Euskal presoak. Mobilizazioak

Olatu bat konponbidearen itsasertzera

Sarek deituta, 600 lagunez osatutako mosaiko bat eratu dute Donostian. Espetxe politika aldatzeko eskatu dute

Sare Herritarrak atzo Donostiako Kontxa hondartzan eginiko mosaikoa. SARE.
jon olano
Donostia
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Konponbidea. Resolution. Euskal presoentzako irtenbide bat ekarriko duen beste espetxe politika bat gauzatzeko, ingelesezko hitz hori irudikatu zuten atzo 600 herritarrek Donostian, Kontxa hondartzan, Sare Herritarra plataformak deituta. Aterki girorik egon ez arren, guardasola zuriak zabalduta koloreztatu zuten mosaikoa, 17:30 inguru zirela. Handiagoa behar zuen herritarren olatuak, ozenagoa eskaerak, baina COVID-19aren izurriaren aurrean «arduraz» jokatu nahi izan zuela esan zuen Sarek, milaka pertsonak osatu beharreko irudi hori dimentsio txikiago batera murriztuta.

Ohiko eskakizunei eutsi zien atzo Sarek, Bego Atxa bozeramaileak azaldu zuenez: adineko presoak eta gaixotasun larri edo sendaezinak dituztenak berehala askatzeko, urruntze politika amaitzeko eta «etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresioari» bide emateko. Datu batean laburbildu zuen Atxak presoen eta horien senideen egoeraren gordina: Andaluzian (Espainia) edo Galizian dauden presoen gertukoek 40 kilometro egin behar dituzte bisitan igaro dezaketen minutu bakoitzeko.

Atxaren hitzetan, «sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat» da presoen eskubideekiko errespetua, eta, plataformaren arabera, Espainiako Estatua ez da arlo horretan neurria ematen ari. Ildo horretan, euskal instituzioei eta eragileei eskatu zien mantentzeko «aktibo Euskal Herrian lortutako akordio zabalak» eta «ateratzeko agendatik desadostasunak», espetxe politikaren auzia «konfrontazio eremutik» ateratzeko eta «akordioen agendara» eramateko.

Espainiako eta Frantziako gobernuei ere egin zizkieten eskariak, ordea. Atxak aitortu zuen «hainbat urrats txiki» egin direla azken asteetan zenbait preso lekualdatuta, baina Sarek ez du uste horrek esan nahi duenik egoera «normaltzen» ari dela: «Urruntze politika amaitzea euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen da, eta ez, oraindik ere, 300 kilometrora dauden espetxeetara lekualda- tzean». Hortaz, «ausardiaz» jokatzea galdegin zion Atxak Pedro Sanchezen gobernuari, «legedia arruntean oinarritutako espetxe politika ezartzeko». Gainera, bi data gordetzeko eskatu zien Sarek herritarrei, modu batera edo bestera, mobilizazioak egiteko asmoa baitute: azaroaren 21a eta urtarrilaren 9a.

Babes zabala

Nahi baino jende gutxiago batu arren, babes zabala izan zuen egitasmoak. Izan ere, ekitaldia babestu zuten EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta bertan izan ziren ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuetako kideak ere —CCOOrik ez zen izan, baina Sareren mobilizazioak babestu ohi ditu—.

Irune Berasaluze EAJko legebiltzarkideak «espetxe politikaren paradigma» aldatzeko eskatu zuen, iritzita presoen birgizarteratzeak «erraztuko» duela horiek hurbiltzea eta «iraganarekiko irakurketa kritikoa» egitea. Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak, berriz, uste du «elkarren artean bultza» egin beharra dagoela «presoen eskubideak bermatu» daitezen; gainera, dei egin du neurri horiek «premiaz eta azkar» hartzera, «bizikidetzan aurrera egiteko garrantzitsua delako». Ekitaldiarekin «erabat ados» agertu zen Maite Garcia Ahal Dugu-ko kidea, uste baitu egungo espetxe politika ez dela «batere justua ez presoentzat ezta haien senide eta lagunentzat ere». Garciaren arabera, alderdiek, sindikatuek eta gizarte mugimenduek «bide bat» egin behar dute elkarrekin, eta hori babesteko hartu zuten parte atzo.

Sindikatuen artean, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak esan zuen Madrilen «ezezkoak ondorioak» izan behar dituela: «Ezin dugu normaltasun osoz jarraitu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, berriz, Asier Aginako hil berri den preso ohia izan zuen gogoan, eta salatu espetxe politika ez dagoela pentsatua presoak «birgizarteratzeko, kolektiboa suntsitzeko» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.