Bilkideen erabakiari begira

Nafarroako EH Bilduren zuzendaritzak erabaki du abstentzioarekin Txibiteren inbestidura ahalbidetzea, baina bere militanteei galdetuko die. PSNk gaur egingo du barne kontsulta
Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko parlamentarioak, joan den ekainaren 19an, Iruñean, parlamentuan.
Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko parlamentarioak, joan den ekainaren 19an, Iruñean, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2019ko uztailak 28
Nafarroako EH Bilduren zuzendaritzak finkatu du hautua: abstentzioa. Baina ez da hori, oraingoz, taldearen behin betiko erabakia, bilkideek hartuko dutelako deliberoa, egunotan, barne kontsulta batean botoa emanda. Bi aukera izango dituzte EH Bilduko militanteek, Mahai Politikoak proposatuta: abstentzioa edo ezezkoa. Abstentzioa bada bilkideen hautua, Maria Txibite PSNko burua izango da Nafarroako Gobernuko lehendakari berria, egun gutxi batzuk barru. Bestela, litekeena da berriro egitea foru hauteskundeak, beranduenez ere abuztuaren 26rako eratua egon behar baitu gobernu berriak.

EH Bilduren zuzendaritzak prentsa ohar baten bidez azaldu du hiru arrazoigatik eman beharko luketela bere parlamentarioek «beharrezko» abstentzioa inbestiduran; Nafarroako «erregimenari berriz osatzeko aukera saihestu» egin behar zaiolako; «aldaketaren» legealdian (2015-2019) egindako «urrats batzuk» ez liratekeelako «galduko, edo ez guztiz, behintzat»; eta legealdi berrian EH Bilduk «gobernua baldintzatzeko» modua lukeelako.

Sanferminen aurretik gobernu akordioa adostu zuten PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta, herenegun, gobernu mota, lehendakariordetzak eta departamentuak banatuta —Ezkerrak ez du ardurarik hartuko, bere borondatez—, baina ez dute gehiengo osorik parlamentuan: 50 ordezkarietatik 23 dituzte. Ondorioz, EH Bilduren edo Navarra Sumaren laguntza beharko dute. Navarra Suma ez da hor sartuko. EH Bilduren zuzendaritza prest dago, abstentzioa emanda, baina bete beharreko kontsulta bat egingo du Nafarroako militanteen artean. «Galdera argia eta zehatza izango da, oraintxe dauden bi aukerak garbi utziz: abstentzioa edo ezezkoa», adierazi du, prentsa oharrean. Esan du bere hautua EH Bilduren Hego Euskal Herriko Mahai Politikoak berretsi egin duela. Datozen egunetan jakinaraziko ditu kontsultako galderaren testua eta eguna, eta azaldu du han parte hartu ahal izateko izena aurrez eman beharko dela, eta, halaber, bere hainbat egoitza prestatuko dituela boto presentziala ahalbidetzeko. Militanteak kontsultan parte hartzera animatu ditu.

Itunean, «zehaztasun gutxi»

Joan den maiatzaren 26an foru hauteskundeak egin zirenetik hona herrialdeko eta eskualdeetako batzarrak egin ditu EH Bilduk, posizioa finkatzeko. «Agertoki guztiak aztertu ondoren, bakoitzak dituen arriskuekin, gure proiektua aurrera eramateko eskaintzen dituen aukerekin, jartzen dizkigun oztopoekin eta bakoitzean gure jarduera garatzeko izango genukeen gaitasun eta baldintzekin, Mahai Politikoak proposatzen du PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k aurkeztuko duten koalizio gobernuari inbestidura saioan bidea ematea, beharko lirateken abstentzioen bidez», dio haren oharrak.

Uste du gobernu programan «orokorkeria gehiegi eta zehaztasun gutxi» daudela. «Atal batzuetan atzera egiten du nabarmen, baina orokorrean anbiguotasuna da nagusi», eta eragiteko bidea ikusten du, sikiera aurreko legealdian Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako gobernu programaren ardatzak irauli ez daitezen. Martxan jarriko litzatekeen gobernuak politikak aitzinatzeko EH Bilduren botoen «beharra» izango lukeela dio talde subiranistak, «ez soilik inbestidura saioan, baizik eta legealdian zehar. Horrek eragin ahalmen eta joko handia eskainiko lioke EH Bilduri». Zazpi parlamentario dauzka.

Gainera, nabarmendu duenez, oposizioan «gobernuarekiko konpromisorik gabe eta eskuak libre» izanik, «aukera» emango dio bere soslaiarekin aritzeko, «eta ezkerreko alternatiba gisa erreferentzia indartzeko».

PSNkoen erabakia, gaur

PSNk ere galdetuko die bere afiliatuei akordioari buruz: gaur. Goizeko hamarrak eta arratsaldeko seiak artean eman ahal izango dute botoa, egoitzetan, eta gauean jakingo da emaitza. Baiezkoa aterako den «inongo zalantzarik» ez zuen erakutsi Txibitek ostiralean, eta, erabakia halakoa balitz, gaur bertan deituko dio Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteari, inbestidurara aurkeztuko dela iragartzeko. Ondoren hasiko luke Hualdek taldeekin bilera sorta, Txibitez gain beste lehendakarigairik baden galdetzeko, eta bilkura horiek bukatu eta gutxienez hiru egunera deitu ahal izango du inbestidura saioa; PSNk ostegunean izatea nahi du Txibite Nafarroako gobernuburu hautatzeko saioa.

Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako parlamentarioak, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, gogor kritikatu du PSNren jokabidea, eta azaldu du «harremanak hautsita» dituztela harekin. Esparzaren arabera, «Bilduk Txibite presidente egiten badu, ez da oposizioan egongo eta boskote bat osatuko da, baina Bildu ez da gobernuan egongo, eta jokaldi horretan irabazten duena EAJ da, Nafarroan indartsuago izango delako».

Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak Twitterren idatzi duenez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko gobernuburuak «traizio egin die nafarrei, eraikuntza abertzaleari lotutako gobernu bat entregatu baitio Bilduri».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna