21. Korrika. Gares-Lodosa

Zubia zimentarri

Abian da 21. Korrika: Garestik abiatuta, 'Klika' egiteko deia hedatuko du datozen hamar egunetan. Herritarrei eskatu diete aldaketa, baina «politika berria» ere aldarrikatu dute

<b>Zubia.</b> Sinbolo bat da Garesko zubia, baita Korrikan ere. Handik igaro zen atzo, abiatu eta berehala.
Zubia. Sinbolo bat da Garesko zubia, baita Korrikan ere. Handik igaro zen atzo, abiatu eta berehala. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea - Berriemaile berezia

2019ko apirilak 5

Zubia. Zubia da ikur: Garesko zubia, herriaren ezaugarria. Zubia da pasabide: Korrikaren hasierako igarobide, alderik alderako bide estu eta harritsu. Eta zubia da helburu: euskara bultzatzeko bidean lankidetza sortzeko eta sendotzeko asmo. Martxan da 21. Korrika. Zubiak eta konpromisoak izango ditu helburu: zubiak osatzea eta konpromisoak eragitea. Klika leloa zabalduko du datozen hamar egunetan Euskal Herri osoan: Klika, norberari, euskararen aldeko jokabideak hartzeko, eta Klika, askotariko eragileei, euskaraz bizitzeko modua jartzeko. Hartzea eta jartzea eskatuko du Korrikak, egitea eta eragitea. «Urratsak egin behar dira oraindik», ohartarazi du Xabi Gartziak, AEKren Nafarroako ordezkariak. «Garaia da». Klika egiteko garaia.


Mezua gordez eman zioten hasiera lasterketari. J. Manterola / Foku.

Gares izan du abialeku aurtengo Korrikak. Ohiturari eutsi dio AEK-k: Iruñean amaitu zen aurreko lasterketa, eta bertan hasi da oraingoa. Nafarroan, aldaketaren gobernua jardunean dagoenean. Nafarroan, bozen atarian.

Aurreko Korrikan berritasuna izan zen Nafarroako aldaketa: gobernuko eta beste erakunde askotako ordezkariek babestu zuten, eta lekukoa ere hartu zuten. Aurten ere hala izango da. Garesko hasiera ekitaldian ziren atzo, esaterako, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea eta Oihan Mendo Garesko alkatea. Haiekin batera, gobernua babesten duten alderdi batzuetako kideak; adibidez, Geroa Baikoak (Koldo Martinez eta Virginia Aleman) eta EH Bildukoak (Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz).

Euskarak utzitako arrastoa

Herritarrak izan ziren protagonista, hala ere: garestarrak eta inguruko herrietatik bildutakoak. Ikusmina sortu baitu eskualdean Korrikaren hasierak, eta ilusioa. Lasterketako une esanguratsuenetako bat izan ohi da Gareskoa, zubitik igarotzen denekoa, ezin izaten baitute ohiko moduan egin: ez da ibilgailurik kabitzen, eta korrika bideratzen dute lasterketa. Are bereziagoa izan zen atzo.


Dozenaka lagunek babestu zuten lasterketa lehen kilometroetan. Idoia Zabaleta / Foku

Euskararen berreskurapenaren adibide da Gares. «XX. mendearen hasieran, eten egin zen euskararen transmisioa hemen. Azken euskaldunak gerra zibila baino lehen hil ziren». Koldo Colomo mintzo da, Garesko euskara teknikaria. Euskaldunak bai, baina euskararen arrastoak ez ziren galdu Garesen. Hiztegian nabari da, eta izenetan. Herriko pasadizoetan ere bai: esaterako, bada zubiarekin lotutako kondaira bat Garesen, txori bat nola joaten zen zubiko ama birjinaren irudiari armiarma sareak kentzera. La leyenda del txori izenez transmititu da hori herrian. «Horrek esaten digu euskara gure ondasunaren parte dela». Erdarazko hizketan agertzen dira euskal hitz gehiago.

Hamarkadetako hutsunearen ondoren, ari dira euskara berreskuratzen pixkanaka. «D eredua 1987an jarri zuten, eta jada hainbat belaunaldi euskaldundu dira eskolaren bidez», azaldu du Colomok. Alkatea bera da adibidea. Euskaltegiaren ekarpena ere funtsezkoa izan da. «AEK-k presentzia handia izan du; azken hogei urteetan presentzia jarraitua da». Euskara teknikariak berak AEK-ko euskaltegian jaso zuen euskara.

Gazte euskaldunduak

Eskolak ezinbesteko ekarpena egiten ari dira, beraz: belaunaldi berrien bidez ari da euskararen ezagutza hedatzen. Ez da lan erraza, kontuan izanda haur askok erdaldunak dituztela etxean. «Komunikazioa lantzen dugu ikastetxean, euskaraz egin dezaten animatu...», kontatu du eskolako irakasle Miren Ostizek. Nabaritu da belaunaldi berrien eragina Korrikaren hasieran: gazte eta nerabe asko bildu ditu lasterketak, eta gurasoek lagundutako ume ugari.


Garesko eta inguruko eragileek hartu zuten lekukoa lehen metroetan. Idoia Zabaleta / Foku

Hori bera islatu nahi izan zuten lehenbiziko kilometroan. Euskalgintzan aritu edo ari diren hamasei gizon-emakume elkartu zituzten: Izarbeibarko eta Mañeruibarko herri bakoitzetik bat. Euskaldundutako belaunaldien ikur, Ane Azkonak hitz egin zuen, euskaltegiko arduradunak: «Euskararen herriak gara. Etorkizunerako lekukoa hartu dugu».

Euskararen ezagutza gero eta handiagoa da, baina oraindik herritar gehienak erdaldun elebakarrak dira. Hori oztopoa da euskara erabiltzeko. «Herri txikia da, eta sareak urriak dira. Ez da erraza euskaraz egitea», aitortu du Colomok. Ohiturak ere hala finkatuta daude. Eskolan sumatzen dute: «Ikasgelan, bai, euskaraz egiten dute, baina jolastokira irteten direnean, erdaraz. Lan handia daukagu oraindik egiteko, batez ere motibazio aldetik».


Festa handi bat izan zen Gares atzo, Korrika hasi aurretik ere. Idoia Zabaleta / Foku.

Euskaraldia izan dute horretarako abagune. «Uste dut lehen aurrerapausoak ekarriko dituela», adierazi du euskara teknikariak. «Ikusi behar dugu posible dela euskaraz egitea kuadrilla batean, nahiz eta tartean erdaldunak egon». Horra Klika. Euskaraldiarekin lotura estua baitauka Korrikak: egunotan ere dei egin dute hizkuntz ohiturak aldatzera.

Zonifikazioa gainditzera

Baina Klika egiteko deia ez diete herritarrei bakarrik bidali. Gares izan du abiapuntu Korrikak: eremu mistoko herri bat, euskara ofiziala ez den herri bat, euskaldunen hizkuntza eskubideek babes mugatua duten herri bat. Aldatzeko garaia badela aldarrikatu du AEK-k: Nafarroako zonifikazioa gainditu egin behar dela, eta eskubideak bermatu. Aldaketaren legealdian ez dute Euskararen Legea aldatu, eta zonifikazioa indarrean da. Aldaketa bat, bai, izan da: 40 herrik baino gehiagok erabaki dute eremu ez-euskaldunetik mistora joatea, euskarari babes bat emateko. Alkate horietako batzuek hartu zuten lekukoa atzo.

Aldaketa handiagoak aldarrikatu ditu, ordea, AEK-k: oinarrizko aldaketak. «Bada garaia hizkuntza politika berria abian jartzeko, non hizkuntza eskubideen bermea izango den ardatza». Hori lortzeko, bi oinarri aipatu ditu Gartziak: batetik, administrazioaren eremuan euskara «benetako zeharkakotasunez» jorratzea; bestetik, euskalgintzaren eta erakundeen arteko «konplizitatea» lantzea. «Unea da hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko».


Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten bazkarian. Idoia Zabaleta / Foku.

Ekintzarako saltoa eman zuen pertsona bat, euskara batua sortzeko prozesuan giltzarri izan zen gizon bat du bereziki gogoan aurten Korrikak: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Otsailean egin zioten omenaldia, eta atzo ere gogoan hartu zuten: «herria eta hizkuntza» nola lotu zituen, Korrikak Euskal Herria eta euskara lotzen dituen hein berean. Garesen zen Txillardegiren seme Joseba Alvarez, esker onez AEK-k egindako gorazarreagatik. Aitaren azken bidaia zuen gogoan: «Kartzelatik irten nintzenean, Logroñoraino joan zen. Bueltan, esan zigun Garesen geratu behar genuela. Zubiaren azpian egon ginen. Hori izan zuen azken bidaia».

Zubi horretatik atera zen atzo Korrika Garestik, eta Lizarrarako bidea hartu zuen. Jendetza hasieran, eta gutxixeago pixkanaka, gaztetxoak eta gurasoak bidean geratu ahala. Lizarran egin zuen lehen betekada lasterketak, ohi denez jendetza elkartu baitzuen. Nafarroan da gaur ere: Erriberan goizez eta erdialdean arratsaldez.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bi pertsona maskarak soinean daramatzatela, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lau gako asintomatikotasunaz

Arantxa Iraola

Kutsatu guztiek ez dituzte izaten sintomak. Adituek diote COVID-19an positibo emandakoen erdiek-edo, birusa izan arren, ez dutela batere sintomarik. Horrek zaildu egiten du izurriaren kontrola.

Ikasgela huts bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe, FOKU

Beste hamabost ikasgela itxi ditu Jaurlaritzak

Uxue Rey Gorraiz

Eusko Jaurlaritzak esan du 280 ikasgela daudela bakartuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sisteman, pandemiarengatik.

Sindikatuek jantoki zerbitzua bermatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian ©luis jauregialtzo / foku

Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako

Irati Urdalleta Lete

EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ©Aritz Loiola, FOKU

Positibo gutxiago atzeman dira

Uxue Rey Gorraiz

Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna