Globalizazioak dakarren izurritea

Azken urteotan gora egin dute zimitzen izurriteek. Adituen arabera, globalizazioak eta turismoaren gorakadak eragina dute haien agerpenean. Etxeetan eta bidaiariak ibili ohi diren tokietan egoten dira, ostatuetan. Prebentzio neurriak har daitezke izurriteak saihesteko, baita kontrolak egin ere.
Ohe inguruak dira zimitzen lekurik gustukoenak.
Ohe inguruak dira zimitzen lekurik gustukoenak. BERRIA

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko urriak 22
Txikiak eta ia ikusezinak izan arren, intsektu borrokalariak dira zimitzak. Joan den mende erdialdean desagertutzat jo zituzten; azken urteotan, ordea, berriro agertu dira, eta ugaldu. Etxebizitzetako altzarietan eta lurreko edo paretetako zirrikituetan ez ezik, geroz eta ugariagoak dira ostatuetan ere. Ohe inguruak dituzte gustukoen, gizakien odola xurgatzeko aprobetxatzen baitituzte gaueko lo orduak. Adituen arabera, globalizazioak eta turismoak eragina dute haien agerpenean. Enpresek tratamenduak egiten dituzte zimitzen desinfekziorako, baina prebentzio neurriak ere har daitezke intsektuok ez agertzeko.

Zimitzak intsektu bizkarroiak dira; alegia, beste izaki bizidun batzuen bizkar bizi dira. Zimitzak hematofagoak dira, hau da, odola xurgatuz elikatzen dira. «Intsektu zapalak dira, eta arrauzkarak; orokorrean, iletsuak eta gorriak izaten dira», azaldu du Maria Sagrario Laborda Nafarroako Gobernuko Elikagaien Segurtasuneko eta Ingurumen Osasuneko teknikariak. Gaineratu du lau eta zazpi milimetro inguru neurtzen dutela; kolorea eta neurria, ordea, aldatu egin daitezke bizi zikloko fasearen arabera. Egunean zehar ezkutuan egon ohi dira, inguruan harrapakinik ez dagoenean. Gaua izaten dute ezkutalekutik irten eta ehizatzeko ordurik egokiena.

Javier Redondo ASEPLA elkarteko lehendakaria da; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako izurriteen gaineko kontrola helburu duten enpresak biltzen ditu elkarte horrek. Ohartarazi du zimitzak batez ere ohe inguruetan egon ohi direla, gizakien odola baitute elikatzeko bide: «Zain egoten dira, gizakiok isurtzen ditugun CO2-a eta berotasuna detektatzen duten arte; orduan egiten dute eraso, eta odola xurgatzen». Hari esker lortzen dute elikatzea eta arrautzak jartzea. Labordak nabarmendu duenez, oheen inguruan ez ezik, etxebizitzetako beste zenbait lekutan ere ezkutatzen dira: «Eroso sentitzen diren tokiak aukeratzen dituzte: altzariak, lurreko zirrikituak edota oheen armazoiak».

Etxeak ez ezik, ostatuak ere gogoan izan ditu Ingurumen Osasuneko teknikariak. Hain zuzen ere, sarritan Donejakue bideko aterpeetan egon ohi direla esan du, bidea Nafarroatik igarotzen den zenbait herritan: «Erromesen ostatuetan metalezko ohexkak egoten dira; bata bestearekin elkartzeko zuloetan sartzen dira zimitzak». Oheko arropetan, lastaira josturetan eta bururdietan ere ezkutatzen dira. Bidaiarien maletak eta motxilak ere gogoko dituzte, eta, gaur egun, horiek dira zimitzak garraiatzeko objekturik garrantzitsuenetakoak. «Momentu batean pentsatu zen zimitzak desagertu zirela; uste zen hala zela, baina azken urteotan berriz agertu dira», nabarmendu du Labordak.

Hazkundearen eragileak

Zimitzak bidaiariak dira. Herrialde batetik bestera dabiltzan bidaiarien eskuko bagajeetan sartu eta erraz mugitzen dira. Adituen arabera, mende honetako izurriteetako bat izan daiteke zimitzena, eta bibliografia zenbaitetan ere hala jasotzen da. Haien ustez, turismoak eta bidaiarien joan-etorriek eragin zuzena dute zimitzek azken aldian izan duten hazkundean. Nafarroako Gobernua ez ezik, Donostiako Udala ere konturatu da horretaz. Sergio Fernandez udaleko Osasun Publikoaren eta Animalien Ongizatearen Saileko arduradunetako bat da, eta berretsi du globalizazioak eragina izan duela izurriteen agerpenean: «Gora egin du turismoak, eta geroz eta gehiago bidaiatzen da; zimitzak esku bagajeetan sartu eta bidaiariekin iristen dira». Labordak ere bat egin du Fernandezek esandakoarekin. Nabarmendu du bidaiariek intsektuak herrialde batetik bestera daramatzatela.

Redondok, berriz, klima aldaketa ere izan du gogoan. Egun bolo-bolo dabil gaia, eta zenbait esparrutan eragina du: «Klima aldaketak, neurri batean, mesede egin dio zimitzen ugaritzeari; etxe barruetako baldintzak hobeagoak dira, eta beraz, errazago ugaltzen dira», azaldu du ASEPLAko lehendakariak. Donostiako Udaleko ordezkariak gaineratu du berotasuna dela intsektuoi ugaltzen laguntzen dien faktore garrantzitsuenetariko bat.

Zimitzek sortzen dituzten ondorioei dagokienez, adituek lasaitzeko eskatu dute: ez dira intsektu arriskutsuak, eta haien ziztadek ez dute ondorio larririk sortzen. «Gizakiontzat, zimitzak ez dira arriskutsuak; bai, ordea, gogaikarriak. Ziztatu ostean pikorrak ateratzen zaizkigu», esplikatu du Redondok. Labordak erantsi du ziztatzeko momentuan substantzia anestesiko bat sartzen dutela gizakien gorputzean, eta horrek erreakzioren bat edo beste sor dezakeela. Kasu horietan, Ingurumen Osasuneko teknikariak aholkatu du osasun etxe batera joatea, alergia kasuak baztertzeko. «Gaur arte dagoen bibliografiak, ordea, ez du jasotzen zimitzek transmititutako gaixotasunen inguruko informaziorik», zehaztu du.

Areago, instituzioek badituzte hainbat protokolo intsektu horiek saihesteko. Nafarroako Gobernuak zimitzen inguruko informazioa eskuragarri dauka webgunean, eta baita aterpetxeetan ere. Ikuskatzeak ere egiten ditu ostatu horietan, intsektuen aztarnarik dagoen behatzeko. «Egunez joaten gara; beraz, oheko arropetan begiratu ohi dugu ea orbanik ote dagoen», azaldu du Labordak. Donostiako Udalak ere hartuak ditu zenbait neurri: «Hiri turistikoa da gurea, eta, beraz, zimitzen izurriteak arduratzen gaitu», adierazi du Fernandezek. Duela lau urte, 2015ean, prebentzio kanpaina bat egin zuten Donostian lehenbizikoz. Gainera, izurriteen kontrola jasotzen duen ordenantza bat ere onartu zuten, eta propio eman zieten atal bat zimitzei. Arduradunak azaldu du bertan aholku teknikoak jasotzen direla, eta inork izurrite bat antzemanez gero udal zerbitzuarekin jarri behar duela harremanetan.

Hala ere, adituek «segurtasuna» izan dute gogoan. Redondok adierazi du izurritea «era kontziente» batean tratatu behar dela, eta etxeetako produktuek ez dutela balio. Fernandezek ere «betiko» metodoen eraginkortasuna izan du gogoan: «Etxeko ohiko intsektizidak erabiliz gero, iraunkorragoak bihurtuko dira zimitzak, eta izurritea sakabanatuko da». Profesionalekin harremanetan jarri beharra aipatu du Labordak ere: «Haiek gauzatuko dute desinfekzioa ondoen».

Saihesteko aholkuak

Adituek, beraz, argi dute zein den kontrolerako bidea: enpresa espezializatuekin harremanetan jartzea. Redondok azaldu du enpresek lehenbizi ikuskatzeak egiten dituztela etxeetan eta ostatuetan, arazoa non dagoen jakiteko. «Profesionalek jantzi berezi batzuk dituzte, zimitzak ez zabaltzeko», esan du ASEPLAko kideak. Arazoa leku jakin batzuetara mugatu ostean ekiten diote desinfekzio prozesuari. Esplikatu duenez, lurrun lehorraren bidezko tratamendu bat egitea da lehen pausoa; ostean, intsektizidak erabiltzen dituzte, baita toxikoak ez diren hauts batzuk ere. «Baliteke bigarren kontrol bat ere egin behar izatea, zimitzen arrastoak edota arrautzak gelditu baitaitezke».

Kontrolaz hitz egitean, Labordak zimitzen ugalketa prozesua izan du gogoan. Azaldu du jaioberria den intsektu batek bost eta hamar aste inguru behar izaten dituela hazteko, helduarora iristeko; horregatik, gaineratu du garrantzitsua dela kontrola: «Tratamendua egitean, esparruak ongi mugatu behar dira, eta era egokian egin behar da; zimitzak txikiak dira, eta erraz pasatu daitezke gela batetik bestera».

Fernandezek ere azpimarratu du intsektu «azkarrak» direla, eta «goitik behera» mugitzen direla; beraz, «zaila» izaten dela kasu guztiak erregistratzea. Hori dela eta, erabaki dute aurten oheko zimitzen informazioa dakarren eskutitz informatibo bat bidaltzea Donostian legez ari diren 1.000tik gora apartamentu turistikoetara.

Prebentzioa da, ordea, zimitzen izurriteei aurre egiteko armarik eraginkorrena. «Paranoiak alde batera utzita, beharrezkoa da bisitatzen diren lekuetan kontuz ibiltzea», argitu du Redondok. Ildo horretan, aholku batzuk eman ditu, turismoari begira batez ere; besteak beste, ohartarazi du ostatuetan esku bagajeak itxita eduki behar direla, eta komeni izaten dela logeletan ere azterketa bat egitea, ohe inguruetan, batik bat. Arrastorik antzemanez gero, berriz, ostatuko arduradunekin harremanetan jartzea gomendatu du.

Labordak, berriz, jakinarazi du garbitasuna ere prebentzio neurri eraginkorra dela: «Logelak xurgagailuarekin garbitu behar dira; lurra ez ezik, baita altzarien artean, paretetan egon daitezkeen zirrikituak ere». Eta gaineratu du arropak garbitzea ere komeni izaten dela: oheko zein janzteko arropak garbigailuan garbitu, 60 eta 70 gradu bitarteko tenperaturan. Fernandez, ordea, ez da guztiz bat etorri uraren tenperaturari buruzko xehetasunekin; nabarmendu du ur beroan ez ezik hotzean ere desinfektatu daitekeela: «Prebentzio orrietan jasotzen den legez, arropa astebetez eduki dezakegu izoztuta, zero azpitik hamabost gradutan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna