21. Korrika. Laudio-Barakaldo

Pizteko 'klika'

Bizkaira sartu da Korrika, eta uholdean bildu zaio jendetza. Gazteen presentzia handia izan da; besteak beste, Topa Gaitezen taldeak jaso du lekukoa. Bilbon da gaur Korrika

Haiek eraman zuten lekukoa Plentzian, arratsalde amaieran. Bilbora iritsiko da gaur Korrika. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Leioa
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Pizteko, martxan jartzeko, ekiteko keinua da Klika, Korrikaren leloa. Zazpigarren eguna, dei hori Bizkaira iritsi zen atzo. Herri handiak igaro zituen Korrikak —Basauri, Galdakao, Leioa eta Getxo, adibidez—, eta uholdea sortu zen ibilbidean. Goizean eskola umeek izan zuten leku handia; arratsaldean heldu eta gazte gehiago bildu ziren. Hain zuzen, Topa Gaitezen gazte euskaltzaleen mugimenduak lekukoa hartu zuen Plentzian. Orain bi urte pasatxo sortu zuten, eta Bizkaian ari da indarra hartzen. Gazte mugimenduan euskara ardatz gisara txertatzea du helburu. Klika eragitea.

Gazteen presentzia oso nabarmena da Korrikan egunez egun eta gauez gau. Tropelaren euskarri nagusietakoa dira. Baina presentziatik haragokoa da helburua: benetako aldaketak lortzea, klika egitea. Besteak beste, hizkuntza ohituretan eragin nahi du aurtengo Korrikak, erdaraz aritzeko inertzian, Euskaraldiak zabaldutako bidean. Eta zer egina badagoela agerian jarri du Korrikak berak, erdararako inertzia ageri baita lasterketan bertan ere.

Gazteen erabilera, erabilerarik eza, kezka iturri da maiz. Egoera aintzat hartu behar da, hala ere: gehienek eskolan jaso dute euskara, gaitasun mugatua dute, eta inguru erdalduna. Testuinguru osoa kontuan izan behar dela dio Topa Gaitezen dinamikako kide Mikel Aiartzaguenak: «Euskarak ez ditu betetzen hizkuntza batek behar dituen funtzioak era naturalean eta duinean erabiltzeko». Arlo publikoan hizkuntza eskubideak urratzen direla gogorarazi du —hezkuntzan, esaterako—, eta eguneroko ogia dela beste eremu batzuetan ere. Adibidez: «Bilbon ezin duzu kafea euskaraz eskatu talka linguistiko bat sortu gabe».

Hain justu, Korrikaren aldarriarekin bat, aktibatzeko deia zabaldu du Topa Gaitezen-ek, uste baitu orain arteko hizkuntza politikek «asimilazioa» ekarri dutela, «eta euskararen aldeko borroka guztiz folklorizatzea». Areago, gazte mugimenduan euskarak daukan lekuarekin ere badute kezka. «Badago gazte mugimendu bat oso politikoa, nahi duena beste balio batzuen bidez garatu, eta euskara ez duena hartzen borrokarako tresna gisa. Badirudi borroka sozialerako antagonikoa izan litekeela». Horri buelta ematea da mugimenduaren helburua.

Indarra hartzen

Ez dute euskara talde bat sortu. 2016ko Gazteraiki topaketetan landu zuten euskararen gaia, eta haren fruitua da Topa Gaitezen. «Mugimendu bat gara: helburua da bakoitzak bere herriko gazte asanbladatik edo euskara taldetik bideratzea dinamika horiek», azaldu du Gorka Contreras kideak. «Gazte euskaltzaleen mugimendua ari da indarra hartzen».

Bidean jarraituko dute gazteek gaur ere. Bizkaian da Korrika. Gauean sartu da Ezkerraldera, Bizkaia zubitik. Goiza Enkarterrian igaroko du, eta Bilbo izango du jomuga nagusia: Zorrotzatik sartuko da, eta 14:30ean izango da Zazpikaleetan. Mungiatik barrena, Bermeo aldera joko du gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.