Kongoko Errepublika Demokratikoa

Norbere zuloa aterabidea denean

Meatzeen ustiaketak mehatzen ditu, baina batzuek ez dute bertze irtenbiderik emakumeen aurkako indarkeria sexualaren iturri bilakatu den horretan lan egitea baino.

Kadumwa urre meatzearen sarrera, Luhwinjan. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Luhwinja
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Urrea ez dira txanponak bakarrik; ez dira lepoko eta belarritakoak. Urreak mendian du jatorria, eta, pikor bakan batzuk lortzeko, gizon, emakume eta umeek baldintza penagarrietan egiten dute lana. Luhwinjako Kadumwa urre meategi artisaua da paradoxa horietako bat: Kongoko Errepublika Demokratikoan gatazka iturri den mineralen ustiaketan dihardu, eta mendia zulatzeko lanetan aritzea aterabide bat da hango emakume ugarirentzat.

«Kasibakoa naiz, eta bizirik iraun ahal izateko etorri nintzen hona, duela hamabi urte», azaldu du Sifak —ez du abizenik emannahi—. Urrea ateratzeko zulo, putzu eta lohi artean mintzo da, hango langileen bizileku diren argirik eta urik gabeko egurrezko txabolen erdian, kiratsaren eta zaborraren gainetik. «Emakume anitz etortzen dira hona bizi baldintza txarrengatik, bizi hobe baten bila». Azaldu du gehienak ez direla bertakoak: «Batzuk euren gizonek abandonatu dituzte; bertzeak alargunak dira. Umeekin etortzen dira, Ipar Kivuko segurtasun faltatik eta gatazketatik ihesi». Eta Sifak egiten die harrera: Kadumwa meatzeko emakumeen koordinatzailea da.

Luhwinjara iritsita, ordea, indarkeriak ez du etenik: «Meatzeetako gizonen abusuak jasan behar dituzte». Eta anitzek meatzeen inguruan sortzen den prostituzioan egiten dute lan, Emilie Katondolo Indarkeria Sexualen Biktimentzako Emakumeen Sinergiako kidearen arabera: «Prostituzioa areagotu egin da meatzeen inguruan, eta babesik gabe egiten dute sexu lana; eritasunak harrapatzen dituzte, eta nahi izan gabe haurdun gelditzen dira».

Emakumeek debekatua daukate harriak ateratzen dituzten zuloetara sartzea, sineskeriengatik: ustea dago zorte txarra ematen dutela, eta emakumeak ibiltzen diren lurretik ez dela mineralik ateratzen. Meatzean lan egiten duten emakumeek, beraz, gizonei erosten dizkiete haiek zuloetatik ateratako harriak, eta horiek xehatu eta garbitzea da andreen lana. Urre zatiñoren bat atzemanez gero, saldu egiten dute; anitzetan, multinazionalek kudeaturiko meatze handiagoei. Hutsaren hurrena da andreek ateratzen duten etekina: zortea izanez gero, pare bat dolar, gehienez ere.

Ur bila joatea ere emakumeen lana da, eskasia baitago. Amos Mirindi Luhwinjako meatzeen batzordeko buruak azaldu duenez, mineralaren esplorazio garaian meatze industrialek gehiegi zulatu zuten Kadumwako lurra, ura lurperatzeraino: «Dozenaka emakume elkartzen dira goizero bidoiekin iturri bakarraren aitzinean». Elysee Mousalia Mama Radioko erredaktoreburuaren erranetan, ohikoa da prozedura hori: maiz multinazional handiek egiten dute lurraren esplorazio fasea, haiek lortzen dituzte meatzearen jabetza eta eskubideak, eta bertako enpresa txikiagoen esku uzten dute mineralen ustiaketa, hartara ez baitute lan baldintzez kezkatu beharrik.

Mendigune batean dago Luhwinja, Bukavu hiritik 4x4 autoan lau ordura, eta bidean bertze hainbat meategi ikus daitezke, nagusiki Banro Kanadako enpresarenak; baita jada ustiaturiko meatzeen gainean eraikitako herrixkak ere. Marlaine Zawadi Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteko kideak esplikatu du bidean ikusten diren etxolen zergatia: «Jendea haien herritik kanporatu eta herri berri horietara mugitzen dute».

«Euria ari du»

Mirindi harro dago meatzeetan emakumeek egiten duten lanaz. «Ezinbertzekoak dira emakumeak meatzeetan: harriak xehatzen dituzte, uraren bila doaz, garbiketa lanak egiten dituzte, meatzeen inguruko merkataritza txikia...». Eta ohartarazi du Meatzeen Kodea errespetatu egiten dutela: «Haurdun badaude, ezin dute lanik egin, eta, ume txikiak badituzte, haiekin zer egin dezakegun aztertzen dugu, andreek lan egin ahal izateko». Baina meatzeen batzordeko buruak inguruan dauzkan emakumeen aurpegiek dena gezurra dela diote. Katondolok baieztatu du: «Meatze Kodea ez da errespetatzen. Kanpoko norbait bisitan datorrenean, oihuka hasten dira: 'Euria! Euria!'. Eta emakumeak eta haurrak ezkutatu egiten dira». Sifak salatu du uraren kalitate txarraren ondorioz infekzio ugari hartzen dituztela emakumeek eta haurrek: «Azaleko arazoak dituzte, genitaletako infekzioak».

Mirindik aukera gisa du meatzea: «Kadumwa gabe, hemen ez legoke bizitzarik. Hau da hemen dagoen jarduera ekonomiko bakarra». Segurtasunagatik ere laudatu du: «Lehen, talde armatuak zeuden inguru honetan, baina bizitza ekonomikoan integratu ditugu horietako kideak. Bakea hemen dago. Gora Kongoko Errepublika Demokratikoa, gora Hego Kivu, gora Luhwinja!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.