Koronabirusa

31 galdera, 31 eskutik izateko

Alarma egoera luzatu egingo dute, eta, hortaz, indarrean jarraituko dute konfinamendu neurriek. Ez betetzeak isuna ekar dezake: 100 eta 600 euro arteko isuna da arinena Hego Euskal Herrian; 38 eta 135 euro artekoa Ipar Euskal Herrian. Ia 7.000 isun jarri ditu Poliziak egun hauetan.

Igeltseroek eta halakoek onartua dute lanean jardutea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Etxealdia ez da bukatuko egun gutxiren buruan. Ez. Koronabirusaren hedapena eteteko neurriek indarrean segituko dute beste aste batzuetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek iragarri dutenez. Konfinamenduak ere bai, beraz. Hona itxialdiari buruzko gakoak:

1. Atera daiteke etxetik?

Soilik zeregin jakin hauetarako: beharrezko produktuak erosteko, osasun zerbitzura joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko, adinekoak edo adingabeak zaintzeko —mendekotasunen bat dutenak ere bai—, bankura joateko, edo arrazoi larriren bat sortu delako. Ezinduak zeregin horietara laguntzeko ere irten daiteke etxetik. Ipar Euskal Herrian, atera behar den guztietan, agiri bat hartu behar da gainean, irteeraren zergatiak zein diren zehaztuta. Hego Euskal Herrian, poliziek aukera dute kalera irteteko argudioa benetakoa dela frogatzea eskatzeko.

2. Zer saltoki egon daitezke irekita?

Janari eta edari dendak, farmaziak, optikak, ortopediak, drogeriak, kioskoak, gasolindegiak, estankoak, teknologia eta telefono dendak, animalientzako jatekoa duten dendak, urruneko salmenta bidez funtzionatzen duten saltokiak —telefonozkoak, postazkoak edo Internetezkoak—, tindategiak eta garbitegiak, eta albaitaritza klinikak. Ile apaindegiak, ez, nahiz eta hasieran hori onartu zuen Espainiako Gobernuak. Autoentzako tailerrak ere zabalik egon daitezke, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.

3. Kafetegian ezersal dezakete?

Ezin dute saldu bertan kontsumitzeko modukorik ezer —bertan hartzeko kafea, esaterako—: edariak, bai, eta ogia ere bai, adibidez. Jatekoei dagokienez, onartua dago etxez etxeko banaketa —pizza saltokien kasuan, adibiderako—.

4. Zer neurri hartu behar dira establezimendu batera sartzean?

Erosketak egiteko ezinbesteko denbora soilik erabili behar da, eta betiere metro bat baino gehiagoko distantzia eduki behar da saltokian dabiltzan gainerakoekin. Hori bermatzeko, dendetan zehaztu dute aldi berean zenbat lagun egon daitezkeen barruan. Eskuak garbitzeko produktuak ere jarri dituzte sarreran, eta batzuetan eskularruak ipini behar dira.

5. Hipermerkatuekzer sal dezakete?

Zabalik daude hipermerkatuak, oinarrizko salgaiak dituztelako. Baina, horiez gain, bestelakoak ere badituzte: arropa, jostailuak, etxetresnak, burdindegikoak... Nafarroako Foruzaingoak ohartarazi du debekatuta daukatela horiek saltzea, «lehia desleiala» litzatekeelako —horiek saltzen dituzten dendak itxita daudelako—.

6. Paseora edo kirola egitera joan daiteke?

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bai, betiere ez badira taldeko kirolak. Gainerako herrialdeetan, galarazita dago hori.

7. Etxeko animaliak paseatzera irten daiteke?

Bai, baina ezin da etxetik urrundu eta denbora luzean bueltaka ibili. Ohartarazi dute animaliak ateratzea ezin dela aitzakia izan paseorako edo jendearekin elkartzeko.

8. Umeekin parkera?

Ez. Herri askotan itxi egin dituzte, gainera. Izatez, umeekin ezin da kalera atera berez, beste inoren etxera zaintzera eramateko edo beste erremediorik ez badago behintzat. Aisialdiko lekuetara joatea ere galarazita dago; adibidez, mendira eta hondartzara.

9. Posible da lagunekin edo senideekin kalean elkartzea?

Ez. Onartutako kasuetarako soilik irten daiteke kalera, eta ezin dira baliatu hizketan geratzeko.

10. Beste etxe baterajoan daiteke?

Mendekotasunen bat daukan edo laguntza behar duen pertsona bati laguntzeko bada, bai, baina aisialdirako edo denbora-pasa modura, ez. Bigarren etxebizitzetara joatea galarazita dago, beraz.

11. Etxebizitza saileko leku komunetan egon daiteke?

Ez. Erabilera komunitarioko tokiak direnez, ezin da egon etxebizitza saileko eskaileretan, lorategian, patioan eta halako lekuetan.

12. Hondakinak botatzeko irten daiteke etxetik?

Bai, baina etxetik gertuen dagoen zaborrontzira joan behar da beti.

13. Autoan zenbat lagun joan daitezke?

Onartutako zereginetarako soilik har daiteke ibilgailua, eta bidaiarien artean gutxienez metro bateko distantzia eduki behar da. Arau nagusia da bakarrik joatea. Ohiko auto batean pertsona bat baino gehiago joatekotan, honako irizpide hau eman du Ertzaintzak: gehienez bi lagun, eta bigarren bidaiaria atzeko partean, eskuinean. Taxian joatekotan, berdin: atzeko aldean, eskuinean.

14. Bizikletan edo motoan joan daiteke?

Bai: bakarrik, eta onartutako zereginetarako soilik har daitezke.

15. Garraio publikoan, nola?

Kutsatzea saihesteko neurriak hartu beharko dira garraio publikoa erabiltzean: esate baterako, gainerako bidaiarietatik metro bateko distantzia edukitzea eta bidaia eskudirutan ez ordaintzea.

16. Hil beiletara eta halakoetara joan daiteke?

Bai, baina segurtasun distantziari eutsita. Hilerri askotan muga jartzen ari dira, hobiratze bakoitzeko zenbat jende egon litekeen. Hileta ekitaldiak atzeratzen ari dira.

17. Autoari erregaia botatzera?

Bai, zabalik daude gasolindegiak. Baina itxita egon behar dute zerbitzugune horietako tabernek.

18. Egiaztagirik behar da kalera irteteko?

Ipar Euskal Herrian, agiri bat sinatu behar da etxetik ateratzerako. Hegoaldean ez da halakorik behar derrigorrez. Poliziak kontrol batean geratuz gero, argibideak eskatzen ditu, zein izan den etxetik irteteko motiboa. Zalantza kasuan, egiaztagiriak eska ditzakete. Enpresa batzuk ari dira langileei ziurtagiriak egiten, lanerako atera direla justifikatzeko.

19. Muga pasatzeko zer behar da?

Kontrolak jarri dituzte. Hegoaldearen eta Iparraldearen artean mugitzeko, ziurtatu beharko da lanerako dela, edo behar handi batek eraginda. Salgaien garraiorako irekita daude mugak. Kanpo mugak ixtea erabaki du Europak. Sorlekutik kanpo gelditu dira zenbait euskal herritar. Itzultzeko bideak bilatzen ari dira, herrialde askok debekatu egin dituztelako Euskal Herrirako hegaldiak.

20. Zer gertatu da tramite administratiboekin?

Etenda geratu dira administrazioko tramiteen epeak. Horrek eragina du, adibidez, ibilgailuen azterketetan, gidabaimenean eta nortasun agirian: nahiz eta iraungi, alarma egoera indarrean den artean ez dago berritu beharrik.

21. Hotelak eta halakoak?

Itxita egon behar dute turismorako establezimendu guztiek. Bada salbuespen bat: egonaldi luzeak badira eta alarma egoera ezartzerako ostatu hartuta bazeuden, jarrai dezakete horietan —apartamentuetan, esate baterako—.

22. Etxez etxe aritzen diren profesionalek segitu dezakete lanean?

Bai: igeltseroek, iturginek, argiketariek... Horiek guztiek lan egin dezakete etxeetan, baina ez da gomendagarria, kutsatzeak saihesteko. Ile apaintzaileek ere eman dezakete zerbitzua etxerik etxe, ile apaindegiak itxita edukita ere.

23. Etxeko langileekere bai?

Lanean jarduteko modua daukate: adinekoen eta umeen zaintzan, esaterako. Betiere kutsadura saihesteko neurriak harturik.

24. Uko egin dakioke lanera joateari?

Ez dute halakorik zehaztu Espainiako eta Frantziako gobernuek. Enpresak kontrakorik adierazi ezean, lanera joan behar dute beharginek —batzuek etena dute jarduna—. Inor zaindu behar izanez gero, langile bakoitzak enpresarekin negoziatu beharko ditu baldintzak. Erakundeek agindua dute lanaldi murrizketak erraztuko dituztela, baina ez dute neurriei buruzko xehetasunik eman.

25. Lankide bat kutsatzen bada?

Paziente batek positibo ematen badu koronabirusaren testean, osasun zerbitzuak aztertzen du haren ingurua eta egoera: zenbateko harremana izan duen eremu bakoitzean, eta horren arabera zehazten dituzte hartu beharreko neurriak —berrogeialdian ezartzea izan daiteke aukeretako bat, harremanaren arabera—. Birusaren ondorioz gaixotutakoek lan istripu baten gisako baja daukate.

26. Telelana egitera behartu dezakete?

Ez. Gobernuek aholkatu egin dute telelana egiteko ahal den kasu guztietan, baina agindu, ez.

27. Enpresak behartu dezake langilea orain oporrak hartzera?

Ez. Oporrak adostu egin behar dituzte enpresak eta beharginak.

28. Hipoteka edo alokairua ordaintzeari utz dakioke?

Koronabirusaren ondorioz diru sarrerak galdu dituztela edo langabezian gelditu direla frogatu ahal dutenek aukera izango dute hipotekaren eta alokairuaren ordainketak atzeratzea eskatzeko.

29. Eta ura eta argindarra?

Diru sarrerak murrizturik dauzkaten autonomoek eta langabeek eskatu ahal izango dute ordainketak atzeratzea. Oinarrizko zerbitzuetako hornidurak ezingo zaizkie eten: ura, argindarra eta telekomunikazioak, esaterako.

30. Debeku horiekin, nola jokatu kalera ateratzean?

Konfinamendu neurrien helburua da jendearen arteko harreman fisikoak mugatzea eta pilaketak eragoztea, horiek baitira koronabirusa hedatzeko biderik eraginkorrenak. Hortaz, irizpide horri jarraitu behar zaio kalera irtetekotan: jendearengandik gutxienez metro bateko distantzia eduki, saihestu pilaketak, eta ahal den denbora gutxiena egin leku itxietan. Higiene neurriak ere zaindu behar dira: bereziki, eskuak sarritan eta ondo garbitzea.

31. Etxetik irten ezin eta laguntzarik ez dutenak?

Elkartasun sareak antolatzen ari dira herri mugimendu eta udal asko, etxetik atera ezinik daudenei laguntzeko: janaria erosteko, botikak eramateko, edo beharrezko duten beste edozertarako. Aldian-aldian telefonoz deitzeko ere bai. Laguntza eskatzeko, udalekin harremanetan jartzea da biderik onena. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere ari dira boluntario sareak antolatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.