Kultura: giza eskubide bat

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroa identitate aberatsa eta askotarikoa duen erkidegoa da, bere-bereak diren gobernantza-ereduetan errotutako historia duena; horregatik, kulturak kidetasun-sentimendua sortzen du (...) eta gizartearen elementu integratzailea, eraldatzailea eta dinamizatzailea da.

Nafarroako eskubide kulturalei buruzko Foru Legea, Hitzaurrea III, 2019.

Maiatzaren 27an, Eusko Ikaskuntzak antolatutako jardunaldi bat egin zen Nafarroako hiriburuko Kondestablearen jauregian, duela gutxi Irun?eko Udalarekin (zehazki, Kultura eta Berdintasun Alorrarekin) sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Topaketaren izena bera esanguratsua zen: Eskubide kulturalak: zer, nola, zertarako?

Oraindik ere, eskubide kulturalak zer diren edo horretaz hitz egin daitekeen galdetuko dute batzuek. Hasteko, gizakiarena den guztiaren lanketa esan nahi du kultura hitzak, bere dimentsiorik osoenean, eta eskubide unibertsaltzat jotzen da, NBEren 1948ko Adierazpenaren 27. artikuluan jasotakoari jarraikiz. Era berean, eta indarrean dagoen Espainiako Konstituzioaren 44.1. artikuluan aipatzen denez, kulturarako sarbidea bultzatu behar da, denok baitugu eskubidea. Oinarrizko iturri arauemaileen bi adibide baino ez dira; baina, beharbada, askok ez dute jakingo, eta halaxe azaldu zen jardunaldian, Nafarroako Foru Erkidegoa aitzindaria dela aurreko legegintzaldiaren amaieran onartutako lege baten ondorioz; izan ere, lege hori «kulturarako eskubidetik eskubide kulturaletara pasatzea» da.

Azken puntu hori nabarmendu nahiko nuke, hausnarketa pizteko eta Eusko Ikaskuntzak bere proiektuarekin sortutako eztabaidarekin jarraitzeko, Euskal Herriko herritar guztiak inplikatu nahi baititu proiektu horretan. Duela ehun urte baino gehiago eratutako (besteak beste, Nafarroako Foru Erkidegoaren eskutik) erakunde zientifiko eta kulturala izanik, eta kontuan hartuta hasiera-hasieratik bere DNAn sartuta daudela kultura-jardueraren defentsa eta sustapena, euskarari eta euskal kulturari arreta berezia eskainiz, uste dugu gaur egun jarduera horrek berriz definitzeko une erabakigarria bizi duela, gizartearen bizi-kalitatea eta osasun demokratikoa sustatzeko betetzen duen eginkizunari dagokionez eta banakoen, gizataldeen eta herrien erabateko errealizazioari dagokionez.

Azken urte hauetan, kulturaren sektoreak gogor kolpatu dituen pandemiaren ondorioz, konturatu gara izaki kalteberak garela —zaintzak behar ditugulako eta elkarrekiko eta ingurumenarekiko mendekotasuna dugulako— eta izaera kulturala, sinbolikoa eta zentzuzkoa dugula. Hortik jaiotzen da, beti, etengabe doako gozamena, askotan kontsumo hutsa, bilatzeko joera, baina baita askotariko kultura-produktuak eta -adierazpenak sortzeko edo asmatzeko joera ere, «gizakia ez baita ogi hutsetik bizi». Izan ere, kulturak osatu eta bereizi egiten gaitu, gure duintasunarekin duen loturagatik, eta eskubide unibertsal bat sortzen du, bizitzarako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubideen parean. Alegia, gizatasunak berezkoa du, askatasunaren eta unibertsaltasunaren, egiaren, ongiaren eta edertasunaren adierazpena baita, utilitarismoan, erlatibismoan eta merkantilismoan oinarritutako kontzeptuak ez bezala. Kultura da, hain zuzen ere, gure gizatasuna berreraikitzeko eta hedatzeko biderik emankorrena.

Bestalde, faktore eta elementu asko fenomeno kulturalean txertatuta daude. Lehenik eta behin, kulturaren adiera zabala hartu behar da abiapuntu gisa, zientzien, humanitateen edo arteen arteko dikotomia faltsuak eta behe-kultura eta herri-kultura deiturikoak gaindituz, horrela gizakiaren «hazkuntza espiritualaren» alderdi ugari eta askotarikoetara jotzeko, kontzeptuaren zentzurik zabalenean. Adiera horretan, osagai berriak aurkituko —edo, hobeto esanda, berraurkituko— ditugu, historian zehar ikusezin egon direnak, azterketa eta proposamen oro baldintzatzen dutenak. Klase sozialaren, generoaren, sexu-orientazioaren edo etniaren kategoria «intersekzionalez» ari naiz, edo «ezagutza kokatu» esaten zaionaz, gurutzatutako hainbat prozesu eta testuingururen bidez (gorputzak, enpatia, afektua) gertatzen denaz. Horiek guztiak feminismo kritiko garaikidearen ekarpen garrantzitsuak dira, eta proiektuaren metodologia sostengatzen dute.

Zoritxarrez, funtsezko gainerako giza eskubideekin gertatzen denez, mintzagai duguna ere ez betetzearen edo urratzearen mehatxupean bizi da etengabe. Horregatik, Nicolas Barbierik, jardunaldian parte hartu zuen adituetako batek, azpimarratu zuenez, politika publiko ausartak behar dira eskubide kultural horietan ekitatea izateko, hau da, eskubide kultural horiek eskuratzeko orduan desberdinkeriei aurre egiteko. Gainera, gaur egun, ingurune digital berrien erronkei aurre egin behar diegu, Maider Maran?a hizlariak azpimarratu zuen moduan. Azkenik, erakunde gisa asko kezkatzen gaituen problematika bat jorratu zen azken mahai-inguruan: euskararen profesionalen kolektiboa, hizkuntza minoritarioa eta minorizatua den aldetik (eskubide horiek baliatzeko zailtasunak dituelako), eta Iparraldeko kultura-ehun euskaldunaren egoera espezifikoa.

Egindakoa lehen ikerketa-faseko urrats bat baino ez delarik, proiektu honekin gaia jorratzen eta eztabaidatzen, sozializatzen eta proposamenak egiten jarraituko du Eusko Ikaskuntzak, bereizten gaituzten eta gaiak merezi dituen zorroztasunarekin eta eraldatzeko, dimentsio sozialerako eta zerbitzu publikorako anbizioarekin; izan ere, alderdi horiek funtsezkoak dira giza eskubide unibertsal hori eraginkortasunez babestu eta garatuko duten politikak diseinatzeko, hala nola sarbidea eta parte-hartzea, sorkuntza, produkzioa eta gobernantza kulturalak, paradigma berri bat sortze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.