21. Korrika. Senpere-Lakuntza

'Klika' egiteko lur eremua

Euskararen erabileran eragiteko deia egin du Korrikak Nafarroa iparraldean. Euskararen ezagutza hedatua dago leku horietan: erabileran dute erronka

Garikoitz Goikoetxea.
Leitza
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eremu euskaldunenetako batean egin du bosgarren eguna Korrikak, Nafarroako iparraldean: Baztanen, Malerrekan, Leitza inguruan... Klika leloak euskararen erabilerarekin lotutako esanahia dauka inguru horietan: inertziak astintzeko deia, hizkuntza ohiturak aldatzekoa, erdararako joera utzi eta euskarari heltzekoa. Euskararen ezagutza hedatua dago, izan ere, lur eremu horietan: laugarren eremu soziolinguistikoan daude herri gehienak —%80tik gorakoa dute euskaldunen indizea—. Erabileran sumatu dituzte, ordea, gorabehera batzuk. Korrikak mezu hori zabaldu du, beraz: euskaraz jakitetik, euskararen alde egotetik, erabilerara salto egiteko deia. Klika.

Astelehena, nabaritu zen aste hasiera atzoko Korrikan. Goiz-eguerdiko ibilbidean ez zen izan asteburuko betekadarik, eta eskola umeek izan zuten presentzia handia; Baztan inguruan, adibidez. Arratsaldean jende gehiago elkartu zen bidera, batik bat Leitzan: kaleak bete zituen Korrikak.

Ibilbideko eskola guztietan atera zituzten umeak bidera. Euskararen irakaskuntza erabat hedatua baitago inguru horietan. Areago, eskolatik kanpo ere badute euskara: etxean, kalean... Inguru horietan du euskarak hizkuntza nagusi izateko egokiera handiena.

Hala izan da hamarkada luzez. «Oso zona euskalduna da: euskaraz hitz egiteko joera handia izan da beti», azaldu du Kristina Urrutiak, Leitzako euskara teknikariak. «Euskarak arnasa hartzen du kaleotan». Arnasgunea baita.

Korrikak ere arnasa sendo hartu zuen Leitzan atzo arratsaldean: Basakabitik behera, oldean bildu ziren leitzarrak lasterketara, eta herriko kale nagusira iristerako, betea zuten ingurua. Kale horietan ere, ordea, lekua hartzen hasi da erdaraz. «Azken urteetan aldaketa batzuk nabari ditugu, batez ere guraso aldetik: parkean, eskola atarian... Badago gaztelaniarako joera». Eta hori zabaltzea ez da zaila izaten. «Zer ikusi, hura ikasi: umeei ere sumatzen zaizkie gaztelaniazko esamoldeak jolasean-eta ari direnean». Telebistak eta teknologia berriek duten eraginaz ere ohartarazi du Urrutiak.

Korrikaren Klika erabilerarekin lotutakoa zela bistan jarri zuten, adibidez, Baztango ibilbidean. Furgonetatik egindako aldarrietan, hau izan zen nagusia: «Euskararen alde bai, euskaraz ere bai». Bazuen zentzua: erdaraz ari ziren lasterkari euskaldun batzuk.

Geldialdi zantzuak

Erabileran lana badaukatela azaldu du Baztango euskara teknikariak, Eneritz Rekartek. «Ezagutzan %80an gabiltza, eta erabileran, %60an. Erabileran daukagu erronka, eta badugu zer egin». Udalerri bat da Baztan, baina hamabost herri ditu: egoera desberdina da batzuetatik besteetara. «Elizondo da handiena, eta erdaldunena: %50 inguruko erabilera. Txikiagoak euskaldunagoak dira, eta %80tik gorako erabilera dugu». Geldialdi zantzuak badira haietan ere, euskararen arnasguneetan izaten ari den gisan: «Erabilerak ez du aitzinerat egiten».

Faktore askok eragin du trabatze horretan; besteak beste, biztanleriaren mugimenduek, kanpoko jendea joan izanak. Horrek ez du dena esplikatzen, hala ere, Urrutiaren esanetan. «Ez da hori bakarrik: euskaldunok euskarari eutsiko bagenio, ez luke horrela eragingo. Norberaren baitan ere badago eustea». Hortxe Klika. Kontzientzia astindu beharraz mintzo da Leitzako teknikaria, arnasguneetan horren hutsunea nabari delakoan: «Leitza beti izan da herri euskalduna: kalean euskaraz, dendetan euskaraz... Hori horrela heldu dela, ez dugu kontzientzia handirik. Landu beharko litzateke, eta jabetu arnasguneak zer eredu diren besteentzat».

Nafarroako ibilbidea Sakanan amaitu du Korrikak goizaldean, eta Arabara sartu da, lasterketa amaituko den herrialdera. Kilometro bereziak izango dira tartean. Batetik, Bastidan: euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek elkarrekin eramango dute lekukoa kilometro batean, aurreko Korrikan bezala. Oraingoan, ordea, iruditik harago, konpromiso batzuk ere sinatuko dituzte. Iluntzean izango da hori, 19:00ak ondoren. Bestetik, Trebiñun jarriko du Korrikak mugarria gaur, erdia igaroko baitu. 1.280 kilometroan izango da, 22:00ak bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.