Koronabirusa

Mendillorri auzoaren aurkako «gezurrak» eta kriminalizazioa salatu dituzte gazteek

Uztailaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean izandako agerraldiak eragin handia izan du Mendillorrin, eta oroitarazi dute «hiri osoaren arazoa» dela. Gazteek «arduraz» jokatu dutela diote

Mendillorri. Auzoko gazteek eta kolektiboek egoera salatzeko egin zuten prentsaurrekoko irudia. IÑAKI PORTELO / EFE.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Komunikabide askoren ahotan izan da Iruñeko Mendillorri auzoa, maiz gaizki ahoskatua. Nafarroan azken bi asteetan izan diren agerraldien artean handiena uztailaren 11n sortu zen, Alde Zaharrean, baina, kutsatuetako asko auzokideak direnez, Mendillorrin jarri da foku mediatikoa. Eta, auzoan, «asperdura eta nekea» eragin ditu egoerak. Atzo eguerdian, prentsaurrekoan, auzoko gazteek eurek, beste hainbat elkarte eta talderekin batera, auzoa «zirku mediatiko bat» bihurtu izana gaitzetsi zuten. Hainbat hedabideren «gezurrak» eta kriminalizazioa salatu zituzten.

Auzo berria da Mendillorri, eta lasaia. Berdeak inguratzen du. Goiko aldean ahate ugari dituen aintzira bat dago. Behean ere parke handi bat dago, eta bertara deitu zituzten komunikabideak atzo auzoko gazteek eta hainbat gizarte taldek: hala nola Gaztelumendi erraldoien eta kilikien konpartsak, jai batzordeak, auzoko LGTBI elkarteak, Eluntze dantza taldeak, ezker abertzaleak...

1990eko hamarkadan eraiki zen auzoa, eta garai hartan jaiotako haur kopuru handiak egun gazteria «handia eta indartsua» izatea ekarri du. Horregatik, Mendillorrin uztailaren 11ko agerraldiak eragin handiagoa izan duela nabarmendu nahi izan zuten atzo. Joseba de Miguel bozeramailearen ustez, Mendillorrikoa baino gehiago «Iruñe osokoa» da, beste auzo batzuei ere eragin baitie, baina horri buruz ezer ez esatea egotzi die komunikabideei eta erakundeei. Txantxa ugari egin dira, baina gogorarazi dute Iruñerri osoko arazoa dela berez.

Deitoratu dute hedabide batzuek gezurrak esan dituztela positiboen inguruan. Esaterako, sare sozialetan ekainean zabaldutako bideo bat baliatu da esateko gazteek ez zutela itxialdia errespetatu, edo azken agerraldia auzoan antolatutako jai baten ondorio izan dela leporatu diete. Hori ikusirik, gazteek «erantzukizunez» jokatu dutela nabarmendu nahi izan dute, euren buruari berrogeialdia ezarriz eta kutsatu posibleen bilaketan parte hartuz: «Ezin dugu ahaztu gu geu garela agerraldi honen kaltetu nagusiak, eta erantzun soziala eredugarria izan dela uste dugu».

Hori nabarmendu ordez, bestelako mezu arduragabeak azpimarratzea aurpegiratu diete komunikabide batzuei. Adibidez, aipatu dute ez dituztela onartuko sare sozialetan Mendillorriko futbol partidari buruzko gezurrezko albistearen harira sortutako «isekak». Jarrera horrekin erantzukizun instituzionala alboratu nahi izan dela ere gaineratu dute. «Udalak aisialdi jarduerak debekatu ditu, eta udaltzainen presentzia handitu du. Nafarroako Gobernuak, berriz, auzoa bigarren fasera itzuli du. Hartutako neurriak itxurakeria besterik ez dira; herritarren iritziari begira ondo geratzeko asmoz hartu dira, baina ez dute eragin handirik izango auzokideen ardurari esker».

Nafarroako Gobernuak borondatezko PCR probak antolatu ditu, herenegun hasi eta gaur arte, 17 eta 28 urte arteko gazteen artean. Bertan parte hartzera dei egin dute auzoko kolektiboek, eta Santos Indurain gobernuko Osasun kontseilariak «gazteen jarrera txalogarria» goraipatu du. Goiz da ondorioak ateratzeko, baina, Indurainen arabera, balioko du jakiteko transmisioak nolako kutsatze tasa izan duen sintomarik gabeko kolektiboan.

Auzokideak, haserre

Mendillorri bigarren fasera itzuli da, baina, itxuraz, ez da asko nabaritzen. Elena Dencausa txakurrarekin dago eserita jarleku batean: «Ez da batere igartzen». Beste auzokide batek aipatu duenez, konfinamendua leuntzeko faseetan jende gehiago zebilen auzoan; aldiz, beste batzuek diote bigarren fasera itzuli izanak kaleak hustu dituela. Dena den, guztiak bat datoz haserrea adierazterakoan, auzoaren izena gehiegi aipatu baita.

Ostargi tabernan, barra itxia dute, eta Jon Carrasco jabea ez da pozik, «publizitate txarra» egin delako, eta «askoz ere jende gutxiago» dabilelako: «Gauerdirako itxi beharra dugu, baina auzotik atera behar duena beste auzoetara joango da, eta hona etorri nahi zuena ez da etorriko. Horrela ezer konpontzen al da?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.