Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Alkate makilen aldaketen onuradun, PSE

EAJri esker, sozialistek Andoain eta Pasaia lituzkete, EH Bilduren kaltetan; hark Durango eta Galdakao kenduko lizkioke EAJri

enekoitz esnaola
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

Oraindik ia hiru aste falta dira alkateen izendatze saioak egiteko, baina, herenegungo udal hauteskundeetako emaitzei begiratuta, EAEn ere gehiengo osorik gabeko kasuetan badaude aukerak gehien bozkatutako hautagaiak ez izateko alkate. Hipotesi horrek EAJri eta EH Bilduri eragingo lieke gehien, alkatetza batzuk galduz eta beste batzuk eskuratuz, eta PSE-EE litzateke makila aldaketen onuradun, ez lukeelako alkatetzarik galduko —baldin eta, ituna izan arren, EAJ eta biak elkarren aurka ez badira hasten—, eta bi irabaziko lituzkeelako, biak ere udalerri handietakoak: Andoaingoa eta Pasaiakoa. Horrez gain, gobernu batzuetan sartuko litzateke alderdi sozialista, EAJrekin.

BERRIA atzo harremanetan jarri zen Gipuzkoako PSE-EEko zuzendaritzarekin eta EAJren GBBrekin, eta biek diote ez dutela erabaki zer egin kasu horietan. Lehendabizi, alderdien zuzendaritza nagusien bilerak egin behar dira, esan dutenez, gero herrialdeetakoenak, eta, azkenik, bi alderdien artekoak. Dena dela, atzo Pasaiako EAJk prentsa ohar batean adierazi zuen «oposizio eraikitzailea» egiteko asmoa duela, eta horrekin uler daiteke baztertu egin duela PSErekin udal gobernu ituna egitea. Azkeneko agintaldian, PSE egon da alkatetzan Pasaian, eta EH Bilduk irabazi zuen igandean. Hango EAJk azaldu du «errespetatu eta onartu» egingo dituela herriko emaitzak.

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia «pozik» dago herrialdeko emaitzekin, duela lau urtekoei eutsi eta zerbait gora egin dutelako, eta azaldu du gertu izan dutela hamargarren batzarkidea. «Alderdia lana ondo egiten ari den seinale da». Aitortu du Donostian eta Errenterian ez dituztela jaso espero bezalako emaitzak. Pasaian ere ez, eta, gainera, ez dira gehien bozkatutako indarra. Baina Anduezak dio oraindik ez dutela aztertu zer egin Pasaian, ezta Andoainen ere, eta, PSEk irizpide bat finkatzeaz gain, ikusi beharko dela EAJk zer dioen. PSEk «ahal den leku gehienetan politika aurrerakoiak» egiten segitu nahi du.



Bi alderdiok erabakiko balute lehen indarra izan ez diren udalerrietan gehiengo osoa izanik —derrigorrezko baldintza da kasu horretan— batek edo besteak alkatetza hartzea, PSEk Andoainen eta Pasaian eskuratzeaz gainera, EAJk Lezon, Mendaron, Soraluzen, Alonsotegin eta Zigoitian hartuko luke aginte makila. Kuartangon ere bai, baina han PPren botoa jasoko balu. Beste toki batzuetan, bigarren izanik, talde independenteen botoaren arabera eskuratuko luke alkatetza, baina lehen indarra den kasu batzuetan gerta liteke alkatetza ez hartzea ere, udal talde independenteengatik eta.

EH Bilduren eta EPren saioa

EH Bilduk ere eskura ditzake alkatetza batzuk, bigarren geratu arren. Haien artean, bi handi: Durangokoa eta Galdakaokoa. Aurrenekoan, EP Elkarrekin Podemosek eta biek gehiengo osoa dute. Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak atzo esan zuen «ahal den tokietan» EH Bildurekin udal gobernuak eratzen saiatuko dela EP, politika «progresistak» egiteko. Errenterian, Ahal Dugu-ren marka eta EH Bildu gobernuan egon dira joan den agintaldian, eta aliantza zabaltzeko asmoa du Martinezen alderdiak. Ordizian eta Elorrion, EH Bildu egongo da alkatetzan, betiere ekainaren 15ean inbestidura saioan EPk babesten badu edo abstentzioa ematen badu.

Ima Garrastatxu Durangoko EH Bilduren alkategaiak esan du «herriak aldaketa agindu» duela. Gorlizen eta Sopuertan talde independenteen botoa jasoz gero, alkatetzak EH Bildurentzat. Galdakaon ere, formula horrekin, Iñigo Hernando (EH Bildu) alkate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.