Euskalgintzaren Kontseiluak 25 urte. Elkarrizketa. Paul Bilbao. Kontseiluko idazkari nagusia

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Azken orduak ditu Paul Bilbaok (Algorta, Bizkaia, 1971) Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi gisa. Ia hamahiru urte egin ditu postuan, baina 21 urte daramatza «etxe handian», 2001ean hasi baitzen Hizkuntza Eskubideen Behatokian. Etzi emango dio lekukoa Idurre Eskisabeli, eta lehen eguneko grinaz mintzatu da utziko dizkion erronkez.

Ikusi gehiago:ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Ia hamahiru urteko bidean, zein une gogoratzen duzu gozoen, eta zein garratzen?

Niretzat, oso momentu hunkigarria izan zen Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Kursaalean aurkeztu genuenean: oztopo handiz egin behar izan genuen bidea, baina erakutsi genuen gizarte eragileok gai garela edozer egiteko. Une garratzenak, berriz, Behatokian bizi izan nituen: euskalgintzaren kontrako polizia operazioak; orduan ikusi genuen noraino irits daitekeen boterea euskararen aldeko proiektuak ezeztatzeko, baina horri ere aurre egin zitzaion.

Orain Kontseilua uztera zoaz. Nekatuta zaude, ala ziklo aldaketa bat dator?

Nik Kontseilua pasioz biziko dut azken egunera arte, baina ziklo berri bat dator, eta lemazain berri batekin egin behar da. Politikaz ere beti esan dut ez dela ona hiru legealdi baino gehiago egitea ardura batean, premiak aldatu egiten direlako. Gainera, erakundeak utzi behar dira ondo daudenean, eta Kontseilua ondo dago.

Idazkari nagusi izanda BERRIAri emandako lehen elkarrizketako goiburuak: «Euskara gutxiago baloratzeak hizkuntz eskubideak urratzea betikotu du»; «Beste urrats bat egin behar da, normalizazioa lortuko badugu». Solasaldi honek ere eman ditzake antzeko ideiak?

Egia da gauza batzuk kronifikatuta daudela. Horrexegatik esaten ari gara hizkuntza politikak berrikusi behar direla: administrazioaren arloan beste oldarraldi bat garatzen ari dira batzuk; beraz, politika sendoagoak behar ditugu. Horrek ez du esan nahi urratsik ez dela egin: lortu dugu hizkuntza politikaren auzian euskalgintzaz haragoko eragileekin oinarrizko adostasun sozialak eraikitzea politikoki eragiteko.

Bide horretan sakonduko duzue aipatu duzun ziklo berrian?

Bai. Izan ere, hizkuntzaren afera zehar lerroa da: euskalgintzak bandera eraman behar du —eta Kontseilua, euskalgintzaren bilgune nagusia izanik, bandera eramango du—, baina beste eragileen ikuspegia ere behar dugu. Hor kokatzen dugu Batuz Aldatu dinamika: euskalgintzatik kanpoko eragileak ere subjektu aktibo bihurtu nahi ditugu, haien iritzia behar dugulako, eta haiekin lortu nahi ditugulako adostasun politikoak. Orain aste gutxi Miramonen egin genuen Batuz Aldaturen lehen biltzarra, eta askotariko eragileek parte hartu zuten. Asmoa ez da haiek atxikimendua ematea, baizik eta denon artean zehaztea zein den bidea adostasun politikoak lortzeko. Izan ere, adostasun horiek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian.

Euskalgintzak limurtzearen diskurtsoa kritikatu izan du. Zer alde dago horren eta adostasunen artean?

Gure adostasunak hizkuntza politikari begiratzen dio, ez norbanakoei. Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun sozialaz ari gara. Hizkuntza ez baita normalizatuko politika eraginkor bat ez badago abian.

Hortaz, nolakoa izan behar du hizkuntza politika berri horrek?

Norbanakoak zein espazioak euskaldundu behar ditu, eta, horretarako, euskararen ezagutza unibertsalizatu behar du, eta euskara eroso erabiltzeko espazioak sortu behar ditu. Unibertsalizazioari dagokionez, hezkuntzan garai oso interesgarria dugu EAEn, eta hor ere Kontseiluaren eragiteko modua izan da eragileekin adostasunak lortzea. Bestalde, helduen euskalduntzean, zer ari da gertatzen matrikulazioarekin? Guk proposatua dugu doakotasuna, eskubidezkoa delako, baina ezagutzeko beharra sustatzeko neurriak ere behar direlako: administrazioan ezagutza derrigorrezkoa izateak eta enpresetan hizkuntza klausulak ezartzeak, adibidez, motibazio instrumentala piztuko lukete. Eta espazioak sortzeari dagokionez, administrazioa dugu —eta oso espazio handia da—, eta gero eremu sozioekonomikoa eta lan mundua. Horiek dira gakoak; ez da hain zaila, baina borondatea behar da, eta neurriak.

Zer oztopo dago hizkuntza politika hori aurrera eramateko?

Ez direla erabakiak determinazioz hartzen. Hizkuntza politikaren arazo handienetako bat da eperik ez zaiola jartzen. Adibidez, EAEko administrazioa euskalduntzeko dekretua: gehiengo sindikalarekin adostu dugu hamabost urteko epea proposatzea. Urte kopurua arazoa balitz, segur aski euskalgintza prest legoke malgu jokatzeko, baina arazoa da dekretuak ez dakarrela eperik; beraz, arau hori 20-25 urtez badago indarrean, denbora horretan administrazioa ez da euskaldunduko. Orain dela 40 urte, hizkuntza politikak hasi berri eta orduko euskaldun kopuruarekin, uler zitekeen ez zehaztea, baina orain epeak jartzeko garaia da, horiei lotuko zaielako plangintza zehatzagoa. Bestela, in aeternum luza daiteke egoera hau, eta gurea bezalako hizkuntza gutxituek dituzten mehatxuekin, oso arriskutsua da: Europan estatu hizkuntzak ere ari dira geroa arriskuan ikusten, Islandian adibidez.

Azken urteetan gehien aldatu diren kontuetako bat izan da erakunde publikoekiko harremana. Nola bizi izan duzu barrutik?

Normalizatu egin dira, eta hori ona da. Izan ere, oso harreman zail batetik gentozen, bikoizketen garaitik: euskalgintzak sortutako proiektuak sostengatu ordez, beste bat sortzen zuen Jaurlaritzak; eta Nafarroako Gobernuak bilerak ere ukatzen zizkigun. Orain, beste garai batean gaude, erlazio hobeak ditugu, baina oraindik gobernantza ereduaz hausnartu behar dugu: erabaki politikoetan gizarte eragileek pisu gehiago izan behar dute, eta hortik oso urrun gaude. Izan ere, herritarrek instituzioetan duten funtzio bakarra da lau urtean behin botoa ematea? Jendea egunero dabil gizarte eragileetan herri bat eraikitzen, eta horrek bere tokia izan behar du.

Harremanak hobetu izanak zailtzen al du erakundeei eskaera zorrotzagoak egitea?

Ez. Guk berdin jarraitzen dugu: gauzak txarto egiten direnean, hala adierazten dugu, eta hobetzeko proposamenak jartzen ditugu. Are, saiatzen gara bide batzuk errazten. Jaurlaritzari, adibidez, adostasun zabalerako aukerak eskaini dizkiogu: administrazioaren dekreturako proposamenak ELA eta LAB ditu alde, eta Hezkuntza Legerako proposamena gehiengo sindikalarekin, eskola publikoko eragileekin eta itunpekoekin egin dugu. Zer gobernuk ez du nahi hain babes zabala? Kontseilua lan handia egiten ari da edukizko adostasunak lortzeko, eta horiei erreparatu behar diete erakundeek.

Aldiz, aldatu ez den gauzetako bat da euskara oraindik ez dela ofiziala Euskal Herriaren parte handi batean. Zergatik da hain zaila hori aldatzea?

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuak galga handia jartzen du, baina esango nuke loraldi bat gertatzen ari dela, adibidez, hezkuntzan, eta Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin batera izan direla urrats batzuk herriko etxeetan. Nafarroan, berriz, kezka handia dugu: bere garaian UPNk hartutako neurri batzuk berpiztu ditu aldaketaren gobernuak; PAI ingelesezko eredua ofizial bihurtu nahi du. Egia da oraingo gobernuarekin hobekuntzak egon direla baliabideen alorrean —zerotik gentozen—. Baina euskara ez dago agendan, eta negoziazioetan euskarari lotutako gaiak jarraian jausten dira. Duela zazpi urte, aldaketaren gobernua etorri zenean, ofizialtasuna bigarren minutuan erori zen gobernu akordiotik. Orain, aritmetikarik ez dago lege berri bat martxan jartzeko, baina beste marra gorri batzuk jarri behar dira.

Euskararen argazkiari begira, erabileraren inguruko kezka lehen lerroan jarri da azken urteetan. Aldi berean, hiztunen soslaia aldatzen ari da, gero eta gehiago euskalduntzen direlako eskolan. Zer paradigma aldaketa dakar horrek?

Erabilerara ez ezik, gaitasunetara ere begira hasi behar gara; ez etsipenetik, baizik eta ikuspegi baikor batetik, neurriak hartzeko, posiblea delako. Adibidez, Bilbon, zein da arazoa? Hezkuntza sistemak sekulako lana egiten du haurrak euskalduntzen, baina hiztun asko ez daude eroso euskaraz. Batzuek hautu politiko bat egiten dute saiatzeko, baina 10 urteko ume batek ezin du halakorik egin, eta euskaraz egiteko espaziorik ez badu, hizkuntza herdoildu egiten da. Beraz, ikuspegi holistikoa izan behar da: hezkuntza formaletik kanpo ere, aisialdian eta eskolaz kanpoko jardueretan ere hartu behar dira neurriak.

Zer irakurketa egin duzue euskaltegietako matrikulazioaren jaitsieraz ?

Ez dugu azterketarik egin sektorearekin, baina baditugu susmo batzuk. Arazoa ez da goia jo dugula eta euskaldundu beharreko jende gutxiago dagoela, baizik eta heldu elebakarrek ez dutela sentitzen euskara ezagutzeko beharrik: euskaltegietara beste leku batzuetan hartutako neurrien ondorioz joango dira ikasleak. Gainera, doakotasuna hainbat tokitan baldintzatuta dago ikasturtea gainditzeari; gure ustez, asistentziak izan behar du irizpidea. Edonola ere, historikoki pentsatu izan da belaunaldi berriak euskaldunduta herria euskaldunduko zela, baina ikusi dugu ez dela hala: helduak ere euskaldundu behar dira; bestela, umeen erreferente guztiak erdaldunak izango dira. Ezagutzaren unibertsalizazioa ez da etorriko soilik hezkuntza sistematik: helduen euskalduntzeak estrategiko izan behar du behingoz hizkuntza politikan.

Euskaraldiak aktibazioaren ideia ekarri du. Ardurak indibidualizatzeko arriskua ikusten duzu?

Normalizazioaren erantzukizuna euskaldunen bizkarrean jartzea bidegabea iruditzen zait; erdaldun elebakarrentzat oso erosoa da ideia hori, baina haiek ez al dute erantzukizunik? Euskaraldiaren helburua da herritarron hizkuntza ohituretan eragitea, eta ariketa interesgarria da, baina ez herritarrei erantzukizuna eskatzeko, baizik eta laguntzeko hizkuntza hautuak aldatzen.

«Hizkuntza boterea da; hizkuntzen artean botere harremanak daude», esan duzu berriki hitzaldi batean. Azal dezakezu?

Hizkuntzak ez dira neutroak, eta hizkuntzen arteko botere harremanak hainbat arlotan ikus daitezke, baita hizkuntza hegemonikoen artean ere: Frantziak nola bizi du ingelesaren presentzia? Funtsean, elebitasun soziala ez da inon betetzen: herri batean hizkuntza asko erabil daitezke, baina gizarteak azkenean hizkuntza bakarrean funtzionatzen du. Hizkuntza gatazka terminoak ez gaitu ikaratu behar, zeren bada gatazka bat: hizkuntza komunitate batek ez dauka aukerarik bere hizkuntza garatzeko, ez du askatasunik bere hizkuntza normalizatzeko politikak abiatzeko, botere judiziala gainera datorkiolako. Eta abagune horretan, nik uste dut hizkuntza politika beti egiten dela, inplizituki edo esplizituki, baita neurririk hartzen ez denean ere; eta politika guztietan dagoela hizkuntza politika, feminismotik ikasi dugunez.

Hizkuntza gatazka horretan, zapaldu-zapaltzaile ardatza nahasten ari da, euskaldunei diskriminatzaile izatea egozten zaienean?

Bai. Batez ere, administrazioko lanpostuei lotuta garatzen ari dira diskurtso hori, eta oso interesatua eta populista da, baina ahazten ari zaie garrantzitsuena: administrazioaren funtzioa da herritarren eskubideak babestea eta bermatzea, horretarako langile gaituak behar ditu, eta gaitasunetako bat hizkuntza da. Behatokiaren urteroko txostenean argi ikusten da zer hiztuni urratzen zaion eskubidea administraziora jotzen duenean. Mingarria da elebakar batzuek beren burua diskriminatutzat jotzea inolako eskubiderik urratzen ez zaienean —funtzionario izatea ez baita eskubide bat—, eta, aldiz, admnistrazioa ez euskalduntzeak herritarren hizkuntza eskubideen urraketa betikotzea dakarrenean, baita langileenak ere, haiek bai baitute euskaraz lan egiteko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.