Deforestazioa eragiten duten gaiak inportatzea debekatu nahi du EBk

Baso soiltzeen erantzule nagusietan bigarrena da Europa. Eten egin nahi du joera hori

Deforestazioaren aztarna, Kolonbiako Amazoniako lur eremu batean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
inaki petxarroman
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Munduko oihan tropikalen deforestazioa azkartu egin da azken hamarkadetan, eta gizakien kontsumorako diren gai batzuen laborantzarekin zerikusia izan dute sarritan baso soiltzeek. Horregatik, ekosistemen galera hori errazten duten hainbat produkturen inportazioa jomugan jarri du Europako Batasunak (EB). Aurreko asteazkenean aurkeztu zuen, eta jadanik tramitazioa hasi duen lege proposamen batek produktu batzuen inportazioa debekatzea ekarriko luke: behi haragia, zura, palma olioa, soja, kafea eta kakaoa.

Produktu horien laborantza deforestazioaren eragilea izanez gero, inportatzea debekatuko luke Europako Batasunak, nahiz eta jatorrizko herrialdean landaketa horiek legezkoak izan. Nazio Batuen Erakundeko Nekazaritza eta Elikadura Agentziaren (FAO) arabera, 1990etik 2020ra Lur planetak 420 milioi hektarea baso galdu ditu -Europako Batasuneko lurraldearen azalera baino handiagoa da eremu hori-. Baso soiltze horretan esku hartze handia izan du, gainera, EBk, deforestazioaren eragile nagusietan bigarrena izan baita munduan. Naturarentzako Mundu Funtsak (WWF) 2017an egindako ikerketa baten arabera, munduko deforestazioaren %16 dagokie Europako Batasunak inportatutako gaiei. Hala, munduko baso suntsitzaile nagusietan bigarrena litzateke Europako Batasuna. Txina litzateke lehena (%24), eta atzetik lituzkete India (%9) eta AEBak (%7).

EBren lege proiektuak tramitea hasi berri du: Europako Kontseilutik eta Europako Parlamentutik pasatu beharko du orain, eztabaidarako eta onespena lortzeko. Egitasmoak enpresei eskatu die deforestazioa prebenitzeko «arreta egokiko sistemak» martxan jartzeko, hau da, autokontrol mekanismo bat, inportazioen eragin negatiboak zaindu, jorratu eta arintzeko. Era berean, herrialde ekoizleei arrisku kalifikazio bat ezarriko diete. Enpresa txiki eta ertainei «hornitzaileen eta bezeroen erregistro bat biltzea» galdegiten die lege egitasmoak, informazio hori gutxienez bost urtez gordetzeko eta eskatzen duten agintarien esku jartzeko. Betebeharrak beteko ez lituzketen enpresei isunak jarri ahal izatea ere aurreikusten du.

Deforestazioaren gaia herrialdeen agenda politikoan agertu da COP26ko klimari buruzko goi bileran. Besteak beste, ehun herrialde baino gehiagotako buruzagiek adostu zuten deforestazioa etetea 2030erako. Europako Batzordeak eta beste hainbat herrialdek 2025erako 10.000 milioi euroko diru funts bat sortzea onartu dute, ekosistemak zaintzeko. Erakunde ekologistek eta naturaren babesleek kritikatu egin dute akordioa, ez delako loteslea, eta 2014an New Yorken sinatu zen antzeko beste akordio baten antz handia duelako. New Yorkeko akordio horren ostean, eta gaur egun arte, deforestazioa okertu baino ez da egin. Brasilgo Amazonian, esate baterako, azken hamabost urteotako baso galerarik handiena izan da azken hilabeteotan, Brasilgo Espazioari Buruzko Ikerketa Agentziak egindako txosten baten arabera.

Kautxua eta artoa ez

Ingurumena babesten duten talde guztiek ontzat jo dute testuaren norabidea, baina argi-ilunak ere ikusi dizkiote. Nagusiki, lege testuak aipatzen dituen inportazio gaien artean ez direla agertzen artoa eta kautxua. Azken produktu hori ezinbestekoa da autogintzarako, pneumatikoak egiteko erabiltzen baita. Izan ere, haren ekoizpen osoaren %70 horretarako erabiltzen da.

Erakunde ekologistek testuari egin dioten beste kritika bat da oihanei bakarrik erreparatzen diela, baina ez bestelako ekosistema aberats eta mehatxatu batzuei: esaterako, ez ditu aintzat hartu sabana, zohikaztegi eta larrediak. 2018an EBk inportatutako sojaren %23 Brasilgo Cerrado larreditik heldu zen. Brasilgo eremu mehatxatuenetako bat da Cerrado, natur baliabideen gehiegizko ustiaketaren ondorioz.

Halaber, aditu batzuek uste dute lege testua ez dela behar bezain irmoa jatorrizko herrien eta indigenen giza eskubideak babestearen arloan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.