Eusko Legebiltzarrak presoen aldeko akordioak berritzeko eskatu du Sarek

Atzo bukatu zuten Izan Bidea dinamikaren harira egin duten hirugarren bizikleta itzulia

Frederic Haranburu Xistor-en aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Senperen. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Senpere
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdi politikoei biltzeko deia eginen die euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak, Joseba Azkarraga eledunak jakinarazi duenez. Aurreko legegintzaldian lortutako akordioak berritzea nahi du Sarek, «espetxe politika humanoago baten alde, euskal presoek jasaten dituzten eskubideen urraketei amaiera emateko».

Euskal presoek eta haien senideek bizi duten «salbuespeneko egoera» bukatu behar dela aldarrikatu du Azkarragak: «Benetako bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatzen ditu». Halaber, «presoek etxera itzultzeko bidea hartu» behar dutela erran du. Hori lortzeko «guztion arteko elkarlana» beharrezkoa dela nabarmendu du: gizarte zibila, alderdi politikoak, erakundeak etasindikatuak aipatu ditu, besteak beste. «Gero eta gehiago gara kaleetan espetxe politika sakon aldatzea eskatzen dugunak, guztiak etxera itzultzea posible izan dadin».

Atzo bukatu zuten Izan Bidea dinamikaren harira Sarek antolatu duen hirugarren bizikleta martxa. Dozenaka herritarrek egin zuten Basauri (Bizkaia) eta Bilbo arteko bidea, euskal presoak askatzearen aldeko oihuen artean. Egitasmo horrekin, aldarrikatu dute urruntze politika amaitu behar dela, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbidetu behar dela, eta gaixotasun larriak dituzten presoek etxean behar dutela. Sarek jakinarazi duenez, Izan Bidea egitasmoa abian jarri dutenetik, «konponbidearen eta bakearen aldeko» 200.000 kilometro baino gehiago egin direla zenbatu dute, horretarako sortu duten aplikazioaren bidez.

«30 urte, aski da!»

Elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Senperen (Lapurdi), Frederic Haranburu Xistor-en askapena eskatzeko. Euskal preso hori baldintzapean aske uzteko eskaeraren alde egin zuen herenegun Frantziako Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina berehala dei egin zuen terrorismoaren aurkako fiskaltzak, eta Lannemezango (Okzitania) presondegian segitu beharko du oraingoz. Atzo, dozenaka herritar batu ziren Senperen 30 urte aski da! lelopean; errepideak oztopatu zituzten lastozko fardoekin, eta eskuorriak banatu dizkiete ibilgailuetako gidariei, euskal preso horren askapena eskatzeko.

Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak gogor salatu zuen fiskaltzaren jarrera: «Argi gelditzen da nor den bake prozesuaren etsaia». Erabakiaren gibelean «borondate politiko bat» dagoela erran zuen: «Fiskaltzak argiki adierazten diguna da hauek heriotzaraino preso atxiki nahi dituztela». Bake Bideko eledunaren ustez, lanean segitu behar da «etsipenean erori gabe», eta euskal presoen etxeratzea bideratzeko «gogoarekin eta determinazioarekin» jarraitzera deitu du. «Badugu gaitasuna mobilizatzeko, ez gara etxean gelditzen, eta hori da gure indarra». Irailaren 19rako mobilizazio egun bat antolatuko dutela erran du, eta parte hartzera deitu du.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ere parte hartu zuen protestan, eta gogor salatu zuen terrorismoaren aurkako fiskaltzaren jarrera; Frantzia «giza eskubideen herria» dela nabarmendu du. «Ipar Euskal Herriko lehendakari gisa, Dei Auzitegiko magistratuei eskatzen diet kontuan hartzeko zein den Euskal Herriko egoera egun, eta, azkenean, onartu dezatela Xistor Haranburuk baldintzapean aske geratzeko egin eskaera, eta, sinpleki, berrets dezatela lehen instantziako epaileek hartutako erabakia».

Heldu den agorrilaren 31n, Euskal Elkargoko biltzarra eginen dute Baionan, elkargoko batzordeak osatu eta lehendakariordeak izendatzeko. Biltzarkideei euskal presoak babesteko mozio bat izenpetzea proposatuko diela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.