jarrerak ikertzeko intentziorik, halako ikerketa batek biluzik utziko bailituzke ukatzaileak eta tortura amai zedin ezer egin ez zutenak. Agintari jeltzaleak barne.

Aldiz, azkar asko egin zuten espainiar agintariek berunezko urte haiei buruz exijitu zieten autokritika, nahiz eta, egiaz, urte haietan gertaturikoaren errudun nagusiak espainiar agintariak izan ziren, eta haiei exijitu beharko lieketen horri buruzko autokritika egin dezaten. Eta, beraiekin batera, beste gai askori buruzko autokritika egin dezaten ere bai.

Begi bistakoa da, bai, boteretsuek exijituriko autokritikei azkar asko egiten dietela men, baina ez dutela inolaz ere jarrera berbera Ezker Abertzaleak eskaturiko autokritikei dagokienez. Eskaera horiei muzin egin izan diete orain arte eta, denek egin beharreko autokritikaz hitz egin ordez, Ezker Abertzalearengan jartzen dute, behin eta berriro, autokritika egitearen zama guztia.

Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.